Hemen zaude: Hasiera Artikuluak "Management"aren imajinarioa: likidotasunaren diskurtsoa gizarte ekonomikoan

"Management"aren imajinarioa: likidotasunaren diskurtsoa gizarte ekonomikoan

2018/11/22
"Beraz, ekoizpen malgua behar da, eta malgutasun hori erabatekoa izan dadin, ezinbestekoa da lotura eta segurtasun instituzionalak desarautzea, lehia areagotzeko. Langileen desmotibazio, absentismo, txandakatze eta erresistentzia gero eta handiagoa zenez, laurogeietako hamarraldiko aldaketaren managementak goitik beherako eraldaketa proposatu zuen, horretarako sustatuz antolakundeko pertsona guztien parte hartze sozioteknikoa (ez politikoa) eta deuseztatuz leialtasun zahar kolektibo (sindikal) zein estatalak."

Carlos J. FernandezLuis E. Alonso eta Carlos J. Férnandez, Universidad Autónoma de Madrid (artikulu hau Política y Sociedad, 2006, Vol. 43 Núm. 2-en argitaratu zen artikulu baten ondorioak dira)

Managementaren imajinarioa zeharo eraldatu da, oro har errentagarritasun tasa krisian zegoen egoerei erantzunez. Ekintzaileen kapitalismoak arazoak sortu zituenean merkatuak hornitu ez zitzakeelako, serie-produkzioko sistemak sortu ziren: lanaren kualifikazioa apaldu, zaindu eta behatu, eta lanak teknikoki diseinatu ziren. Lan harremanen eremuan kooperazioa bilatzen da lanaren antolakuntzako baldintza berriak legitimatze aldera. Kontrol eta hitzarmen horiek beste erakunde sozial batzutara hedatu dira: hala sortu zen itun sozial keynesiarra, korporazio handia edota teknokrazia; masa-kontsumoaren araua garatu ahala badirudi jendarte kapitalistak automatismo sozialerantz doazela: dena kalkulatuta dago, programatuta (Naville, 1985). Imajinarioa hierarkiaz, kontrol-tresnez, eginkizun, plano eta eskemen arteko hesiz beteta dago. 70etako hamarraldirarte, hazkunde ekonomikoaren tasak oso handiak izan ziren: sistema hartan oparotasuna kudeatzen zen, teknikoki. Gero, lanaren errentagarritasuna murrizten zenean, besteak beste langileek antolakuntza burokratiko formalaren ereduetan zuten indarra medio, beste management era batzuk jorratzen hasi ziren; hauen xedea batez ere zen enpresaren egitura berria informalagoa eta barreiatuagoa bilakatzea.

Hitz hauek atzean ezkutatzen dutena da kudeaketa-eredu guztiz desarautua naturalizatzeko asmoa, non segurtasun blindaturako eskubidea eurek bakarrik dutela uste duten horiek baitira beste guztiei segurtasun eza eta prekaritatea ezartzen dietenak

