Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Lesbiana izatea, aukera politikoa ere bada?

Lesbiana izatea, aukera politikoa ere bada?

2018/06/25
Ekainaren 28an LGTBIQ+ eta Sexu Askapenerako Nazioarteko eguna ospatuko dugu Donostian eta Andrea Momoitio kazetaria gurekin izango da. Pikara Magazine aldizkari digitalaren koordinatzailea da eta ikerlan feministetan eta generoari buruzkoetan aditua. Bere hitzetan, lesbiana izatea “iraultzailea eta gogorra” da oraindik ere, eta gizarteak lesbiana jakin batzuk baino ez ditu onartzen: maitasun erromantikoa-ezkontza-amatasuna trinomioa betetzen dutenak; hau da, “lege oneko lesbiana zintzoak”.

 

Elkarrizketa hau ALDA aldizkarian argitaratu da.

Zer da lesbiana izatea? Sexu-aukera bat, aukera politiko bat edo berezko sentimendu bat?

Ebatzi gabeko gaia da hori aktibismo lesbikoan, eztabaida eternoa. Niri dagokidanean, nik ez nuen aukeratu erabaki kontziente baten bidez lesbiana izatea; aitzitik, besterik gabe konturatu nintzen emakumeenganako sexu-erakarpena sentitzen nuela. Hortik aurrera joan nintzen jabetzen zeinen zaila izango zen dena. Erantzun bila iritsi nintzen mugimendu feministara. Feminismoaren eskutik ohartu nintzen heterosexualitatearen egitura politikoa patriarkatua bera bezain errotua dagoela.

Nik argi daukat heterosexualitatea erregimen politiko bat dela, gainetik ezarritako eredu kultural bat; horregatik da hain zaila arau horretatik ateratzea. Eta, lesbiana izanik, horregatik egin behar diegu aurre hainbeste arazori eta hainbeste indarkeriari: parez pare patriarkatuaren zutabeetako bat, munduan gaur egun indarrean den eredua dugulako.

Neska batek zer-nolako errealitate soziala aurkituko du gaur egun Euskal Herrian, jabetzen denean emakumeak dituela gustuko?

Lesbiana izatea ekintza iraultzailea da, inolako zalantzarik gabe. Baina, batez ere, lesbiana izatea zaila da, zaila eta gogorra oraindik ere: lesbofobia indarrean dago, eskolek ez dute laguntzen, adiskideak bat-batean desager daitezke, oso litekeena da familietan shock bat eragitea… Arbuioa eta gaitzespena laster agertu ohi dira.

Eta, batez ere, neskek erreferentzia positiboak falta dituzte, ikaragarri, batik bat adin jakin batzuetan, ezinbestekoa denean ispilu bat izatea nork bere burua islatuta ikusteko, nor garen jakiteko.

Lesbiana direla argi adierazi duten emakumeek zeri egin behar diote aurre gaur egun lan munduan?

Ez dut behar beste datu. Nago lan-ingurune gehienetan ez dela gai horri buruz hitz egiten.  Zantzu batzuk baditugu: sektore publikoan ageriko emakume lesbiana gehiago dago pribatuan baino; eta beren negozioak martxan jarri dituzten lesbiana autonomo asko dago.  Ez dut uste kasualitatea denik.

Emakume lesbianen arazoa aztergai denean, beti ateratzen da ikusgaitasun ezaren gaia. Zer dago horren atzean?

Oro har, esparru guztietan emakumeak ikusezinak dira, ikaragarria da hori, baina gainera, emakumeen sexualitatearen gaia ez da inoiz aipatzen, ez da horretaz hitz egiten. Alde horretatik, lesbianen ikusezintasunak zerikusi handia du emakumeen sexualitatearen ukoarekin.

Gehiago ezkutatzen al da lesbianismoa gizonezkoen homosexualitatea baino?

Bai, mundua gizonena delako, nahiz eta oso maritxuak izan. Erreferentzien gaia aipatu behar dugu berriro ere: erreferentzia lesbiko gutxi dago, eta lesbianen luma erabat ikusezin bihurtuta dago.

Gainera, gayek jakin dute lekua hartzen eta kapitalismoaren gurpilera igotzen. Lesbianek lotura handiagoa izan dute mugimendu feministarekin LGTB mugimenduarekin baino. Neurri batean, eremu horietan guztietan eskakizun lesbikoak bigarren maila batean geratu direlako ere gertatu da hori.

Ikusgaitasuna eta lesbofobia eskutik al doaz?

Ez dago zalantzarik. Batzuetan ezkutatu egiten duzu egiazko harremana, egoera deserosoak saihesteko. Hori kasurik onenean. Era guztietako beldurrengatik.

Erreferentzia gutxi, zenion. Eta gehienak, negatiboak.

Paradigma gisa hor dugu Dolores Vázquezen kasua. Rocío Wanninkhofen hilketa leporatu zioten, eta epaiketan behin eta berriro azpimarratu zuten lesbiana zela. Gero jakin zen hiltzailea ez zela bera izan. Beatriz Jimenok liburu bat idatzi zuen kasu haren harira: La construcción de la lesbiana perversa (Lesbiana gaiztoaren eraikuntza).

Hala ere, gaur egungo telebistako serie entzutetsu guztietan agertzen da lesbianaren bat…

Erreferenteetan aldaketa handiak izan dira, baina komunikabideetan gaur egun ateratzen direnak emakume bikainetan bikainenak dira, inolako lumarik ez dutenak eta lesbiana izatearekin inolako atxikimendu politikorik ez dutenak. Jakina, lesbiana izateko modu asko daude, baina gaur egun gizartean onargarria itxuraz hori da: ezkontzaren, amatasunaren… uztai horretatik pasatzea.

