Hemen zaude: Hasiera Artikuluak "Management"ak martiri bihurtu ditu langileak

"Management"ak martiri bihurtu ditu langileak

2018/11/15
Paradoxa harrigarria soldatapekoarena. Lan kontratua, pagotxa modernoa, emantzipaziorako aurrebaldintza litzateke: ez da esaten bizirauteko baliabideak bermatzen dituela? Askorentzat, beraz, bizitzeak lanean fitxatzea esan nahi du. Haatik, enpresa munduan sartzea, sarritan, eragikortasunaren obsesioari lotutako betebeharren menpe makurtzea da. Hau da: bizitzarako oztopo bat.

Alain DeneaultAlain Deneault, « Gouvernance » Le management totalitaire liburuaren egilea (artikulua azaroko Le Monde diplomatique-n argitaratu da gaztelaniaz)

Gertakariak oharkabean irakurriz gero ereduzko kasu hau bakana dela uste genezake. Joan den udan erabaki zen France Télécomek eta Didier Lombard bere presidente-zuzendari nagusi ohiak, baita Louis-Pierre Wenés eta Olivier Barberot bere ondokoek ere, 2019an lan jazarpenagatik deklaratu behar dutela. Kontuak eman behar dituzte joan den hamarraldi bukaeran gertatu ziren dozenaka langileren suizidioei buruz.

Lombardek France Télécomeko zuzendaritzaren aurrean esandakoak laburbiltzen du jokabidea: "Nola edo hala alde egitea lortuko dut, izan leihotik edo atetik”

Garai hartan France Télécomen egoera aldatu egin zen. 2004tik aurrera kapitalaren %50etik gora inbertsio pribatuetatik zetorren, eta telekomunikazio sektore guztia lehiarako irekita zegoen. Enpresaren kudeaketa orduan hasi zen “gobernantza” modukoa izaten, batik bat bere langileei “ardura” leporatuz.

Menpekoak enpresaren “bazkide” ziren, enplegatu baino areago, eta erakusten ikasi behar zuten beren arduradunen aurrean -zeintzuk beren lantaldea hautatzen zuten- zenbat balio zuten. Helburu irrealak lortzera behartuta zeuden; salmenta metodo umiliagarriak garatu; trebakuntza ikastaro gehigarrietan parte hartzeko ahaleginak egin; elkarren artean lehiatu organigrama berrietan kokatu ahal izateko, edota gaitasun berriak garatu; hori guztia, kaleratzea saihesteko. Gainera, hauxe zen maniobraren helburuetako bat: 20.000tik gora langile etsiaraztea enpresatik alde egin zezaten, formalki kaleratu ordez. Lombardek France Télécomeko zuzendaritzaren aurrean esandakoak laburbiltzen du jokabidea: "Nola edo hala alde egitea lortuko dut, izan leihotik edo atetik”.

Noraez administratibo honen menpe, banakoek azkenean sinesten dute dena euren esku dagoela eta, horrenbestez, errua beren buruari egoztea beste aukerarik ez dutela, porrot eginez gero

Baita lortu ere. François Chevallier harrituta agertzen da "La Société du mépris de soi" ("Norbere buruaren mespretxuzko jendartea") liburuan zenbateraino zen eraginkorra beren eginkizunean langileak gainbegiratzeko inor ez egotea. Noraez administratibo honen menpe, banakoek azkenean sinesten dute dena euren esku dagoela eta, horrenbestez, errua beren buruari egoztea beste aukerarik ez dutela, porrot eginez gero. "Tratu txarra pairatu duten subjektuek, edo beren burua halakotzat hartzen dutenek, suntsitzeraino makurrarazten dituzten haien aurka ez dira matxinatzen; aitzitik, itxuraz arrazoia ematen diete, azkar asko bilakatzen baitira beren exekutoreek zeharka eragin nahi zuten hori, hots, zaborra”.

