Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Langileei bideratutako BPGaren zatia gutxitzen dabil

Langileei bideratutako BPGaren zatia gutxitzen dabil

2016/11/22
Urtero sortzen den aberastasun monetario ofiziala, edo barne produktu gordina (BPG), atal ezberdinez osatzen da eta hainbat eratara egin daiteke banaketa. Horietako batek hiru zati nagusitan sailkatzen du aberastasuna: langileen errentetara bideratzen dena, kapital soberakina eta zeharkako zergak ken subentzioak.

Egoeraren Azterketa 132Artikulu hau Egoeraren Azterketa 132-an argitaratu da

Aberastasunaren banaketaren bilakaera aztertzea ezinbestekoa da egungo ekonomia kapitalistan gertatzen dena ulertu ahal izateko, nortzuk irabazi eta nortzuk galtzen duten ikuskatzeko hain zuzen. Hurrengo grafikoan erakusten da hau, zehazki soldatapeko langileen errentak ordaintzera bideratzen den BPGaren zatiaren eboluzioa. EAEko datuak Eustatekoak dira eta Nafarroakoak eta Estatu espainiarrekoak INEkoak.

Aberastasunaren banaketa

Grafikoak adierazten du EAEn soldatapeko langileen errentak ordaintzeko 2010ean BPGaren %49,2 erabili zela, 2015ean %46,7 bideratu zelarik. Horrela, 992,8 milioi euro gutxiago bideratu dira errenta hauetara epealdi horretan, BPG osotasunean 1.620,9 milioi eurotan hazi den bitartean.

Nafarroan, bestalde, beherakada are handiagoa izan da: 2010ean BPGaren %50,1 bideratu baitzen langileen errentetara eta 2014an (azken datua), aldiz, %47,3. Gutxitzea, lurralde honetan, 809,9 milioi eurokoa izan da 2010-2014 epealdian, epe berean BPG orotara 11,2 milioi eurotan murriztu delarik.

Estatu espainiarrean murrizketa BPGaren %50,2 bideratzetik 2010ean, %47,6 bideratzera izan da 2015ean. Epealdi horretan BPG osoa 5.274 milioi eurotan hazi da, baina langileen errentetara bideraturiko aberastasuna 29.914 milioi eurotan murriztu da.

Azken urteotan pairatzen ari garen eraso neoliberalak, besteak beste, langile klasearen aberastasun zatia murriztu egin du, 2010etik 2015era langileen aberastasuna %5 gutxiago izanik. Horren beste aldean, kapitalisten esku dagoen aberastasuna gero eta handiagoa da eta gero eta kontzentratuago dago esku gutxi batzuen menpe.

Aberastasunaren banaketa