Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Langileria: bakarra, zuria eta gizona?

Langileria: bakarra, zuria eta gizona?

2015/04/28
Orain dela 90 urteko ezkerreko propagandak langileriaz hitz egiten zuen, singularrean; gizon zuria zen, eta industria sektorekoa. Baina langileriaren zati handi bat kanpoan geratzen zen: etxeko andreak (enplegurik ez, baina egun osoko lan jardunaldia dutenak), migranteak, zerbitzuetako langileak, emakumeak, nazio zapalduetako herritarrak…

Endika Alabort, Ekonomista eta Aholkularia, Berrian argitaratua.

endikaalabort1980ko hamarkadako krisiaren ostean eredu hori eztabaidan jarri zen. Posmodernismoaren teoriko askok langileria desagertu zela zioten, klase ertainak hedatu baitziren. Industriaren gainbeherak zerbitzu sektoreari lekua utzi zion Mendebaldean, eta urdinez jantzitako gizonak mapa ekonomikotik desagertu ziren. Onartua dago langileriaren profil klasikoa gaindituta dagoela, beste errealitate asko kanpo uzten zituelako, eta, batez ere, errealitate soziala ez delako monolitikoa. Baina, aldi berean, neoliberalismoak klase gatazka ezkutatzen du indibidualismoaren atzean; guztiok klase ertainekoak garela diogunean, gure errealitate sozioekonomikoa alde batera utziz, kultura neoliberalak irakasten diguna errepikatzen dugu.

Kapitalismoaren hasieran, langileria prekarioa zen; gizonak, emakumeak, migranteak... guztiak ziren proletariotzaren parte. Klase borrokaren dinamikak eta sistema ekonomiko kapitalistak Fordismoaren eredu sozioekonomikoa ekarri zuten; horrekin batera langilearen estandar bat ere bai. Kapitalismoak eskaria behar zuen, eta horretarako beharrezkoak ziren kontratu mugagabeak, soldata hazkundeak, industriako langileak... Baina sistema kapitalistak lehen behar zuena gaur egun ez du behar. Kapitalaren eta sistema ekonomikoaren kontrol handia dutenek 1970eko hamarkadan alde batera utzi zuten Keynes, eredu fordistari lotutakoa, eta politika neoliberalekin ordezkatu zuten, beren irabaziak handitzeko. Erabaki ekonomikoak finantzen esku geratuz joan ziren, Mendebaldean industria alde batera utziz. Helburu hori lortzeko, langile klasearen instituzioei eraso behar zieten. Margaret Thatcher da horren adibide argiena: sindikatuen eta langileen boterea erabat murrizten saiatu zen, lan baldintzak okertuz, publikoa dena murriztuz edo salduz.

Lan merkatua zatikatzea izan da erabili den beste bide bat. Beti egon izan da, baina neoliberalismoak sakondu du, prekaritatea hedatuta eta interes kontrajarriak ezarrita langileen artean: aldi baterako lan enpresetako langileak, finkoen aurka; bertokoak, migranteen aurka; gazteak, zaharren aurka; kualifikatuak, ikasketa teknikorik ez dutenen aurka... Langileria desagertu dela diote, hasieran langileriaren osaketa plurala zela ahaztuta.

Prekariatu hitza modan jarri da, gaur egun langileriaren erreferente indartsu eta homogeneoa den kolektiboa aurkitzen ez delako. Soldata txikiagoak, lan egonkorrik eza eta lana galtzeko arrisku iraunkorra dira gaur egungo lan baldintzen ezaugarri nagusienak, eta edozein langile dinamika horretan eror daiteke. Testuinguru horretan, normala da klase sozialak ukatzen dituzten langileak agertzea, baina horrek ez du esan nahi langile klasea ez dela existitzen.

Zaila da langile klasea norantz joango den iragartzea; harreman sozialak, eta klase borroka horren ondorioa da, zeozer bizia direlako. Hori bai, langileriaren parte diren kolektiboak kontzeptuan barneratu behar ditugu, baita lan kontzeptua birpentsatu ere, enplegua baino gehiago baita, ekonomia erreproduktiboa barneratuz. Klase sozialaren analisia egiteko ikuspuntua aldatu, zuria, gizona eta bertakoa den langilea ez delako klasearen adierazgarria. Azken finean, langile klasea gero eta handiagoa da munduan. Beste gauza bat da guk neurtzeko erabili dugun tresna egokiena ote den.