Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Krisiaren “gerra” balantzea (2008-2015)

Krisiaren “gerra” balantzea (2008-2015)

2016/02/09
Azken datu makro-ekonomikoek diotenaren arabera, krisitik irten gara eta benetako lehen “kimu berde” famatuen aurrean izan gaitezke. Eztabaidatu gabe fase horretan zein neurrian gauden ala ez, une egokia izan daiteke zein izan den krisiaren emaitza eta zer den datorrena aztertzeko.

Gorka MorenoGorka Moreno Márquez, EHUko irakaslea (Argia aldizkarian argitaratua)

Egia esateko, krisiak ez du gauza berri gehiegirik ekarri, eta aurretik zetozen hainbat tendentzien areagotzea ekarri du, azken urteetan horien abiadura azkartu baino ez du egin. Horien artean, akaso, esanguratsuena da gizarte-ezberdintasunak are nabarmenagoak direla, eta gehien duten eta gutxien dutenen arteko tartea zabaldu baino ez duela egin. 

Zentzu horretan, argi dago zein diren galtzaile nagusienak: krisia baino lehen gure gizartearen behe postuetan kokatzen zirenak. Klase ertainak eta ertain-altuek askoz hobeto eutsi diote krisiari eta askotan ez dute kalte gehiegirik izan. Beste era batera esanda, lanaren kapitalen bizkar bizi direnen porrota eman da –langileria, prekarioa– eta aldiz, kapitalen errenta dutenen edo gutxienez bien uztarketa ahalbidetu dezaketenen gorakada izan da. Ezin dugu ahaztu zein izan den burtsaren bilakaera azken bi urteetan.

Iruditzen zait, sindikatu batzuk salbu, ez diegula behar bezalako garrantzirik eman lan-erreformei. Erreforma horiek negoziazio kolektiboa eta langileen negoziazio-ahalmena ahuldu dituzte eta honen ondorioz nabaria da lan-harremanen prekarietatea azkartu dela azken urteetan

Hori guztia ulertzeko, argi dago, gizarte-politiketan eman diren murrizketak kontuan hartu behar dira, baina hau bezain garrantzitsua da lan-merkatuan eman den eraldaketa, azken urteetako lan-erreformen bidez. Iruditzen zait, sindikatu batzuk salbu, ez diegula behar bezalako garrantzirik eman lan-erreformei. Erreforma horiek negoziazio kolektiboa eta langileen negoziazio-ahalmena ahuldu dituzte eta honen ondorioz nabaria da lan-harremanen prekarietatea azkartu dela azken urteetan. Soldaten jaitsierak adibide esanguratsuak dira. 

Industria da sektorerik aipagarriena, tradizionalki lan-harreman arautuak eta beraz soldata nahiko duinak zituena. Oso nabarmena da azken urte hauetan soldatetan ematen ari den jaitsiera, nagusiki langile berriei dagokienean. Kontutan izanik industria izan dela orain arte “euskal eredu sozio-ekonomikoaren” sostengu nagusienetakoa, nabaria da eredua bera ere zalantzan jartzen ari dela, hau da, soldata altuak eta gizarte-politika zabaletan oinarritutako gizarte-kohesio eredua.

Zoritxarren emaitza larria da, ezegonkortasuna gero eta handiagoa izango da euskal lan-merkatuan eta soldatak gero eta baxuagoak, honen inguruko hainbat datu agerikoak dira honezkero. Iraganean, industria dinamika horren aurreko harresia izan zen, baina orain, lan erreformaren ondorioz, industriak beste lan-sektoreen gero eta antza handiagoa du. Hortaz, arlo sozioekonomikoan bederen, Espainiaren gero eta antza handiagoa dugu –eta areago izango dugu–.