France Télécomeko metodoen antzekoak enpresa handietan baliatzen dira gaur ere. Frantzia horietara areago molda zedin, 2018ko abuztuan Air France-KLMk presidente-zuzendari nagusi izendatu zuen Benjamin Smith kanadiarra, bere langileekin gupidagabea izan ohi den administratzailea. Estatuak, sozietatearen %14,3 izanik, erabakia pozik hartu zuen, izan ere, presidentearen alderdiak (La République en Marche) bete-betean bere egin baitu managementaren hiztegia: ez du alferrik bere burua “enpresa politiko” izendatu.

"Hauek kaleratu eta beren ordez beste batzuk kontratatuko dituzu. Halabeharrez, lana ondo eginez gero, jende hobea hartuko duzu”: horrela laburbil daiteke kontsigna patronala

Giza-baliabideen frankotiratzaile” batek, bi kazetari talderi azaldu zien, besteak beste, “ranking behartua”ren metodoa zertan datzan. Bere lana zen efikazia aldetik okerrenak ziren bere langileen portzentaje jakin bat sistematikoki kalerantz bultzatzea, alde egin zezaten."Hauek kaleratu eta beren ordez beste batzuk kontratatuko dituzu. Halabeharrez, lana ondo eginez gero, jende hobea hartuko duzu”: horrela laburbil daiteke kontsigna patronala. Baina baita honela ere: "Erregularki jendeari joanarazi egin behar zaio", "bigarren aukerarik ez eman", "norbait ona ez denean, bere bizitza guztian izango da txarra"...

Kaleratzeko arrazoiak oso traketsak edo nabarmen asmatuak izan ohi dira: urtean zehar sariak irabazi izana ala ez, aspaldiko hutsegite bat, artxiboan aurkitu eta kontestutik ateratakoa, edota euren artean loturarik gabeko gertakariak. Hau nahikoa ez bada mehatxuak hasten dira: "Ez du merezi borrokatzea, enpresa zu baino indartsuagoa izango baita". Beste exekutibo ohi batek, bere burua “jauntxo manipulatzaile eta toxiko” gisa definitzearekin batera, kontatzen du “suspertzea” hitza, enpresen kasuan, “kaleratzea esan nahi duen kodea”, besterik ez dela. Protesi terminologiko hauek neohizkuntza batetik datoz, zeinak ezkutuan langileak izutu eta zuzendaritzakoak sentimendurik gabe uzten dituen.

France Télécomeko suizidio boladaren kasua nabarmendu zen beste batzuk baino espektakularragoa eta dramatikoagoa izan zelako; baina zer gertatzen da antzeko beste hainbeste praktikaren poderioz su eztitan suntsitzen ari diren bizitzekin?

Puntako managementa eta bere adar politikoa, “gobernantza”, aspaldian Frederick Winslow Taylorrek biribildu zituen lana zatikatzeko tekniketatik haratago doaz. Oraingoek subjektua zatikatzen dute. Ulermenetik at geratzen zaizkion agindu kognitibo, moral eta psikologiko sail batek zatikatua, puskatua eta birrindua, antolakunde batek asmatutako lan-bulkadak menpean hartzea onartu behar du. Managementarekin lotutako barbarismoen garaian, “integrazio funtzionaleko irtenbideen arkitekturak”, edota “prozesuen jabetza”k ez du hainbeste gizataldeen kudeaketa esan nahi, baizik areago haien digestioa (to process).

Zehazki, esan nahi du langilearen kontzientzia txikitzea, hartara organo, gaitasun, funtzio eta errendimendu multzo huts bilakatzeko. Ideologiak “enplegu-eskatzaileei” lehenik galdegiteak “motibazio gutunak” idatz ditzaten, “lan merkatuan” beren burua “saltzeko aukera” ematearren, haien integritateari eragiten dio. Behin kontratazio prozesu batean sartu direnean hainbat proba egin behar dute, baina hauen zentzua eta irismena ez dituzte ezagutzen. Elkarrizketa kolektiboetan bildurik, hautagaien gorputz-lengoaia analizatzen duten espezialistekin, profil psikologikoa erabaki edota subkontzientearen adierazpenak antzematen dituzte.

