Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Limako Gailurreko alde ona

Limako Gailurreko alde ona

2015/01/22
2015Ean, Parisko COP21era bidean, aldarrikapen hauek egiteaz gain, klima aldaketari aurre egiteko dagoeneko baditugun alternatibak ezagutarazten eta zabaltzen jarraituko dugu. Bide honetan zita garrantzitsua izango da Euskal Herriko Eskubide Sozialaren Karta bultzatzen dugun eragile sindikal eta sozialek urriaren 24rako Bilbon antolatu dugun Alternatiben Herrixka. Alternatibak badaudelako. Sistema alda dezagun, ez klima.

25. Ingurumen Buletina.

Aurtengo Klima Aldaketaren aurkako Nazio Batuen gailurra bukatu da Liman, COP20 gailurra. Beste urteetan bezala, ELAk bere balorazioa egin du. Eta zoritxarrez, aurrekoen antzekoa da. Urteak pasatzen dira baina ezer ez da aurreratzen. Limako COP 20an ondorengo “adostasunetara” iritsi dira:

- Herrialde bakoitzak 2015ean zehar adierazi beharko ditu zein konpromiso hartzeko dagoen prest 2015ean Parisen sinatu beharreko akordio loteslean.

- Klima aldaketaren eraginei aurre egiteko adaptazio neurriak klima aldaketa geldiarazteko mitigazio neurrien pare jarri dituzte, lehen ematen zitzaien garrantzia handituz.

- Kiotoko Protokoloaren bigarren epealdia 21 herrialdek bakarrik onartu dute, akordio hau indarrean sartzeko beste 144 herrialdek ratifikatu beharko lukete.

Ezer zehatzik ez ezta ezer berririk ere, eta are okerrago, harridurarik ez aurrera egiten ez dela ikustean. Bagenekien horrelako zerbait izango zela emaitza, horregatik galdu genuen aspaldi esperantza gobernuen arteko negoziazio prozesu hauetan. ELAn argi dugu zerbait aldatuko bada gizartearen bultzadagatik aldatuko dela, eragile sozialek, mugimenduek, eta beraien arteko aliantzek. Horregatik goibilera ofizialaren jarraipena egin beharrean gailur alternatiboa edo “Herrien Gailurra” deiturikoa da gure erreferentzia, hau da benetako goibilera. Benetan errepresentatzen gaituen Herrien Gailurrean honako aldarrikapenak egin dira:

- Gobernuek herrien lurralde, eskubide, bizimodu, kultura eta ohiturak errespetatzea.

- 2015ean sinatu beharreko akordio lotesleari buruzko eztabaida irekitzea. Akordio honek bere baitan hartu beharko ditu industrializatuak ez diren herrialdeek airera isurtzen ez dituzten emisioak eta energia fosil iturririk ez esplotatzea, eta ordainetan jaso behar duten konpentsazio ekonomikoa energia eredua aldatzeko izatea.

- Nazioarteko finantza transakzioei zerga jarri eta fondo hau justizia soziala bermatuko duen eredu inklusibo baterantzako trantsiziorako erabiltzea.

- Herrialde garatuenek planetaren suntsiketan duten ardura historikoa onartzea eta Hegoaldearekin duten zor historiko eta ekologikoa erreparatzea.

- Lan duina izatea den giza eskubidea errespetatzea, eskubide indibidual eta kolektiboekin. Gizarte segurantza eta babes sozialerako sistemetara sarbidea unibertsala izatea. Askatasun sindikala. Eta gure lanarekin sortutako aberastasuna modu ekitatibo eta justuan banatzea.

- Nekazaritza familiar eta ekologikoa, eta herrien elikadura burujabetza bultzatuko duten politika publikoak egitea.

- Soluzio faltsuak bertan behera uztea (garapen garbirako mekanismoak, REDD programa, agrokonbustibleak, frackinga, geoingeniaritza, transgenikoak, nuklearrak,...)

- Merkataritza librerako tratatuak baztertzea, hauen bitartez ura, hezkuntza, osasuna eta etxebizitza bezalako oinarrizko zerbitzuak pribatizatzen dituzte.

- Lan erreproduktiboa bizitzaren mantenurako oinarrizkoa dela onartzea.

- Baliabideen erabilera eraginkorra, kontsumo arduratsua eta hondakinen gestio iraunkorra egitea.

- Ura eta saneamendua berdintasunez eta osasun baldintza egokietan bermatzea, horretarako bide bakarra enpresa publikoak izanik.

ELAk Herrien Gailurreko aldarrikapenak bere egiten ditu. 2015Ean, Parisko COP21era bidean, aldarrikapen hauek egiteaz gain, klima aldaketari aurre egiteko dagoeneko baditugun alternatibak ezagutarazten eta zabaltzen jarraituko dugu. Bide honetan zita garrantzitsua izango da Euskal Herriko Eskubide Sozialaren Karta bultzatzen dugun eragile sindikal eta sozialek urriaren 24rako Bilbon antolatu dugun Alternatiben Herrixka. Alternatibak badaudelako. Sistema alda dezagun, ez klima.