Antolakunde taylorista eta fordistaren eredua porrot egiten hasi zenean, produktibitatea zeharo jaitsi zelarik, sistema berriz ere berrantolatu zuten. Serie-produkzioko protokoloak zurrunegiak ziren merkatu zatikatuak asetzeko eta haien dinamismo global berria islatzeko. Beraz, ekoizpen malgua behar da, eta malgutasun hori erabatekoa izan dadin, ezinbestekoa da lotura eta segurtasun instituzionalak desarautzea, lehia areagotzeko. Langileen desmotibazio, absentismo, txandakatze eta erresistentzia gero eta handiagoa zenez, laurogeietako hamarraldiko aldaketaren managementak goitik beherako eraldaketa proposatu zuen, horretarako sustatuz antolakundeko pertsona guztien parte hartze sozioteknikoa (ez politikoa) eta deuseztatuz leialtasun zahar kolektibo (sindikal) zein estatalak. Honekin bat, enpresetatik kanpoko eremuetan lan merkatua liberalizatu eta “balkanizatu” egin zen: lan harremanen markoa zatikatu, malguagotu eta tenporalizatu egin zen, mundu mailako lehiak ezarritako beharrizan nominalen arabera. Hori guztia, eragin handia izan duen, azken diskurtso-aldaketan islatu da: aipagai dira postmodernitatea, arriskuaren gizartea, ekintzaileak eta modernitate likidoa. Orduan, bere imajinarioan sareak, liderrak, langile errebeldeak, zehaztu gabeko lanak, intuizioak, metanoia, etab. jasotzen dira. Managementaren literaturak duen imajinarioa txertatzen da sozialki antolatu gabe dagoen kapitalismo baten garapenean, eta erabat lerrokatuta dago merkatuko epe laburreko errentagarritasun handiena lortzeko ildoekin. Horrenbestez, korporazioa eta lanaren antolakuntza bilakatu ahala, imajinario gerentzialean ere aldaketa handia gertatu da. Garai bateko zurruntasun burokratikoaren paradigma utzi eta sistema lauso eta “askatzaile” batera pasa da, esanahi partekatuetan oinarritutako management berrira: sare-jendartearen exekutibo berriaren kultura eta balioak. Horrek guztiak, halaber, kontrol prozesuan bilakaera eragin du: lehenago gainbegiratze moduak oso nabarmenak ziren, metodo panoptiko edota teknikoetan oinarrituak; orain, berriz, diskretuagoak dira, eta balorazio zein ikuspuntu emozionaletik ontzat ematen dira zalantzan jar ezin daitezkeen premisak (Smircich, 1983: 237). Genero gisa, horrela, Managementak jarraitzen du zuzendari eta langileak prozesu produktiboan nola edo hala inplikarazteko ahalegin etengabean; baina orain indibidualizazioaren eta galgarik gabeko merkatuaren izenean, badirudi, honez gero, ez direla behar akordio formal, instituzional eta planifikatuak, eta esku ikusezin elektroniko berria dela oreka orokorra lortzeko arduradun bakarra. Arlo soziala existitzen ez dela dioen utopia teknologikoa diskurtso oso bat ari da eraikitzen, eta horren ondorioak urte gutxiren buruan ebaluatu ahal izango ditugu.

Managementaren literaturak duen imajinarioa txertatzen da sozialki antolatu gabe dagoen kapitalismo baten garapenean, eta erabat lerrokatuta dago merkatuko epe laburreko errentagarritasun handiena lortzeko ildoekin

Managementaren imajinarioak jaso dituen topiko guztiak, laurogeietako hamarraldian hasi eta laurogeita hamarrekoan kristalizatu direnak, zentzu bat izan dute, likidotasun orokorra goraipatzea. Dagoeneko, negoziazioa desagertutzat jotzen da, subjektu sozialak urtu egin omen direlako harreman sozialen likidotze (desintegrazio) horretan, arrazionaltasun legal baten izenean; balio indibidualizatzaileak hartzen dira ahotan itun berri gisa erabateko kalitate enpresarialaren ospakizunean. Halaber, likuefakzio honek zentralitate sinbolikoa langiletik kontsumitzailera pasatzen du, eta gogorarazten digu bezero gisa baditugula eskubideak, baina hornitzaile -produktore- garen aldetik, berriz, eginbeharrak, eta katebegi guztiak, partenaire eta aliatuak, kausa berean bat eginda daudela. Hots, enpresaren imajinarioak konplexutasunaren eskakizunei ere erantzun die, eta perspektibak eraldatu ditu, ikusmolde estruktural eta organizazionalak kontingentzia goreneko inguruan gertatzen diren fluxu eta zirkulazioen ikuskapena. Partenariatua da fordismo osteko enpresaren kontzeptu nagusia: metafora guztiak erabili direnean, kirol unibertsoko hau hautatzen da —babesleak eta kausa filantropikoak— gestioaren irudia arrazionaltasun ekonomikoaren unibertso bakarretik bereizteko ahaleginetan. Kiroletako iruditeria ez da kasualitatez hautatzen: kirola da unibertso bakan horietakoa non biltzen diren betidanik kontrajarrita izan diren aukerak, “berdintasuna” eta “lehiaketa”. Honek betiere merkataritzaren ideal meritokratikoa indartzen du -denek daukate saiatzeko aukera, baina hoberenak irabazten du- (eta enpresa berrian eta sare-jendartean, irabazleak dena bereganatzen du). Horrela ekartzen da gogora berdintasunaren, emulazioaren eta elkarte baitako leialtasunaren ideia, eta barne-aurkari historikoak aliatu potentzial bilakatzen dira. Semantika atsegin honek humanizatu egiten du eta noblezia desinteresatuaren ideaiarekin ere sendotu nahi da (babes artistikoa, kausa duen merkaturatzea, fundazio humanitarioak, etab.). Neohizkuntza honetan —Orwellek 1984 nobelan erabili zuena bezalakoa—, bere konnotazio eufemistiko eta liluragarriekin, gauza bakarra ezin da azaleratu (ezta pentsatu ere): gatazka soziala, eta betiko eta ebidenteagoa den soldata-harremana, zeina, bide batez, prekarizatuta eta zeharo ahulduta dagoen.