Alde horretatik, oso adierazgarria izan zen duela urte batzuk David Cameron lehen ministro britainiarrak esandakoa: hain kontserbadorea izanik nolatan zegoen gayen ezkontzaren alde galdetu zioten, eta berak erantzun zuen hain zuzen horregatik zela, oso kontserbadorea zelako…

Horri esan izan zaio homosexualitate berria…

Behar bezalako gay eta lesbianak onartzen dira, ezarritako egokitasun-patroiak betetzen dituztenak.

Mutil gayen bikote bat, haurdunaldi subrogatuaren bidez haurtxo bat izan, hipoteka ordaindu eta bizitza zoragarria duena, horiek ondo!!!. Giroko edozein lokaletako gela ilunetan maiz ibiltzen direnak… horiek gaizki!!!

LGTB mugimenduaren borrokak berak ekarri du hori, neurri batean. Borroka horrek txertatzea izan du helburu nagusi, ez esparrua auzitan jartzea.

Sistemak bere lerroetan barneratu ditu arauak onartzen dituzten homosexual berri horiek, eta arauak hauek dira: diskrezioa, monogamia, maitasun erromantikoa, ezkontza eta, batez ere lesbianen kasuan, amatasuna. Hori da komunikabideek lesbianismoari buruz ematen duten irudia: inolako eraginik gabeko sexu-aukera bat, bikote eta familia izateko beste modu bat. Lesbianok badugu lekua sisteman, bai, orain bai… Areago, errentagarri izaten ere has gaitezke… baina beti ere parametro jakin batzuen barnean.

Lesbianak, bai, baina behar bezalakoak…, kritikatu izan duzu noizbait.

Gaur egun “bollera-luma”-ren ukoa izugarria eta krudela da (gayen adierazpenen kasuan juxtu kontrakoa gertatzen da), oso familia tradizionalaren antolaketa gailentzen da (maitasuna-ezkontza-amatasuna trinomio lesbikoa), armairutik ateratzeko prozesuetan ez dago, itxuraz, inolako arazorik eta egunez egun lesbianok zanpatzen gaituen lesbofobia horren ordezkaririk ez dago. Gizarteak onartzen dituen lesbianak ez dira lesbianak: emazteak eta amak dira. Hala, maitasuna, ezkontza eta amatasuna onarpenerako erritual bihurtzen dira gizartean gora egin ahal izateko.

Heteropatriarkatua edo heteropatriarkatu neoliberala? Feminismoak klase-ikuspegia barneratu al du?

Nik baietz uste dut. Oso argi dugu jasaten ditugun indarkeria guztiak oso errentagarriak direla; gainerakoan, honez gero jada aurre egin ahal izango genien.

Uste zen genero-indarkeria harreman heterosexualetako kontua zela, baina lesbianen arteko indarkeria kasu gero eta gehiagoren berri ari gara jakiten. Nola azaltzen da hori?

Pertsonen arteko harremanak bortxazkoak eta toxikoak dira kasu askotan. Uste dut garrantzitsua dela gai honi buruz hitz egitea, ez ezkutatzea, eta erakundeek baliabideak bideratu behar dituztela indarkeria-modu horiei aurre egiteko, baina, nire iritziz, hori ez da genero-indarkeria.

Nola konpondu dezakegu egoera hori?

Iraultza kulturala behar dugu. Ez dut kritikatuko udal batek, edozeinek, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko prestakuntzara dirua bideratzea, baina uste dut erabilgarriagoa litzatekeela diru hori beste zerbaitetan inbertitzea: emakume musikariak ekartzen, emakumeek eginiko zinema sustatzen, emakumeek eginiko artea bultzatzen…

Beste erreferente batzuk behar ditugu. Iraultzak kulturala izan behar du: kulturatik sexualitatea bizitzeko beste modu bat sustatzen ez den heinean, uste dut ez atzera ez aurrera jarraituko dugula. 

Ekainaren 28an Harrotasunaren Eguna izango da. Zer esanahi dauka data horrek?

Egun horretan komunikabideek gure eskakizunen gain jartzen dute fokua, eta egokiera ona izaten da horiek ikusarazteko. Hala ere, nire iritziz, Harrotasunaren Eguna gaur-gaurkoz karroza eta ortzadar-banderen ikuskizun mediatikoa da, eta gero eta despolitizatuago dago. 

Lesbiana eta feminista zara. Bi mugimenduen arteko erlazioak ez dira beti idilikoak. Zer eskatzen diezu mugimendu feministari eta gizonezkoen kolektibo homosexualei?

Mugimendu feministari, beti eskatzen zaiona: inplika dadila eskakizun lesbikoetan, emakume lesbianak emakume heterosexualen eskakizunetan inplikatu garen modu berean. Datu oso esanguratsua da Espainiako estatuan gorroto-delitu gehienak delitu homofoboak, transfoboak eta lesbofoboak izatea, nahiz eta, itxuraz, hemen ez den ezer gertatu. Besteak beste, feministak lanpetuegi daudelako abortatzeko eskubidearen aldeko borrokan (emakume asko kanpoan uzten gaituen borrokan) eta gay mugimendua erabat nagusitu delako bere normaltasun-eskakizunekin.

Eta LGTB mugimenduan, gayei eskatuko nieke pauso bat atzera eman dezatela eta dagokigun lekua utzi diezagutela.

 

 

LGTBIQ+ eguna