Kooperatibak globalitatean

2014/05/26
Herria2000Eliza.JPG
Globalizazioa kontzeptu zaharra da. Kapitalismoa bezain zaharra. Jadanik 500 urte ditu. Kapitalismoa beti izan da globalizatua. Gaur egungo globalizazioak kapitalismoaren laugarren zabalkunde fasearekin egiten du bat eta aurreko faseek bezalaxe, alor ekonomikoan ez ezik bizitzaren bestelako esparruetan ere eragina du. Baina zertan datza egungo globalizazioa? Zer nolakoa da bizi dugun garai historikoa?

Unai del Burgo

Unai del Burgo García, UEUko ekonomia saileko kidea (Herria 2000 eliza, 248 zk.)

II. Mundu gerraren ondorengo estatu keynesia rraren krisi fiskalak eta energetikoak ongizate estatuaren oinarriak astindu zituen l970eko hamarkadan. Modu izugarrian gainera. Aurreko paradigma sozioekonomikoak lehertu egin ziren. Makro mailan, estatuaren eskuhartzea ekonomian kolokan jarri zen. Mikro mailan, ekoizpen eredu fordista izan zen ezbaian jarri zena, jadanik ohiko enpresa industrialaren egitura produktiboa ez baitzen lehiakorra.

Mundu globalean, gizateriaren garapen eredu bakarra nagusitu da: neurri gabeko hazkundea eta masa kontsumoa. Iparrorratza, industrializazioa.

Elite ekonomikoek krisi horri aurre egiteko merkatuaren nagusitasuna aldarrikatu zuten. Eskuineko pentsamenduak indarra hartu eta ekonomia erabat desarautu zuen, estatuen arteko mugak irauliz. Ekonomia errealean, enpresa transnazionalen agerpena eta nazioarteko lanaren antolaketa desorekatua nabarmen ditzakegu. Mikroelektronikaren garaian, enpresen barnean ere aldaketak eman dira, lan egiteko metodologiak malgutuz eta ezagutzaren eta adimen emozionalaren kudeaketan indarra jarriz. Alor finantzarioan eman da eraso sozialik bortitzena. Izan ere, egungo fasean, finantza-merkatu globalizatua espekulatibo bihurtu da erabat, ekonomia errealaren ahalmen finantzarioa xurgatuz. Inperialismo berria. Finantzarioa.

Ongizate estatuaren ahultzeak eta merkatu finantzario globalaren desarauketak desberdintasun sozio-ekonomiko latzak sortu dituzte, baita gure Europa zaharrean ere. Zer esanik ez, Euskal Herrian. Mundu globalean, gizateriaren garapen eredu bakarra nagusitu da: neurri gabeko hazkundea eta masa kontsumoa. Iparrorratza, industrializazioa. Logika berriak maila materialean onurak izan arren, zenbait aldagai negatibo ere sortu ditu: desberdintasun sozialen handitzea, homogenizazio kulturala, indibidualismoa, segurtasun eza eta beldurra. Epe luzera, krisi ekologikoa da hazkunde materialean oinarritutako garapen eredu honen adierazlerik kritikoena. Modernitate kapitalistaren garaian bizi gara. Globalizazio neoliberala.

Lan harremanak zeharo aldatzen dira enpresa kooperatiboan, langilea aldi berean baita langile eta enpresari. Langileak berak du enpresaren kontrola, hau da, jabetza juridikoa.

Erreza da kapitalismo neoliberala kritikatzea. Askoz ere zailagoa, ordea, alternatibak proposatzea. Artikulu honen bitartez, eta Euskal Herriaren esperientzia ardatz hartuta, egungo errealitateari alternatibak proposatzeko kooperatibismoak dituen potentzialitateak eta gabeziak aipatu nahi ditugu, modu laburrean bada ere.

Kooperatiba enpresa eredu bat da. Maila mikroan du eragina, batez ere: unitate produktboari egiten dio erreferentzia. Edonola ere, antolaketa ekonomiko desberdin baten adierazlea da. Lan harremanak zeharo aldatzen dira enpresa kooperatiboan, langilea aldi berean baita langile eta enpresari. Langileak berak du enpresaren kontrola, hau da, jabetza juridikoa. Horrek kudeaketa mailan langilegoaren partehartzea ere ahalbideratzen du, lanpostuaren gaineko jabetza integrala deiturikoa ahalbideratuz. Pertsona bihurtzen da prozesu produktiboaren aldagai nagusia. Irizpide demokratikoaz gain, bestelako balioak gailentzen dira kooperatibismoan: beste esperientzia kooperatibo batzuekiko elkartasuna, lurraldearekiko lotura, gizarte erantzunkizuna... Zer esanik ez, enpresaren konfigurazio berezi horrek egoera gatazkatsuak sortzen dituela: kapitalaren eta lanaren arteko harreman dialektikoa, gainontzeko enpresa kapitalistetan ez bezala, langilearen barnean kokatzen da kooperatibetan. Interes laboralen, solidario eta enpresarialen arteko gatazkaz ari gara. Interes kontrajarrien arteko oreka horretan bizi da kooperatibismoa.

