Hemen zaude: Hasiera Artikuluak LEGAL-ILEGAL

LEGAL-ILEGAL

2014/02/17
Argi hitz egin du Espainiako gobernuburuak Kataluniako instituzioek iragarritako erreferendum soberanistaz: ezinezkoa da eta ez da egingo. Zergatik? Legearen aurkakoa delako. Dena demokraziaren izenean, demokrazia katedra jarri baitute, artxila-murtxila!, demokrata bihurtutako frankistek.

K.Olate, UK aldizkaria

Demokraziaren muina –“la esencia”– legearen errespetuan datza, azaldu du Rajoy; eta legearentzat Espainia denez demokraziaren neurria, alferrikakoak dira borondate demokratikoa ontzi txikiagotan jasotzeko ahaleginak: horra hogeita hamaika eskutik.

Eskubide ororen iturburu omen den Konstituzioak demokraziarekin zerikusi gutxi duten arrazoi faktualek definitutako nazioari baino ez dio onartzen erabakitzeko eskubidea; esparru geografiko eta instituzional horretan harrapatutako herrien eta herritarren borondateak ez du deusik balio; Savater gizon jakintsuak azaldu bezala, “nazioa dagoelako dago Konstituzioa, eta alderantziz”: Juan Palomok ez luke hobeto esplikatuko.

"Helburua lortu ahal izateko ibili beharreko malkarrak nekez gaindituko dituzte instituzioek ez badute atzean herritar engaiatu andanaren bultzada, sostengua eta exijentzia"

Muturreko positibismo juridiko honek auzia legal-ilegal kategorietara darama: legala dena egingarria litzateke, ilegala –hots, Estatuak ilegal izendatzen duena–, egin ezina. Esan gabe doa Madril bere gogara moldatzen dela legal-ilegal sistema bitar honetan, Kataluniako Estatuta eta Gasteizko Legebiltzarrak onartutako Estatutu berria erraustu zituenean erakutsi zuen moduan.

Badakigu, baina, bizitzaren jarioak gainez egiten diola legal-ilegal eskemari; hori erakutsi du, beste behin, erabakitzeko eskubidearen alde Katalunian abiatutako ekimenak, zeinak herritarrak erakartzea eta erakunde katalanak mugiaraztea lortu duen. Hori erakusten ari da, halaber, “gure esku dago” deitura esanguratsuarekin, gurean, herriz herri, hedatzen hasi den ekimenak.

Xaloa iruditu dakioke askori Estatuaren nagusikeriari ezina ekinez egiten dela erantzuten diotenen ausardia; beste askori, aldiz, beharrezko bezain bizigarria iruditzen zaigu herritarren borondateari jarritako giltzarrapoak zarta arazteko herritarren esku-hartzea sustatzen duen ekimena: hitzaren, konbentzimenduaren, elkarganatzearen bidez.

Ez dut gutxiesten erakundeen egitekoa; aitzitik, lidergo instituzional indartsu eta buruargia ezinbestekoa iruditzen zait burujabetzarako bidean. Baina helburua lortu ahal izateko ibili beharreko malkarrak nekez gaindituko dituzte instituzioek ez badute atzean herritar engaiatu andanaren bultzada, sostengua eta exijentzia. Horiek gabe joko instituzionalak huts egiten du, Ibarretxe zaldun bakartiaren ahalegin duin bezain hutsalak erakutsi zigun moduan.

Herritarren indarrak baino ezin du apurtu legal-ilegal binomio itogarria.