Kontrabotere autonomo eta indartsu baten garrantzia

2016/07/13
"Nola neurtzen dugu aldaketa prozesu bat aurrera egiten ari den ala ez? Neurtzeko adierazle nagusia ez litzateke oinarrizko soldataren igoera izan behar. Nire ikuspegitik, aldaketa-prozesua neurtzeko elementu nagusia aldaketa horren eragile diren erakunde eta gizarte mugimenduen indarra da". Pablo Solónek Boliviako aldaketa prozesuaz ekainaren 15ean Iruñeko Katakraken eman zuen hitzaldiaren transkripzio euskaratua argitaratu dugu Dokumentuak 34 liburuxkan.

Pablo SolonPablo Solón, Boliviako enbaxadore ohia NBEn Evo Moraleses gobernupean (Testu hau Dokumentuak 34 liburuxkatik hartu dugu)

Deskargatu Dokumentuak 34 pdf formatuan
Deskargatu Dokumentuak 34 epub formatuan

Hitzaldia entzun

[...] Eraldaketa-prozesu hori ez dute gauzatuko gobernuan dauden pertsona gutxi batzuek; aitzitik, gizarte osoak egingo du. Hori dela eta, aldaketa-prozesuak aurrera egiten du gizartea mobilizatzen eta antolatzen den heinean, gizartearen egiturak dinamikoagoak eta sortzaileagoak diren neurrian; gizarte-mugimenduek proposamenak bultzatzen baldin badi­tuzte, elkartuago badaude, solidarioagoak badira… Gai hori oso garran­tzitsua da.

Dokumentuak 34Zoritxarrez, Bolivian eta Ekuadorren, gobernua hasi da esaten: “Herriaren gobernua gara; beraz, gizarte-erakundeen eginkizuna da gobernuari babesa ematea”.

Eta buruzagi gehienak argudio nagusi horren abaroan bildu ziren gobernura. Oso zaila zen. Gogoan dut boterera iristean, ez Evo eta ez haren hurbileko inor ez zela aurrez goi-funtzionarioa izan inongo gobernutan. Denok gentozen borroka sozialetatik edo akademiatik, zailduak geunden ezarritako boterearen aurkako jardunean, eta bat-batean, hara non 256 goi-kargu bete beharrean ginen: ministroak, ministrordeak, enpresetako eta erakundeetako gerenteak… eta zerrendak ez zuen ematen. Karguak bete beharraren ondorioz, berezko liderrik gabe geratu ziren gizarte-erakundeak. Asmo onarekin baina bururik gabe utzi genituen. Eta batek estatuko ardura hartzen duenean, oso asmo onak izan ditzake, eta hala izan behar ditu, baina estatuaren eta boterearen logika oso desberdina da gizarteko erakunde batenaren aldean.

Baina eskuineko sektore horren aurka borrokan ari den sektore sozialari ezin diozu esan logika pragmatiko hori onar dezala; eskubide osoa du borrokan jarraitzeko

Adibide bat jarriko dizuet: ni kanpo-harremanetarako sailean sartu nin­tzen, merkataritza libreko hitzarmenak bertan behera nola utzi jorratzeko. Eta afera horretan, maputxeak, Txileko indigenak, gobernuarekin aurrez aurre genituen. Boliviako eta Txileko gobernuen arteko harremana betidanik txarra izan da eta gure asmoa erlazio hori berregitea zen, baina egoera hartan, maputxeek Boliviaren babes esplizitua nahi zuten. Boliviako gobernuak, logika pragmatikoari jarraituz, ez zuen aferan nahastu nahi izan; epelak eta bi entzun beharko zituen Txileko politikaren barne arazoetan sartzeagatik. Baina Boliviako nekazari indigenen elkarteek, autonomoak izaki, esku hartu behar zuten aferan, haientzat ez baitago mugarik; maputxeak ere indigenak dira. Zer axola zaie gizarte-erakundeei gobernua beste era bateko logika batez ari bada gauzak egiten? Elkarte eta erakundeen logika bestelakoa da: elkartasuna adieraztea, babesa ematea... Hor duzue adibidea, logika nola aldatzen den. Buruzagi berak ginen, baina gobernuan egotean, kalkulu politikoaren logika lehenesten hasi ginen, logika pragmatikoari men egiten. Ezin ginen fronte guztietan aldi berean borrokatu. Baina gizarte-mugimenduek eskubidea dute horretarako gai direla pentsatzeko, beti izan garelako horrelakoak. Gobernuan ez, gobernuan zuhurrago jokatzera behartuta zaude: “Eskuineko sektore honekin dugu gatazka izozkailuan sartuko dugu, ez baitugu borroka-fronte askorik sortu nahi”. Baina eskuineko sektore horren aurka borrokan ari den sektore sozialari ezin diozu esan logika pragmatiko hori onar dezala; eskubide osoa du borrokan jarraitzeko. [...]

Batzuek diote gobernuan sartzea, hori izan zela gure hutsegite handiena. Gizarte-erakundeek ez dutela politika eta gobernuan sartu behar. Ni ez nator bat horrekin

Arazo larria da hau. Hori dela eta, gobernu progresisten hamarkada honetan aurrera egin dugun ala ez galdetzen didatenean, baietz erantzuten dut, adierazle ekonomiko batzuetan eta aldarrikapen batzuetan izan direla aurrerapausoak. Baina gizarte-erakundeak duela hamar urte baino indar­tsuagoak al diren galdetzen badidate, ezetz erantzuten diet. Eta hori da funtsezko adierazlea aldaketa sozialerako prozesu batean. Joera hori indartu egin da bezero-trataera oso konplexu baten eraginez. Eskatuz gero, gobernuak osasun-zentro bat, futbol-zelai bat, ikastetxe bat ematen dizu. Herrialdea nola eraldatu, Batzar Konstituziogile bat nola egin, mea­tzeak nola nazionalizatu, lurraldearen kontrola nola eskuratu… gai horiek guztiak jorratzen zituzten gizarte-erakundeak gobernura gauzak eskatzera doazen erakunde soil bihurtu dira. Eta gobernuak eman egiten dizkie. Edo zizkien. Ekonomiaren oparoaldian, ez zegoen arazorik. Bezero-erlazioa da, prebendalista.

