Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Lagun giroko topaketa eguna ELArekin Baionan

Lagun giroko topaketa eguna ELArekin Baionan

2017/05/30
ELAren XIV. kongresua dela eta, lagun arteko topaketa eguna antolatu dugu ekainaren 3an Baionan (fundazioaren egoitzan), Bizi!, Alda, ELA eta Manu Robles-Arangiz Fundazioko kide eta laguntzaileen arteko elkar ezagutzan sakontzeko. Bertan parte hartu nahi dutenek idatzi ipar@mrafundazioa.eus emailera, deitu 05 59 25 65 52 edo 05 59 59 33 23 telefonora edo Fundazioatik pasa, baieztatuak diren presentzien araberan gela antolatua izan dadin. Hemen duzue egitaraua.

EGITARAUA

10:00 / 12:00 Amaia Muñoa eta Leire Txakartegirekin solasaldia

Amaia Muñoa, 100 000 kide dituen ELA Sindikatuko Idazkari Nagusi Ordea, Iparraldearen eta Diruzaingoaren arduraduna: gehiengoa duen eta alternatiboa den sindikatu bat; Estatu gabeko nazio baten sindikatu abertzalea eta era berean internazionalista; alderdi politikoetarik eta botere publikoetarik independentea den sindikatu bat; antolakuntza, finantza baina ere pentsamendu politiko mailako independentzia.

Irabazle den sindikalismo bat, 2016an ainitz garaipen, erresistentzia kutxa bat eta haren ondorioak 2 edo 3 urteren iraupena ukaiten ahal duten grebetan, baina ere sindikatuari emaiten dion disuasio gaitasuna, negoziazio kolektiboen eduki eta mailan.

Leire Txakartegi, ELAren batzorde eragileko kidea, sindikatuan genero politikaren arduraduna. Sindikatuaren antolakuntza eredua eta estrategia birpentsatu nahi ditugu genero berdintasuna bere osotasunean bermatzeko. Horrelako prozesu bat abian jartzea ezinbestekoa da ELA bezalako sindikatu batentzat: alde batetik, defendatzen dugun gizarte ereduarekin -bizitza erdigunean- koherenteak izateko, eta bestetik, prekarietatean daudenak ordezkatu nahi ditugulako. Horretarako ezinbestekoa da emakumeen beharrei era eraginkorrean erantzutea.

Hurrengo urteetan ildo estrategikoa izango da ELArentzat eta sindikatuaren arlo eta egitura guztiei eragingo die.

12:00 / 12:30: Geldialdia, zintzur bustitze eta kilikatzea.

12:30 / 14:00: Aiala Elorrieta eta Xabi Anzarekin solasaldia:

Aiala ElorrietaAiala Elorrieta Manu Robles-Arangiz Fundaziokoa: ELA, gehiengoa duen sindikatua, argiki ekologia eta klimaren alde. Nola kudeatzen dira, alde batetik enpleguaren eta erosahalmenaren defentsak, eta bestetik aldarrikapen ekologista eta klimatikoek sortzen dituzten kontraerranak?

 

Xabi AnzaXabi Anza, ELAren formakuntza arduraduna eta Manu Robles-Arangiz Fundazioaren Lehendakaria: kapitalismoaren (botere ekonomikoak, politikoak, mediatikoak...) eta aurrerakoien alderdiaren (mugimendu sozialak, sindikatuak, alderdi politikoak, etab.) bilakaera, mundu, Europa eta Euskal Herri mailan, gaurko eta biharko erronka handiak. Zein estrategia irabazle kapitalismoaren kontrako alderdiarentzat?

14:00: Bazkaria

Bazkari partekatua MRA Fundazioan, elkarrizketak eta trukaketak Bizi, Alda eta ELAkoen artean: milesker bazkarian partekatuak izaiten ahal diren jangaien ekartzeaz.

15:30: “Irrintzina” filmaren estreinaldia

Laster zinema geletan agertuko den Irrintzina filmaren estreinaldia  Bizi, Alternatiba, ANV-COP21, eta Aulki Bahitzaileen dinamikari buruz.

17:00: Poteoa Baiona Ttipian