Halako egoeretan hautagaiek ez dakite zer antzematen dieten, ezta zergatik ere. Ez die axola kontzientziara edo arrazoira iristea: jarrerak aztertzen dituzte, euren bizkarretik. Eskatuko zaien egoerarekin zerikusirik ez duten gaien inguruko simulazioetan murgiltzen dituzte. Jean-Robert Vialleten "La Mise á mort du travail" (Lanaren exekuzioa) dokumental sailaren atal batean hautagaiei eskatzen zaie antzez dezatela eztabaida bat, taldea oporretan zein hiritara joango den erabakitzeko. Egoera hau aurrerago ulertzen da, oilategiko sasi-liskarra behatzen duten nagusien bilera ikustean: metodo honekin erdipurdiko jendea hautatu nahi da, aginduei protestarik gabe men egingo dieten ardi otzanak, eta areago, eskalafoian gora egiteko beren lankideak salatzeko prest egongo direnak. Inori ez zaio azalpenik emango kontratatu -edo baztertu- izanaren inguruan.

Behin langileak kontratatu dituztenean, ez da harritzekoa lanaren frontera bidaltzea apenas prestakuntzarik eman gabe. Eurek topatu behar dituzte errealizatzeko metodoak. Eskatzen zaiena ez da sormena, ekinbidea edota ardura -diskurtso ofizialak hori saltzen badu ere-, baizik zehatz-mehatz asmatzea erregimenak eurengandik zer espero duen. Erregimenak ez du aginduen ardura bere gain hartzen. Hau langilerik onenei ulerrarazteko ebaluazio eta autokritika saio umiliagarriak egiten dira.

Langile hauek “bazkide” eta “asoziatu” bihurtu nahi dituztenez, ez enplegatu, zeinetaz arduratu beharra dagoen, batzutan laneko arropa eta tresna batzuk ordaindu beharko dituzte. Liberalismoak aurkezten ditu banako autonomoak balira bezala, enpresarekin merkataritza-harremana dutenak; horrela enpresa, harremanen moldaketa mental honetan, kontratatzaile huts bihurtzen da.

Egoerak sekula ikusi gabeko eragin psikikoak dakartza berarekin. Ez da espero soilik langileek eremu profesionalean beren bulkadak erreprimitzea, agindu inplizitua -edo esplizitua- obedituz: “Isil zaitez; ni naiz ordaintzen duena”. Lan hau, kexuak, arrangurak, objekzioak eta frustrazioak kolkoan gordetzean datzana, ez da nahikoa management modernoan. Orain langileak beren lanean era positiboan busti behar dira. Agintarientzat ez da aski langileak onartzea parametro hertsatzaileetan itxi dezaten: grinaz bereganatu behar ditu, eta haiek benetan desio-objektu bihurtu. Hara Domino's Pizza enpresan emandako prestakuntza saio eredugarria, zeina "Attention danger travail" dokumentalean jaso zen: managementarekin lotutako neologismo eta anglizismoz josita zegoen, eta horiei esker xantaia afektiboa bete-betean eragiten da. Ordainsari txarra duten enplegatuek gogo guztiz desio behar dute “pizzaren txapeldunak” izatea, izan ere, inor txapeldun denean “ondo sentitzen baita”.

Hor agertzen da frankiziaren jabea, proletario hauek kausaren alde “akabatu arte” lan egin dezaten; halaber, indar berezia jartzen du esatean enpresa honen ordezkariak erabat trukagarriak izan behar direla metodo eta itxura aldetik, edonon direla ere (Austin, Paris edo Bielefelden). Marie-Claude Elie-Marin egileak, "La Dictature du bonheur" ("Zorionaren diktadura") liburuan aipatu zuen ezen Lululemon arropa enpresa kanadiarreko enplegatu batek bere lankidea hil zuela, enpresan jaso zituen prestakuntza ikastaroetan eta new age tankerako diskurtsoekin erotuta.

