Langile-klasearentzako ekonomia sozial eraldatzailea

2018/07/09
OscarGarcia_txiki.JPG
Burujabetzaren galera kontzeptuen gaineko kontrola, hitzen esanahia galtzearekin batera hasten da. Beraz, “langile klasearentzako ekonomia sozial eraldatzailea” aipatzekotan egokia da zehaztea zer esan nahi den “ekonomia”, “ekonomia soziala” eta “lana” terminoekin.

Oscar García JuradoOscar García Jurado, Autonomía Sur-eko ekonomilaria (testu hau "Ekonomia Sozial Eraldatzailea eta burujabetza(k)" mintegian emandako hitzaldiaren laburpena da)

Oscarrek erabili zituen diapoak ikusi/deskargatu

Audioa entzun

Bideoa ikusi

Oinarrizko kontzeptuak

Ekonomiaren definizio konbentzionalek oro har esaten dute zientzia bat dela, zeinak aztertzen duen erabilera alternatiboak izan ditzaketen baliabide urriekin beharrizanak asetzeko modurik onena. Haatik, gaur egun “ekonomia” aipatzen denean (adjektiborik gabe) kapitala metatzea izaten da gogoan, bere oinarria etekina eta irabazi asmoa da. Ekonomia kapitalista horrekin kontrajarrita, esan daiteke ekonomia soziala dela ekinbide sozioekonomiko formal nahiz ez formal, indibidual zein kolektiboen multzoa, zeinaren lehentasuna den pertsonen beharrizanak osatzea, irabaziaren gainetik.

Lana da “ahalegin mental eta fisikoa dakarten eginbeharren exekuzioa, eginbehar horien xedea delarik pertsonen beharrizanak asetzeko ondasun eta zerbitzuak sortzea”

Lanari dagokionez, kapitalismoak soldatapeko enplegu edo lanera murriztu du. Sistema honen oinarria ideia bat izan da: lan “produktibo” mota bakarra dago, soldatapeko lana, zuzenean kapitala metatzeko balio duena alegia. Hain zuzen pertsonak kapitalaren jabe diren minorien menpeko bihurtu dituen lan mota. Alabaina, alde batera utzi behar da lana eta enplegua nahasteko joera hau. Definizio zabalago eta sendoagoa da beste hau: lana da “ahalegin mental eta fisikoa dakarten eginbeharren exekuzioa, eginbehar horien xedea delarik pertsonen beharrizanak asetzeko ondasun eta zerbitzuak sortzea”. David Harveyren arabera, “lana da bizitza bera laguntzen duen jarduera ekonomikoa.” Beraz, kapitalismoan “lana” esaten zaiona lan era bat besterik ez da, soldatapeko lana, hots, besteren kontuko enplegu ordaindua. Beste lan mota batzuk dira zaintzarekin eta ugaltzearekin lotutakoak, borondatezko lana edota autoenplegu kolektiboa (ekonomia sozial edo ekintzailetza kolektiboari datxekiona).

Menpekotasuna ezartzeko mekanismo kapitalistak

Kapitalismoan, kapitalaren burujabetza eta autonomiak eragotzi egiten dute pertsona, kolektibo edota beste eragileen burujabetza eta autonomia

Ekonomia kapitalistak, besteak beste lana eta soldatapeko enpleguaren asimilazioaren, jabetza pribatuaren eta truke-balioaren eta merkatuaren lehentasunaren laguntzaz, eragin du bere agente hegemonikoak, kapitalak, existitzeko eskubidea emateko ahalmena bereganatzea. Kapitalismoan, kapitalaren burujabetza eta autonomiak eragotzi egiten dute pertsona, kolektibo edota beste eragileen burujabetza eta autonomia.

Kapitalismoarekin ondasun komunak eta produkzio-medioak jabetza pribatu bihurtu ziren. Natura, lurra, salgai bilakatu zen. Inork ezin zituen ondasun horiek baliatu, beren jabeek izan ezik. Komunak ziren ondasunak gutxiengo batzuren eskutara pasa ziren, eta hauek gehiengoari erabiltzeko eta gozatzeko aukera ukatu zioten. Une hartatik, jabeek eurentzat lan egiteko prest zegoen gero eta jende gehiagoren beharra izan zuten, eta jabe ez zirenek soldataren premia, ogibidea lortzeko modu autonomorik ez baitzuten. Lana soldatapeko lan edo enplegu bihurtu zen; pertsonak lan-indar izatera pasa ziren. Pertsonek ez zuten hain erraz ontzat eman eskulan bihurtzeak ekarri zien diziplina, kontrola edo menpekotasuna. Milaka eta milaka pertsona hil zituzten Europan eta kolonietan; makina bat emakume bortxatu eta hil zituzten soldatapeko lanaren diziplina ezartzeko izan zen “sorgin-ehizan”1.

