Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Lurrikaren erdian, “gu” berri bat?

Lurrikaren erdian, “gu” berri bat?

2018/09/18
Zapaltzen dugun lurra irauli nahi badugu, gure erremintak lur horren izaera eta baldintzetara egokituak egon behar dute halabeharrez. Azken hamarkadan, gure oinen azpiko lurrari astindu ederrak eman dizkioten hiru lurrikara behintzat bizi izan ditugu, bizitzen ari gara.

Mundu mailan zibilizazio krisiaz hitz egiten da. Kolapso ezberdinen mehatxuen itzala gero eta zabalduago dago, ez soilik sektore militanteetan, baita jendartean oro har ere. Kolapso energetikoa, kolapso klimatikoa, zaintzena. Munduan egoteko maneran, mundu ikuskeran eragina du guzti horrek.

Mendebalde mailan, Ongizate-Estatu deitutako kapitalismoaren unetxoarenak egin du. Estatuaren edo administrazioen funtzio sozialak gero eta bazterrerago geratzen ari dira, kapitalaren joan-etorria bermatuko duen arlo errepresibora gero eta murriztuago. Baztertuen eta kanporatuen kopuruak gora egin du eta egiten jarraituko du, berdin prekarioen kopuruak eta prekarizazio mailak. Mugimendu horiek guztiek, eragina izaten ari dira herritarron diskurtsoetan, baloreetan, hautu politikoetan...

Euskal Herrian, 60. hamarkadan piztutako herri borroken ziklo politiko historikoa itxi da. Herrigintzari oro har modu zuzenean eragiten dion itxiera, agertoki eta paradigma berrietan kokatzen baikaitu. Borroka armatuaren eta biolentzia politikoaren erabileraren desagerpena aldaketa horren elementu zentraletako bat da, baina inondik ere bakarra.

Lurrikara txiki eta handi horien guztien aurrean, “gu” berriak behar al ditugu? Ze zumitzez ehunduak? Nola, norekin, nondik? Ze praktika eta baloreen inguruan?

Kontu horiek guztiak eta beste asko partekatu nahi ditugu goxoa, kritiko eta autokritikoa nahi dugun espazio batean. Eztabaidarako eta hausnarketarako konplizea baina bizia. Ostiralean, arratsaldeko 7etatik aurrera. Saioa Iraultza Txikien Akanpadaren barnean garatuko da Zubietan (Gipuzkoa), irailaren 21-23 tartean gozatuko dugun herri ekimena. Egitarau osoa atxikitzen dizugu, gonbidatuak zaudete.

Animatu!

ITA egitaraua