Honez gero ez dakigu zertan ari garen: Farmakologoak zoratzen ari dira gaixo imajinario aberatsentzako botikak asmatzeko; saltzaileek lortzen dute burua erdi galduta duten adineko emakumeek behar ez dituzten altzariak epeka erostea; freelance itzultzaileak beren egongelan inoiz osorik irakurri izan ez dituzten testuen pasarteak itzultzen dituzte; denda bateko exekutiboek lan jazarpen bidez kutxako emakumeei lanetik alde egiteko gogoa sartu behar diete, zuzendaritzak gehiegi direla iritzita; ingeniariek aparatu batek izango duen matxura programatzen saiatzen dira, berri bat erostera derrigortzeko. Jarduera profesionala bitarteko informatiko bidez zaintzea, ospitaletara nahiz kafetegi txikietara hedatzen ari dena, operazio bakoitza atomizatzen du, analizatzeko moduko aldagai bilakatuz. Honek eragindako jendea bera ezustean harrapatzen du; entzun bestela SNCFko zuzendari baten kontakizun zirraragarria, Jacques Cotta eta Pascal Martinen "Dans le secret du burn-out" ("Burn-out-aren sekretuetan") dokumentalean. Gizon hau sozietate estatalak zuzendaritzarako hartu zuen, hots, uste zuen bere gaitasunak ongizate orokorraren zerbitzura jartzeko gauza zela. Baina batik bat eskatu zioten baliabideak konprimatzea, zerbitzuak bategitea eta etekinak lortzea, arlo pribatuan bezalaxe; horrela bihurtu zen, berak nahi ez zuela, enpresako “gaiztoa”. Managementaren poetek kontzeptu bat asmatu dute enplegatuek murgilduta dauden egoera absurduei aurre egiteko duten gaitasuna izendatzeko: "anbiguotasunaren aurrean tolerante izatea".

Luc Boltanski soziologoak exekutiboei buruz 70etako hamarraldian egin zituen lehen lanetatik hasi eta goian aipatutako dokumentaletaraino, David Graeber idazlearen Burocracy liburuan barna, ulertzen da agindu argirik ez egoteak edota arau absurdu eta kontraesankorrak ezartzeak ugazabei aukera ematen diela exijitzen dutena beren gain ez hartzeko. Graeberrek jatetxe handi baten kasua aipatzen du: Ugazabak, gau pattal batean zer gertatu den ez dakien arren, topatzen duen lehenengoari kargu hartzen dio, lantaldearen burua nahiz kontratatu berria den norbait; ondoren, bere bulegora itzultzen da. Hutsegitearen arrazoia menpekoek euren artean erabakiko dute, xake jokalariek partida ondoren egiten duten bezala. Agintzen dutenek hoberenen errendimendua isolatu eta beste guztientzako eredu bilakatu beste aukerarik ez dute, denek “etekin” egokia eman dezaten.

Arlo profesionala eta lan zuzenbidea sekulako salbuespena dira subirania politikoaren ordenari dagokionez. Hemen eskubide konstituzional gehienak lausotu egiten dira, eta eremu berri bati ematen diote bide: lanaren eta merkataritzaren zuzenbideari. Menpekotasun eta men ez egitearen kontzeptuak medio, adierazpen askatasuna oso mugatuta dago, eta elkartzeko eskubidea, berriz, sindikalizazioaren inguruko legeetara lotua. Benetako ekinbidea debekatuta dago, eta xantaia egiteko boterea ia absolutua da. Botere politikoa eta informazio eskubidea unibertso itxi honetatik kanpo daude ia ia.

France Télécomeko suizidio boladaren kasua nabarmendu zen beste batzuk baino espektakularragoa eta dramatikoagoa izan zelako; horri esker erakunde judizialak, zeinaren kontzeptuak gai honekiko lausoak diren, egitateak kalifikatu ahal izan zituen (partzialki). Baina zer gertatzen da antzeko beste hainbeste praktikaren poderioz su eztitan suntsitzen ari diren bizitzekin?