Semantika eufemistiko hau zuzentzen zaie, noski, enpresako aktore guztiei, batik bat sindikatuei. Hauek, ahulduta eta ideologikoki estigmatizatuta, sare-enpresaren diskurtsoan leku duin bakarra aurkitzen dute, partenaire sozialari dagokiona, produktibitate igoeraren eta etengabeko plantilla doikuntzaren solaskide bilakatuta. Partenariatuaren erabilerak berak klase-sindikatu generalistak lurperatu egiten ditu, egin daitezkeen negoziazio bakarrak enpresaren xedearen marko onartukoak baitira, eta aipatzen den erreformismoa, sparring partnerarena. Laurogeietako hamarkadan sortutako hainbat esperientzia -etekinetan parte hartzea, kalitate zirkuluak eta barne-komunikazioa- egin ziren langileei zuzenean entzuteko eta era berean ahots sindikalaren esklusibotasuna indargabetzeko. Laurogeita hamarrekoan, berriz, dagoeneko sindikatuei beren ordezkaritza ebatsi beharrik ez dago (arlo publikoaren lubakian eta sektore tradizional batzutan gotortuta zeuden), izan ere, enpresa-abertzaletasun moduko bat bihurtu baita diskurtso politiko hegemonikoa. Horregatik, kontsumitzailearen eskubideak lehenetsi egiten zaizkie langileen eskubideei. Negoziazio kolektiboa zatikatu egin da —enpresa bakoitzak bere erara negoziatzen du kostu ekonomikoaren eta kostu sozialaren arteko oreka—, eta langabeziaren mehatxuak zein lehiakortasunaren exijentziak erabat indibidualizatu dituzte laneko aukerak. Managementaren hizkuntza berria ez dagokie soilik sindikatuei, langile guztiei baizik. Hizkuntza gordinaren ordez eufemismoa baliatuz, “menpekoak” “kolaboratzaile” bihurtzen dira, eta enpresaren balio osoa aurrerantzean jarriko da “jakintzaren langileen” baitan, kognitariatuaren baitan. Jakintzaren langilea aurkezten dute kolega, lankide gisa, ez buru (edo menpeko) gisa, eta termino hauek gauza bakarra adierazten dute: analista eta manipulatzaile sinboliko berrien botere aldaketa fordismo osteko enpresa-egituran. Kontua da komunikazio-eredu eraginkorra eraikitzea, esaten duena egi bihurtuko duena: kapitalismo teknologiko eta kognitiboaren botere berria, pentsamolde bakar gisa aurkeztua. Hitz hauek atzean ezkutatzen dutena da kudeaketa-eredu guztiz desarautua naturalizatzeko asmoa, non segurtasun blindaturako eskubidea eurek bakarrik dutela uste duten horiek baitira beste guztiei segurtasun eza eta prekaritatea ezartzen dietenak.