Kapitalismoan pertsonak eta lurraldeak kapitalaren menpe daude bizirauteko

Pertsonen diru-sarrerak eta beren beharrizanak asetzeko ahalmena merkatuaren esku geratu ziren, sortzen diren ondasun eta zerbitzuen truke-balioaren menpe. Produkzioaren xedea da etekinak maximizatzea, kapitala metatzea; lehentasuna sekula ez da pertsonen beharrizanak osatzea. Beraz, ez da ekoizten jendeak kontsumi ahal dezan; piskanaka sortzen da kontsumorako grina, produzitu eta etekinak lortu ahal izateko.

Bizi garen ekonomia eta jendarte honetan, helburu nagusia kapitala metatzea delarik, oso zaila da, eta batzuetan ezinezkoa, kapitala ez beste pertsona, komunitate edo eragileen autonomia/subirania. Bere jatorriak eta garapenak erakusten du kapitalak nola lortu duen burujabe izatea pertsona, emakume, langile-klase, herri eta komunitate osoen lepotik. Beraz, kapitalismoan pertsonak eta lurraldeak kapitalaren menpe daude bizirauteko. Burujabetza ekonomikoa izatera iristeko nagusi den sistema sozioekonomikoa eraldatu beharra dago. Kapitalismoarekin beste mundu bat ezinezkoa da.

Ekonomia sozial eraldatzailea askapen tresna gisa

Ekonomia sozial eraldatzaileak beste ekoizpen sistema komunitario bat ekarri behar du, zeinak alternatibak bilatuko dituen jabetza pribatuarentzat, hau baita pertsona batzuk besteak esplotatzen dituen sistemaren, kapitalismoaren, oinarria eta funtsa

Ekonomia kapitalista horri kontrajarrita ekonomia soziala sortu da. Nolanahi ere, multzo honetan oso era desberdineko ekinbideak daude. Oro har Ekonomia sozialaren praktikak bi sail handitan bana daitezke. Batetik, ekonomia sozial moldakor edo merkatukoa, zeinetan “enpresa edo merkataritza ekinbideek kapitalismoaren logikak aintzat hartzen dituzten, baina enpresaren antolakuntza kudeatzerakoan demokratizazio (murriztua) dutenak”2. Beste saila da hainbatek “Ekonomia sozial eraldatzailea” izendatu dutena; beronetan sartzen dira sistema sozioekonomiko alternatibo baterantz egin nahi duten ekinbideak; “lan emantzipatuaren” Ekonomiarantz doazenak; soberakinaren kontrol kolektiboa bultzatzen dutenak; kontsumo kritikoa, finantza etikoak eta banaketa justua sustatzen dutenak. Hots, beste ekonomia bat, ez kapitalista edo poskapitalista, bilatzen dutenekin bat datozen praktikak; hauek lanaren, balioaren, jabetzaren eta kontsumoaren alternatiba askatzaileak jorratzen dituzte.

Kapitalismoak funtzionatuko badu ezinbestekoak dira lanaren, lurraren eta diruaren merkatuak. Baina horietako bat ere (lana, lurra eta dirua) ez dira salgaiak. Lana da bizitzaren kide den jarduera ekonomikoa; bestalde, ez da sortu saltze aldera, eta jarduera hau ere ezin da bizitzatik banatu, ezta pilatu edo zirkulazioan jarri. Haatik, kapitalismoarentzat funtsezkoa izan zen lan-indarraren merkantilizazio, monetizazio eta pribatizazioa. Kapitalak erreprodukzio sistematikoa lortzeko lan-indarraren merkantilizazioa ezinbestekoa du (baita lan erreproduktiboarena eta zaintzarena ere). Honek esan nahi du lan soziala, hau da, beste pertsonentzat egindako lana, lan sozial alienatu bihurtu behar dela, hots, soilik kapitala sortu eta ugaltzeko lan. Soldatapeko lana duten pertsonak geratzen diren egoeran aukera bakarra dute: beren lanaren bitartez beren dominazioa dakarten baldintzak erreproduzitzea. Hori da eurentzat kapitalaren menpeko askatasunaren esanahia.