Kooperatiba batzuen eten gabeko hazkundeak kooperatiben oinarrizko printzipioen garapena eta bazkideen partehartze juridiko-ekonomikoa oztopa ditzake.

Merkatu globalizatuaren logikarekin talka egiten du kooperatibak. Kontraesanak agerian gelditzen dira. Ezin bestean. Bata eta bestearen balioak erabat desberdinak baitira. Merkatuarekiko harremana eta kooperatiben kontraesanak saihestezinak dira. Izan ere, egungo garai historikoaren jaun ta jabe da merkatua, bai ekonomia errealean. bai finantzarioan. Edonola ere, kooperatibekiko kritikekin tentuz jokatu behar dugu. Enpresa bat kudeatzea oso jarduera zaila da. Enpresa industrial bat kudeatzea, askoz ere zailagoa. Kooperatiben barne dialektika eta konplexutasuna kontutan hartuz, enpresa jarduera kooperatiboa modu orekatuan gauzatzea, hau da, balio kontraesanik gabe, erabat ezinezkoa da. Ikuspegi horretatik abiatuta, euskal kooperatiben kontraesanak aztertuko ditugu jarraian.

Barne kontraesanak dira kooperatiben barne antolakuntzan ematen diren desorekak. Kooperatibek urteak pasa ahala joera dute balioen gainbehera prozesuan amiltzeko. Bazkideen boterearen kontzentrazioa gauzatzen da teknokrazia kooperatibo baten eskuetan. Elkartasunezko balore kooperatiboak ahultzen doaz eta ohiko enpresa kapitalisten logika inplementatzen hasten da. Gure mendebaldeko gizartean hain errotuta dagoen ekonomia neoliberalaren balore indibidualistek joera hau erraztu egin dute, zenbait kasutan, kooperatiben sorreratik bertatik. Izan ere, Kooperatibismoa ezin izan da errealitate neoliberaletik kanpo ulertu. Ez gara ari bakarrik Arrasateko Kooperatiba Esperientziaz. Euskal Herriko kooperatibismoa zabalagoa da eta aipatu dugun barne-kontraesana orokorra dela esan dezakegu. Adibideak, asko. Ikastolen berezko identitatearen ahultzea, esate baterako. Edo sarritan negozio soil gisa sortu berri den helburu sozialik gabeko edozein kooperatiba, dirulaguntza eta hobari fiskalen bila.

Edonola ere, ez litzateke zuzena izango soilik Euskal Herriko kooperatibek globalitatearen aurrean dituzten kontraesanak aipatzea, enpresa horien lorpen kooperatiboak nabarmendu gabe.

Edonola ere, egia da auzi horrek enpresen dimentsioarekin zerikusia duela. Kooperatiba batzuen eten gabeko hazkundeak kooperatiben oinarrizko printzipioen garapena eta bazkideen partehartze juridiko-ekonomikoa oztopa ditzake. Argi dago kooperatiba baten dimentsioa aldagai garrantzitsua dela barne demokraziaren osasuna neurtzeko garaian. Gainbehera prozesu hau gertatzen denean kooperatiba barruko partehartzea asko murrizten da. Horrela, maila juridikoan nolabaiteko demokrazia ekonomikoa sostengatu arren, kudeaketa mailan langileen partehartzeak urria izaten jarraitzen du hainbat kooperatibetan. Hemen beste kontraesan batekin egiten dugu topo: soldatapeko langileen kontratazio masiboa eta langile hauen instrumentalizazioa eta esplotazioa bazkide-kooperatibisten aldetik. Joera honi kooperatiben dimentsioa hazi ahala indartu egiten da.

Kanpo kontraesanak eman ohi dira zenbait kooperatiben nazioarteratze prozesuetan. Oraingoan, Arrasateko Kooperatiba Esperientziaren zenbait enpresez ari gara. Anjel Errastik, UPV/EHUren GEZKI Institutuko ikertzaileak, ezohiko galdera batekin aurkezten digu kontraesan honen nondik norakoak: “atzerriko filialetako langileak Mondragon Taldeko Multinazionalen atzerriko filialetara doazenean, fabrikaren aurrean dagoen Mondragon, Humanity at Work (gizatasuna lanean) kartela ikustean, fabrika horretan lan egiteagatik duten zorteaz pentsatzen dute ala Moneydragon, Humanity in the Wok (gizatasunen labean) multinazional diruzale asegaitz baten irudia datorkie gogora?”. Izan ere, Mondragon Taldeko kooperatiba transnazionalek dimentsio bereko gainontzeko enpresen modura jokatzen dutela argudiatzen dute zenbait adituk.

