Lotesleak ez diren akordio eskasak

2015/07/09
joseba kanpokoa.png
ELAn ezinbestekoa ikusten dugu antolatzeko gaitasuna hobetzea indar korrelazioan irabazteko. Oinarrizkoa iruditzen zaitu langileon arteko elkartasuna eta borrokarako ahalmena hobetzea. Eraso globala eta multilaterala jasaten ari gara eta geuk bakarrik egin dezakegu geure alde. Lan zentruetan ez dagoen sindikatua ez da sindikatu. Egoerari buelta emateko bide bakarra hauxe da. Ez dago bidezidorrik.

Landeia 206; Ioseba Villarreal, Hitzarmen Kolektiboaren arduraduna

Oraingoan ere zaharrak berri; Madriletik gauza onik ez, alegia. Negoziazio kolektiboari dagokionez ere albiste txarrak Madriletik. Bi edo hiru urtetik behin egin ohi duten bezala, CCOO, UGT, CEPYME eta CEOEk estatu mailako negoziazio akordioa sinatu berri dute berriki. Azkena 2012ko lan erreforma baino hamabost egun lehenago sinatu zuten. Hura ere txarra, eskaxa, langileontzat atzerapauso itzelak suposatu dizkigunak. Sinatu zutenak garai horretan zioten Rajoyk lan erreforma egin ez zezan sinatu zutela, eta Rajoyk hala ere lan erreforma onartu zuen.

Akordioa langileentzat txarra dela bistan da. Patronalak kosta ala kosta ekarri nahi du hona. Garamendik ere, CEPYMEko presidenteak, soldata igoerari dagokionez garbi esan zuen “minus infinitotik % 1 arte” izan daitekela akordio honen arabera. Balorazio gehiago behar al dira? Hau gutxi balitz CCOOk eta UGTk patronalaren diskurtso osoa bereganatzen dute: soldata aldagarriak, produktibitateari lotuta, malgutasuna lanaldian, kontratu partzialak bultzatu, kontratuetako froga epeak luzatu...

Eta guzti hau zergatik? Zertarako? Akordioa sinatzen duten bi parteek zilegitasuna eman nahi diote elkarri, akordioak sekulako eragina izango balu bezala aurkezten dute eta. Herri honetako langile eta enpresen etorkizunarentzat ezinbestekoa den akordioa balitz bezala azaltzen dute, kanpaina mediatiko itzela medio. Gomendioak besterik jasotzen ez dituen akordio bat da, elementu lotesle bakar bat ere ez duen akordioa. Beraz, beste behin argazkia edukia baina garrantzitsuagoa.

Ba... sentitzen dugu; sentitzen dugu beste behin ere hainbeste eragilen nahiak zapuztu izana, baina hau ez da gure estiloa, ez horixe!

Sindikalismo arduratsua? Hala ere norbaitek akordio honetatik zerbait ateratzekotan hori patronala da, bere diskurtsoa eta karga ideologiko osoa lau haizetara hedatzen baitu. Patronalaren interesekoa dela dokumentuaren letra, esaldi eta paragrafo bakoitzean nabaria da. Inoiz inork ez du horrenbeste atera horren gutxiren truke. Pozik da patronala eta pozik dira gobernuak, hemengoak eta hangoak, beste behin ere sindikalismo arduratsuaren inbidiaz.

Ba... sentitzen dugu; sentitzen dugu beste behin ere hainbeste eragilen nahiak zapuztu izana, baina hau ez da gure estiloa, ez horixe. Honek ez garamatza inora. CCOOk eta UGTk patronalak mahai gehiagotan jokatzen duela badakite. Karta asko ditu patronalak, hau ez baita berdinen arteko negoziazioa. Konfrontaziorik gabe ez dago orekarik.

Badakigu ez direla garai onak borrokarako, nahiz eta inoiz baino arrazoi gehiago izan. Azken urteetan lan gatazkarik gutxien dagoen garaian bizi gara. Langile jendea beldur da, beldurra sortarazi egiten da eta oraingoan jendeak erruz barneratu du. Erasoak alde guztietatik datozkigu eta langile jendea asko sufritzen ari da. Jendeak langabeziari beldur dio, prekaritateari, soldata jeitsierei, kaleratzeei, Enplegu Erregulazio-Espedientean egoteari; azken finean, bera baino okerrago dagoen edozein bezala egoteari. Pobre nahi gaituzte. Egunetik egunera Euskal Herrian, munduan bezalaxe, langile gehiago dago pobrezian murgilduta.

ELAn ezinbestekoa ikusten dugu antolatzeko gaitasuna hobetzea indar korrelazioan irabazteko. Oinarrizkoa iruditzen zaigu langileon arteko elkartasuna eta borrokarako ahalmena hobetzea. Eraso globala eta multilaterala jasaten ari gara eta geuk bakarrik egin dezakegu geure alde. Lan zentruetan ez dagoen sindikatua ez da sindikatu. Egoerari buelta emateko bide bakarra hauxe da. Ez dago bide zidorrik.