Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Lan Erreforma ez da gelditzen Nafarroako Aldizkari Ofizialean

Lan Erreforma ez da gelditzen Nafarroako Aldizkari Ofizialean

2013/03/19
Nafarroako Gobernuko lan sailak Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) argitaratu behar ziren hiru sektoreko hitzarmen gelditu ditu: eraikuntzakoa, kirol kudeaketakoa eta elikadura merkataritzakoa. Arrazoia? Sektoreko hitzarmenen edukia ezin dela gutxieneko gisa onartu azken lan erreformaren ostean. Hau da, sektoreko hitzarmen probintziala, oinarrizko kontuetan, gomendio soila izatera pasako da, hemendik aurrera ez da betebehar bat izango enpresarientzat.

Mitxel Lakuntza, ELAren koodindatzailea Nafarroan

Erabaki honen ostean UGT, CCOO eta LAB sindikatuek, beste zenbait alderdi politikok bezala, Nafarroako Gobernuari exijitu diote hitzarmen hauek berehala argitaratzeko, argudiatuz trabak jartzen ari zaizkiola lan erreformaren mugei aurre egiteko bidea izan daitekeen formulari. Agerian dago gauza ez dela horrela. NAOn hitzarmenak argitaratzeak ez du bermatuko hitzarmen hauek lan erreforma aurretik zuten bermea berreskuratzea. Beraz, deklarazio hauek gehiago dute itxura egitetik benetako exijentzia batetik baino.

Rajoyren gobernuak negoziazio kolektiboaren erreforma diseinatu zuen patronalaren eskaera antsiatu bati erantzuna emateko: soldatak jaisteko eta lan baldintzak okertzeko aukera. Hori lortzeko negoziazio kolektiboaren egitura historikoa birrindu zuen, sektoreko hitzarmen probintzialek gutxieneko baldintzak bermatzen zituen eta enpresakoak gutxieneko hori hobetzeko erabiltzen genituen.

ELAk sektoreko hitzarmenak sinatzen ditu baldin eta edukiak onak badira (normalean gatazkaren ondoren lortuak)

Aldaketa hauen ondorioak nabariak dira jada. Nafarroan sektoreko negoziazio kolektiboaren egoerak, ia sektore guztietan UGT eta CCOO sindikatuen gehiengoarekin, berme eta edukirik gabeko hitzarmenen argazki bat uzten digu; soldata jaitsiera eta lan erreforma onartzen duten hitzarmenak.

Eztabaida ez da, zenbaitzuk dioten moduan, ELA sektoreko hitzarmenen kontra dagoen edo ez. Izan ere, ELAk sektoreko hitzarmenak sinatzen ditu baldin eta edukiak onak badira (normalean gatazkaren ondoren lortuak) eta gure jendeari honokoa ezkutatu gabe: hitzarmen hori enpresak ez du zertan bete behar eta bere aplikazioa ziurtatuko duen esparru bakarra enpresa da.

Beraz, erreformaren ondorioak hain argiak badira, sektore hauekin indar harreman nahikorik ez badago eta, ondorioz, patronalak negoziazio sektoriala goitik behera kontrolatua baldin badu... Zergatik tematzen dira zenbait sindikatu erreforma gelditzeko balioko ez duen sektoreetako estrategian?

Fikzio sindikaleko estrategia

Azalpenaren zati bat egoera berrira, gogorragoa, askoz ere desorekatuagoa, egokitzeko gaitasun gabeziak ematen du. Orain, inoiz baino gehiago, sindikatuaren ekarpena eta eraginkortasuna behetik hasten da, lan zentru bakoitzetik eta ez elkarrizketa sozialeko mahaien urruntasunetik. Egokitzeko ezintasuna, CCOO eta UGTren kasuan, finantzazio autonomia ezak azaltzen du hein handi batean.

Elkarrizketa sozialera besarkatzeko beharraren jatorria antolakuntza mugetan eta dependentzia ekonomikoetan dago.

Sektoreko hitzarmenen negoziazioa Nafarroan UGT, CCOO eta CEN-en arteko elkarrizketa soziala delakoaren barnean egon da txertatua. Aurreko ekainean, M-29ko grebatik hilabete eskas batzuetara, akordio bat sinatu zuten sektoreko hitzarmenei balio emanez eta enpresa hitzarmenekiko lehentasuna emateko konpromisoa hartuz.

Garai berriek aldaketak eskatzen dituzte, sindikatuen eraberritzea, langileen baldintzak babesteko eraginkorrak izaten jarraitzeko.

Argi dago sinatzaileek bazekitela hori ezinezkoa zela, baina UGT eta CCOOren kasuan, sindikatuaren erabilgarritasuna bideratu nahi dute, ez lan zentroetan langileak antolatzeko, baizik eta patronalarekin elkarrizketa eta akordioa lortzeko egiturak zilegitzeko. Erabilgarritasuna saldu nahi dute sektoreko hitzarmenak sinatuz, edozein preziotan eta edukiei garrantzia kenduz, bestela okerrago izango litzatekeelako aitzakiarekin. Behar izanez gero langileei ere gezurra esaten diete, lan erreformari iskin egiteko hitzarmena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea nahiko dela esanez.

Izan ere sindikatu hauek aurreko astean beraiek sinatutako edukiak aldatu behar izan dituzte argitaratuak izan eta indarrean sar zitezen. Aldaketa egin da argi geratzeko sektoreko hitzarmenak ez diela galarazten enpresei baldintza horietatik beherako akordioak eskuratzea.

Erantzun sindikala prestatu garai zailetarako

Garai berriek aldaketak eskatzen dituzte, sindikatuen eraberritzea, langileen baldintzak babesteko eraginkorrak izaten jarraitzeko.

Sindikatua defentsa kolektiborako prestatu behar dugu, azken finean, enpresaz enpresa antolatuz, izan handi zein txiki, hori delako lan erreforma desobeditzeko modu egokiena, negoziazio eta gatazka esparruak irekiz enpresariak betetzera behartuko dituen hitzarmenak lortzeko.

Gure eskubideak enpresaz enpresa blindatzea da kontua (lan erreformak debekatzen ez duen gauza oraingoz) eta, gogorra izanda ere, soilik egingarria izango da enpresariari baldintzak bere kabuz aldatzea galaraziko dion sindikalizazio beharrezkoa sortzen den enpresetan.

Berriro diot: ez da aukera bat, erreforma gogor honi aurre egiteko modu bakarra da. Zentroz zentro, enpresaz enpresa. Agian errazagoa da fikzio bat elikatzea, sektoreko hitzarmena eskatzen jarraitzea langile guztiak babestuko dituela esanez, z bada ere. Baina hori egiten denean, langileei gezurra esaten ari zaie, hitzarmenak ez baititu ez langile asko ez gutxi babesten, baizik eta soilik enpresariak nahi dituen horiek.

Azken finean, lan erreforma existituko ez balitz bezala jokatzea langileak desmobilizatzera daraman arduragabekeria izugarria da. Sinistea Nafarroako negoziazio kolektiboak duen arazo larriena hitzarmenak Aldizkari Ofizialean argitaratzea dela, inuzentekeria baino, zenbait erakundeak garai zailagoetara egokitzeko dituzten zailtasunen emaitza da.