Edonola ere, ez litzateke zuzena izango soilik Euskal Herriko kooperatibek globalitatearen aurrean dituzten kontraesanak aipatzea, enpresa horien lorpen kooperatiboak nabarmendu gabe. Esate baterako, Arrasateko Kooperatiba Mugimenduak potentzialitate handia erakutsi du globalizazio neoliberalaren garaietara moldatzeko, demokrazia ekonomikoa eta autogestionarioa bultzatuz, lanpostuak beste erakunde batzuk baino modu sendoagoan defendatuz eta guzti hori, toki garapen sozio-ekonomikoaren mesedetan. Munduan gutxi batzuk dira horrelako arrakasta garrantzitsua lortu duten esperientziak. Euskal Herriko Ikastolen kasua ere nabarmentzekoa da, zalantzarik gabe. Hastapenetan herri-mugimendu gisa sortu eta gaur egun irabazi asmorik gabeko eta onura publikoko talde kooperatibo garrantzitsua bilakatu dira Ikastolak. Euskararen lurralde osoa barnebiltzen dute, egitura juridikoaren ikuspegitik elkartasunezko tresna finantzario eta tekniko interesgarriz hornituta.

Kooperatiben lorpenak eta kontraesanak albo batera utzita, alternatiba pragmatikoak eta zehatzak planteatzeko garaia dela azpimarratu nahi dugu. Gako estrategikoa. kooperatiben ereduan sakontzean datza, bere izaera dialektikoa onartuz eta aipatu ditugun barne- eta kanpo kontraesanak arintzeko tresnak asmatuz. Azken finean, kooperatibak biziberritu: kudeaketarako eredu berriak aplikatuz, formakuntza-kooperatiboa indartuz, bazkideen partehartze juridiko egokia bermatzeko informazio-sistemak ezarriz eta nazioarteko filialetan politika sozio-ekonomiko egokiak praktikan jarriz. Esan bezala, erreza da joera neoliberalak kritikatzea. Askoz ere zailagoa, ondea, alternatiba errealak proposatzea.

Bukatzeko, garapen ereduaren inguruko auzia aipatu behar dugu. Halabeharrez. Izan ere, auzi ekologikotik etorriko zaigu kolperik latzena. Kooperatiba maila mikroekonomikoan diharduen unitate produktibo autoeratua da eta orokorrean garapenaren eredu bati egiten dio erreferentzia. Hazkunde industrialaren ereduari. Horrek bi ideia plazaratzen ditu: alde batetik, kooperatibismoa gizarte-mugimendu zabalago batean kokatzea eta bestetik, gizarte-mugimendu horrek garapenerako bestelako eredu batekin bat egitea. Kooperatibetaz baino, autoeraketaz hitz egin beharko genuke, zentzu zabalean. Pertsonen eta komunitateen erabaki ahalmenean eta naturarekiko errespetuan oinarritutako gizarte-proiektu eraldatzailea. Berrikuntza soziala. Ekonomia Solidarioa izenez ezaguna den esperientzien sareaz. Ohiko ekonomia sozialari edo kooperatibismoari, ikuspegi politiko eraldatzaile eta ekologikoa erantsi. Sare hori bestelako garapen eredu bati lotzen zaio. Agerian dugun zibilizazioaren krisia ikusirik, nahitaezko prozesua Ekonomia Solidarioarena.

Arbola zaharrean kimu berriak loratzen ari dira etengabe, bai Arrasateko Kooperatiba Mugimenduaren baitan, bai hortik kanpo ere. Lanki lankidetzaren ikertegiaren ikuspegi kritiko eta eraldatzailea, Goiener kooperatibaren esperientzia energetikoa, Fiare erakundeak bultzatutako finantzazio etikoa, Ekhi eta Eusko bezalako tokiko txanponak, Reas-en inguruan bildutako bestelako saioak, Ner Taldearen lan harremanen estilo berria, Bagara ekimena Debagoienan, Gezki Institutuak eskeinitako formakuntza Ekonomia Sozial eta Solidarioan, Esnetik ekoizle eta kontsumitzaileen arteko kontsumo kooperatiba eta beste horrenbeste lore Euskal Herriko baso, zelai eta mendietan sakabanatuta.

Lanki Ikertegiko kideen arabera, “alternatiba handi eta absoluturik ezean, alternatiben multifokalitatea eskatzen du une historiko honek, eta hor kokatuko dugu autoeraketa ekonomikoaren egitekoa". Erronka ez da makala. Globalitate neoliberalak eta kapitalismo finantzario berriak erantzun makroekomiko absolutua eskatzen dute eta.

Bibliografia gomendatua

Azkarraga. J. (2005): Diruak behar luke bihotzik, Pamiela argitaletxea, Iruñea.
Azkarraga, J. (2011): Euskal Harriak, Alberdania argitaletxea, Irun.
Bakaikoa, B.; Etxezarreta, E. eta Morandeira, J. (2013): “Regeneración de Empresas de Economía Social: un reto en el País Vasco”, REVESCO Revista de Estudios Cooperativos, AECOP, Universidad Complutense. Madrid, 112. zenbakia, 151-175. orrialdeak.
Errasti, A. (2013): “Euskal Dragoiak Erdiko Erresuman: Mondragon Taldeko Multinazionalak Txinan”, Uztaro aldizkaria, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), 84. zenbakia, 43-65. orrialdeak.
Mendizabal, A.; Zurbano, M.; Sarasua, J. eta Udaondo, A. (2005), Globalizazioa eta Autoeraketa, HUHEZI. Eskoriatza.