Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Lan erreformari mugak jartzeko ordua

Lan erreformari mugak jartzeko ordua

2014/10/07
ELAk, erreforma aztertu ondoren, garbi azaldu du, behin eta berriz, lan erreformari aurre egiteko esparrurik eraginkorrena, ia eraginkor bakarra, enpresa hitzarmenak direla, baina ez ELAk horrela nahi izan duelako, Rajoyren lan erreformaren ondorio garbia delako baizik. ELAn horretan ari gara. Dagoeneko, lan erreforma onartu zenetik, 300 enpresa hitzarmen berri baina gehiago sinatu ditugu, enpresa horietan lan erreforma atetik kanpo utzi dugularik. Onartezina da gainontzeko sindikatuek, CCOO, LAB eta UGTk, egiten diguten kritika.

Joseba Villareal, Negoziazio Kolektiboko arduraduna, Berrian.

Madrilgo Gobernuak 2012ko otsailean ordu arte ezagutzen genuen negoziazio kolektiboa goitik behera aldatzeko erreforma egin zuen. Erreforma hori gogo biziz txalotu zuten Madrilgo eta hemengo patronalek, biak berdinak baitira; Gasteizko gobernuak ere, nahiz eta ados ez zegoela iragarri —erretolika hutsa—, inolako mugarik ez dio jarri erreforma horren garapenari. Adierazpen politak bai, baina erreformaren eragina mugatuko duen erabaki bakar bat ere ez. Zaharrak berri.

ELAren iritziz, erreformak bi helburu ditu: lan kostuak murriztea soldatak jaitsiz, eta babes kolektiboari erasotzea. Botere ekonomiko eta politikoek ez dute nahi bere aurrean indar kolektiborik: banaka nahi gaituzte. Gobernu eta patronala ordutik hona jo eta su ari dira helburu hauen atzetik: lan sarien kongelazioa edo soldata jaitsiera, lanaldiaren igotzea, kontratazio berriei lan baldintza eskasagoak inposatzea, malgutasuna areagotzea, eta abar...

Beraz, legea aldatu dela eta erabiltzeko aldatu dela garbi dago. Hori ikusi nahi ez duenak berak jakingo du zergatik ikusi nahi ez duen, baina nahikoa da lan erreforma irakurtzea eta patronal zein gobernu ezberdinen eguneroko jarrerak aztertzea horretaz ohartzeko. Orain egun batzuk Nafarroako patronalaren ordezkari batek esan zigun bezala, «prestatu zaitezte, guk ere lan erreforma irakurri dugu, eta enpresetara goaz lan baldintzak botatzera». Zilegi da sindikatu bakoitzak bere estrategia izatea, baina tranpa da estrategia hori planteatzea legea aldatu ez balitz bezala. Hori ez da zintzoa.

ELAk, erreforma aztertu ondoren, garbi azaldu du, behin eta berriz, lan erreformari aurre egiteko esparrurik eraginkorrena, ia eraginkor bakarra, enpresa hitzarmenak direla, baina ez ELAk horrela nahi izan duelako, Rajoyren lan erreformaren ondorio garbia delako baizik. ELAn horretan ari gara. Dagoeneko, lan erreforma onartu zenetik, 300 enpresa hitzarmen berri baina gehiago sinatu ditugu, enpresa horietan lan erreforma atetik kanpo utzi dugularik. Onartezina da gainontzeko sindikatuek, CCOO, LAB eta UGTk, egiten diguten kritika. Gezurretan ari dira. ELAk hitzarmen sektorialak ez dituela alde batera uzten jakin badakite, batez ere LABek. ELAk lan erreforma onartu zenetik 14 hitzarmen sektorial sinatu ditu, LABek 17. Gezurretan ari dira eta badakite. Bada ordua eztabaida antzuak eta gezurrak alde batera uzteko. Enpresa paktua enpresa paktua da, eta enpresariek alde bakarrez alda dezakete legea erabiliz. Hitzarmena, berriz, ez; eduki onak dituzten hitzarmenak dira lan erreformari aurre egingo diotenak, ez akordio interprofesional, akordio marko sektorial, zubi hitzarmenak eta horrelako ekimenek.

ELAn Patronalak —subentzio publikotik bizi den eta daukan ordezkaritza frogatu ezin daitekeen patronala— zer nahi duen aspaldi ikusi dugu: patronalarekin akordioak egiteko horiek inposatzen dituzten edukiak onartzea besterik ez dago. Eusko Jaurlaritzaren eguneroko politikek eta erabakiek argi uzten dute ez daudela langileen aldeko inolako erabakirik hartzeko prest. Bilatu eta aurkitu ditzagun sektoreetarako egokituriko alternatiba lotesleak. ELAn horretan gabiltza aspalditik. Oraindik ez da berandu errealitatera bueltatzeko. Egin diezaiogun aurre lan erreformari modurik eraginkorrenean. Enpresaz enpresa, indar korrelazioa areagotuz eraikiko dugu benetako alternatiba, sektoriala ala enpresakoa.