Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Kontsumo arduratsua eraldaketarako arma indartsua

Kontsumo arduratsua eraldaketarako arma indartsua

2013/03/14
Honez gero, guztiok jakin beharko genuke, edota susmoa izan, bederen, kontsumoa dela motore kapitalistaren erregaia. Sistema kapitalistak gizartean izugarrizko desberdintasunak eragiten ditu eta ez da iraunkorra, bizirauteko etenik eta amairik ez duen hazkundea behar baitu.

Monika Monteagudo, Equo Gipuzkoako eleduna

Garapen eredu honek herritar aberatsak neurrigabeko kontsumora bultzatzen ditu jendarte indibidualista eta materialistaren baitan, horrek zoriona inondik ere ekartzen ez duen arren; bestetik, menpean hartuta dituen herritar pobreagoak gero eta gehiago esplotatu eta pobretzen ditu, beste haien beharrizanak asetzeko. Guztia, botere ekonomiko handien kontrolpean (multinazional eta estatuak, alegia) eta agintari ustel eta konplizeen laguntza itzelarekin, guztiek ere sistema mantentzeko duten interesa medio. Espiral kontsumista honen ondorioz Lurra jasan ezineko egoerara eramaten dute, ingurumen-orekak hondatuz eta baliabide naturalak xahutuz, naturarekiko errespeturik ez duten teknikak eta kiratsa darien taktika nazkagarriak, gerrak kasu, erabiltzen baitira.

Kontsumoa sustatzeko sistema kapitalistak batez ere hiru tresna baliatzen ditu: publizitatea, kreditua eta zaharkitze programatua; oinarrian iruzurra duten mekanismo hauen xede bakarra sistemaren beraren iraupena da.

Publizitate-kanpainekin nahastu egiten gaituzte eta beharrizan artifizialak sortzen dizkigute. Kredituaren bidez beharrezko ez diren kontsumo-gai asko eskuratzeko aukera dugu, a priori gure esku ez leudekeenak. Azkenik, zaharkitze programatuaren bitartez, zirkulua itxi eta prozesua hasieratik abiatzen da, produktu berak tarteka-tarteka berriro erosi behar baitira, berriz erabiltzeko edo konpontzeko joera indartzeko politikarik ez dagoelako. Honek ez dauka ez hankarik, ez bururik.

Gurpil zoro hori hausteko modurik badago. Nola? Gure eguneroko bizitzan kontsumitzaile arduratsu izanez, gure benetako beharrizanak zeintzu diren aintzat hartuz alegia. Asko gara eta, bat eginda, eragiteko ahalmen izugarria daukagu, sistema gure nahierara aldatzeraino.

Erabaki xumeekin gure arrasto ekologikoa txikiagoa izan dadin lortu dezakegu, harik eta inposatzen diguten garapen eredua aldatu arte. Bizi garen planeta mugatu honek hala eskatzen digu. Gure proposamena erraza, merkea, erosoa eta iraunkorra da: aldian aldiko produktuak hautatu; etxe ondoko dendetan erosi, kotxea saihestuz eta tokiko enplegua indartuz; ontziratu gabeko edo apenas bilgarririk duten produktuak eskuratu; erosterakoan orgatxoak erabili... finean, guztion onura bilatzen duen ekonomiaz ari gara. Halaber, motore kapitalista geldiarazteko asmotan egin den hainbat eta hainbat proiektutan parte har dezakegu: energia berriztagarria kontsumitu eta sortzeko kooperatibak, kreditu-kooperatibak (banku etikoak), produktu ekologiko eta tokikoen kontsumitzaile-elkarteak, bidezko merkataritzako edo bigarren eskuko gaien dendak, etab.

Badaukagu zeri ekin, eta Equo Gipuzkoatik horretara animatu nahi zaituztegu. Denbora etengabe doa aurrera, eta gure seme-alabek eskertuko digute.