Gure hutsegite handiena izan zen prozesu honen aitzindari eta bultza­tzaile izan ziren gizarte-mugimenduen eta erakundeen indarra, autodeterminazio-gaitasuna eta independentzia hasiera-hasieratik ez gordetzea

Eta, modu horretara, gizarte-erakundeen dinamika aldatzen doa. Emango dizuna gobernua izango da, ideia hori sendotzera dator, funtsean, dinamika hori. Eta txintxoa bazara, gehiago emango dizu. Aurre egiten badiozu, aldiz, gutxiago emango dizu. Eta gizarte-erakundeak logika hori ontzat ematen eta barneratzen hasi dira, justu kontrakoa izan beharko lukeenean: Dirua boliviar guztiona da. Hitz egin dezagun nola erabiltzen den modurik egokienean estraktibismoa eta egin dezagun eztabaida zabal bat eredu horri jarraitu behar diogun edo agroekologiaren, energia berriztagarrien eta abarren bideari heldu behar diogun. Horrelakorik ez dago, ordea.

Zer ikasgai atera behar da egoera honetatik?

Batzuek diote gobernuan sartzea, hori izan zela gure hutsegite handiena. Gizarte-erakundeek ez dutela politika eta gobernuan sartu behar. Ni ez nator bat horrekin. Estatuan esku hartzen ez baduzu, botere politikoa eskuratzen ez baduzu, beti defentsiban egotera behartuta zaude, zeure eremua babestuz, baina ezingo duzu, inoiz, gizartea osotasunean eraldatu. Egia da, hala ere, gobernuan sartzerakoan, boterearen logika horrek harrapatu eta lotu egiten zaituela eta ikuspegia galtzen dela.

Gure hutsegite handiena izan zen prozesu honen aitzindari eta bultza­tzaile izan ziren gizarte-mugimenduen eta erakundeen indarra, autodeterminazio-gaitasuna eta independentzia hasiera-hasieratik ez gordetzea. Indar eta gaitasun hori gordeta, kontrabotere bat sortuko genukeen gobernura sartzera zihoan ezkerrari aurre egiteko. Izan ere, gure proposamena da estrategia bikoitzari eustea, botereari eta kontrabotereari, biei, aldi berean. Eta ardatza kontraboterean datza, egiazko indarra eta boterea gizarte-mugimenduetan dagoelako, ez estatuan.

Baina inoiz ez dugu erlazio hori aldatzerik lortuko, baldin eta arrakasta izan eta ezkerreko gobernu bat eratzeko aukera edukita, gure fede eta esperantza guztia, gure energia guztia, gobernuaren esku uzten eta jar­tzen badugu, eta ahazten badugu bide horrek, ezinbestean, ez gaituela urrutira eramango. Azken mendean hainbat herrialdetan gertatu diren esperientzia asko eta askoren adibidea hortxe dugu, arazo bat dugula jabetzeko, eta gizarte-mugimenduen kritikarako eta antolatzeko gaitasuna askoz gehiago indartu behar dugula jakiteko; areago, beste egitura berri, indartsuago eta ahaltsuagoak sortu behar ditugula ohartzeko. Eta gobernuan sartzera doazenek jakin behar dute eremu arriskutsuan sartu direla, eta ez direla ezeren eta inoren salbatzaileak. Hemen salbatzaile bakarrak langileak berak eta mugimenduak dira. Eta asmorik onenekin sartu arren –pertsona oso zintzo eta nobleak ikusi ditut logika horren sarean harrapatuta–, arazoa ez da gizabanakoena. Kasu batzuetan, ezaugarri indibidualek larriagotu egin dezakete arazoa, baina hainbeste kasu ikusi ondoren, agerikoa da klase politikoarena baino arazo askoz konplexuagoa dela.

Hori dela eta, uste dut gogoeta sakona egin behar dugula boterearen eta estatuaren gaiari buruz. Zuei Espainian bizitzea egokituko zaizue, dinamikak erakusten baitu, hainbat zirrikitutatik, ezkerreko gobernu baterantz zoaztela, gobernu progresista baterantz. Nola jokatu? Zer egingo du ezker horrek gobernuan? Eta kanpoan dagoen ezkerrak, gizarte-mugimenduetakoak? Podemos alderdiko buruzagiek hainbat aldiz bisitatu gaituzte Latinoamerikan, baita Bolivian bertan ere, eta Boliviako esperientzia goresteko jarrera izan dute. Bikain, baina beste aldea ere kontuan hartu behar da, ez bagara horretaz jabetzen eta ez badugu horretatik ikasten, orain Latinoamerikan gertatzen ari dena gertatuko baita; izan ere, han, bukatzen ari da gobernu progresisten zikloa, eta egoera askoz larriagoa datorkigu, ez ginelako gai izan benetako eraldaketa lortzeko eta gizarte-mugimenduei egiazko bultzada eta sendotasuna emateko.