Kontrara, “lan libre asoziatua”rekin lana des-alienatu nahi da, eta pertsonei aukera eman beren lan prozesua erabaki dezaten. Ekonomia sozial eraldatzaileak amaiarazi behar du pertsona batzuk besteak esplotatzea, eta prozesu komun batean lankidetza ezarri. Laburbilduz, sistema kapitalistaren zutabe den soldatapeko lana baztertu eta ekoizpen erregimen komunitariorantz jo behar da; lana merkantziatzat eta pertsonak giza-baliabidetzat diren ekonomiatik “lan emantzipatuaren” ekonomiarantz, non pertsonak ez diren input soil, ekoizpen faktore edo giza-baliabide izango.

Soldatapekoa ez den beste lan baten bilaketa guztiz lotuta dago ondasun komunen, jendearen baldintza materialen oinarri diren produkzio- edota bizi-medioen jabetza pribatuaren amaierarekin. Horrenbestez, eraldaketa sozialak eskatzen du ondasun edo bitarteko horientzako beste kudeaketa eta jabetza era batzuk hautatzea, ez jabetza pribatua.

Produkzio sistema alternatibo baten alderik garrantzitsuena da pertsonei beren bizitza kontrolatzeko aukera ematea, eta hori ezinezkoa da jabetza pribatu sistema batekin. Beraz, ondasun eta zerbitzuen ekoizpenerako unitate ekonomiko eraldatzailearen oinarria izan behar da ekoizpen-bitartekoen eta ekoitzitako ondasunen jabetza kolektiboa. Metatzearen ordez banaketaren printzipioa nagusitu behar da ondasun edo ekoizpen-bitartekoen kudeaketan, erabakiak hartzerakoan, soberakinei eta ardurei dagokienez, etab. Horrenbestez, Ekonomia sozial eraldatzaileak beste ekoizpen sistema komunitario bat ekarri behar du, zeinak alternatibak bilatuko dituen jabetza pribatuarentzat, hau baita pertsona batzuk besteak esplotatzen dituen sistemaren, kapitalismoaren, oinarria eta funtsa.

Hirugarrenik, ondasun eta zerbitzuak ekoiztekotan aintzat hartu behar da, ahal den neurrian, erabilpen-balioa. Kapitalismoaren oinarria da ondasun eta zerbitzuei eskari solbenteak egozten dien balioa ematea, hots, merkatuan ordainduko litzatekeenaren parekoa. Horrela truke-balioa hartzen da aintzat, eta ez erabilpen-balioa. Baten batek erosteko ahalmenik, hots, dirurik ez badu, ezin izango ditu bere beharrizanak osatu.

Erabilpen-balioa da ondasun edo zerbitzu batek beharrizan bat asetzeko duen gaitasuna. Hain zuzen, ondasun eta zerbitzuen balioa ez du ezarriko eroslea ordaintzeko prest dagoen prezioak eta lor daitezkeen diru-etekinek, baizik eta ondasun edo zerbitzuak beharrizan bat asetzeko duen ahalmen edo gaitasunak.

Hau da, agian, egungo erakunde edo unitate produktiboek iristeko duten ardatz edo elementurik zailena, mugitzen diren testuinguruak ez baitie autonomia handirik ematen. Autonomia maila, burujabetza edo maniobra-tarte hori sarritan izango da erakundeak bere ondasun edota zerbitzuak ekoizten dituen lehia-mailaren (ez lehiakortasunaren) araberakoa.

Beraz, amaitzeko, gogoeta hauen asmoa izan da ekonomia sozial eraldatzaile baterantz aurrera egiteko eztabaidan ekarpena egitea, praktika sozioekonomikoen multzo hegemoniko bat eraikitze aldera, hauen helburua delarik jendearen beharrizan materialak asetzea, eta helburu nagusia bizitza mantendu eta aberastea; hemen kontua da pertsona eta komunitateen autonomia edo burujabetza maila jakin bat iritsi nahi dela. Eztabaida hau ezinbestekoa da sistema kapitalistaren egungo fasean partaide akritikoa izan nahi ez bada, edo hura legitimatu nahi ez badugu, bide batez bizitza hoberako alternatibetan aurrera eginez. Izan ere, kopla flamenkoetan jasota dagoen jakinduria herritar andaluzak dioenez, “ez du errukirik merezi/esklabu izanik/irtenbidea bilatu nahi ez dionak” (“no merece compasión/ quien siendo esclavo/ no quiere buscarle la solución”).

1Federici, S. (2004): “Calibán y la bruja. Mujeres, cuerpo y acumulación originaria”. Traficantes de Sueños argitaletxea.

2Calle Collado, A. eta Casadevente J.L (2015): “Economías sociales y economías para los Bienes Comunes”. Otra Economía, 9. bol., 16. zkia., 2015eko urtarrila-ekaina. 44-68 orr.