Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Pariseko COP-21ak ekidin dezake katastrofe klimatikoa?

Pariseko COP-21ak ekidin dezake katastrofe klimatikoa?

2015/12/03
Klimaren krisia ekidin daiteke. Horretarako behar den jakituria eta teknologia guztia badaukagu. Falta dena, aldiz, berotze globala geldiarazteko neurriak gauzatzeko behar besteko botere sozial, politiko eta ekonomikoa da. Hau ez dute egingo agintean dauden eta petrolio konpainia eta finantza-erakunde handiak kontrolatzen dituzten elite ekonomiko eta politikoek. Klimaren katastrofe batetik salbatuko gaituen aukera bakarra behetik sindikatuek, beste gizarte-mugimenduek, ekologistek eta abarrek osatutako koalizio zabal batek eragindako presio gogorra izango da.

Asbjorn WahlAsbjørn Wahl, ITFko Klima Aldaketaren inguruko lantaldearen burua eta ITFko Hiri-Garraio Komiteko burua

Bereak dira ere:

Hamar puntu klima-aldaketaren aurkako estrategia sindikal baterako [artikulua]

El legado ideológico del pacto social y su fracaso [liburuxka]

Aliantza progresisten eraikuntza [diapoak]

Artikulu hau azaroaren 30ean idatzi zuen

Gaur hasi da Parisen Nazio Batuen Klimari buruzko 21. Goi-Bilera (COP21). 1992an Rioko konferentzia izan zenetik honelako biltzarren xedea izan da berotze globala geldiarazi eta klimaren katastrofea ekidingo duten politikak hitzartzea. Helburu konkretua, berotze globala gehienez 2 ºCra mugatzea (haatik, hobe litzateke 1,5 ºCtan geratzea). Atmosferara egiten den CO2 isuria da berotze globala eragiten duen faktore nagusia, eta erregai fosilen erabilerak sortzen du CO2 gehien. Horregatik, erregai fosilen erabilera murriztea eta energia berriztagarrietarako trantsizioa daude klima aldaketaren auziaren barne-barnean. Alabaina, klimari buruzko goi-bilerak egiten hasi zirenetik hogei urte igarota, CO2 isuria ez da gutxitu. Aitzitik, %60tik gora hazi da (1992 – 2014). Honek beste ezerk baino argiago uzten du COP prozesuak gaur arte porrot egin duela.

Klimari buruzko goi-bilerak egiten hasi zirenetik hogei urte igarota, CO2 isuria ez da gutxitu. Aitzitik, %60tik gora hazi da (1992 – 2014). Honek beste ezerk baino argiago uzten du COP prozesuak gaur arte porrot egin duela

Berotzea 2 ºCkoa bada ere egundoko arazoak eragingo ditu, baldintza klimatiko oso gogorrak (lehorteak, uholdeak, ekaitzak, etab.). Gaur, batez besteko tenperatura globalaren igoera 1,0 ºC gainditzekotan dago, garai aurreindustrialarekiko, eta honez gero ondorio lazgarriak ikusi ditugu (Filipinetako Haiyan urakana, 6.340 heriotza eragin zituena, eta New York astindu zuen Sandy dira azkenetakoak). Horregatik, 2 ºCtik gorako tenperatura igoera batek –3, 4 edo 6 ºC – sekula ikusi gabeko katastrofe bat ekarriko luke, eta bere ondorioak irudikatzeko ere ez gara gauza. Beraz, bestela azaltzearren, planeta mailako emergentzia egoeran gaude. Galdera hau da: Pariseko goi-bileran katastrofea ekiditeko erabakiak adosteko moduan izango ote dira?

Pariseko goi-bileraren helburua klima aldaketari buruzko akordio global bat negoziatzea da. Aurrez izandako bileren arabera, badirudi akordioren bat izango dela, eta hau garaipen handi gisa salduko dela. Akordioa iristea garrantzitsua da, baina arazoa da, gaurkoz, akordioaren edukia ez dela nahikoa izango maila katastrofikoa izango duen klimaren berotzea saihesteko. Antza, akordioaren gabezia nabarmenena izango da ez dela legalki loteslea izango. Bere oinarria borondatezko adierazpenak izango dira (“Nazio mailan erabakitako Ekarpenak” direlakoak – INDC); estatuek esango dute zenbateraino dauden beren isuriak murrizteko prest. Oraingoz, estatu gehienek aurkeztu dituzte beren adierazpenak, eta oro har, murrizketak ez dira nahikoak berotzea 2 ºC azpitik mantentzeko. Badirudi areago irits litekeela 3 ºC-etara. Halako akordio batekin klima aldaketa atzeraezina izango da, eta horrek enplegu galera masiboak eta garapen krisi suntsikorra ekarriko ditu.

Akordioaren gabezia nabarmenena izango da ez dela legalki loteslea izango. Bere oinarria borondatezko adierazpenak izango dira

COP prozesuaren porrotaren arrazoi nagusia, besteak beste, aurrez-aurre ditugula erregai fosilen industriarekin lotutako interes ekonomiko eta politiko izugarriak, baita oldarraldi politiko neoliberal bat ere. Munduko 10 konpainia handien eta boteretsuenen artean 7 petrolio sektorekoak dira, eta hauek duten ahalmen guztiaz baliatzen ari dira beren interes ekonomikoen kaltetan joan litezkeen politikak eragozteko. Laguntza era desberdineko politiko neoliberal armada batek ematen die. Horregatik, klima aldaketa suntsikorra geldiarazteko gure borroka erabat lotuta dago nahi dugun gizarte eraren aldeko interes-talkarekin. Mugimendu sindikalak borroka honetan funtsezko rol bat izango du, gizartean duen kokapen estrategikoaren ondorioz. Oraingoz bilakaera honen inguruan ez du behar adinako ardura bere gain hartu, baina gero eta sindikatu gehiago ari zaio atxikitzen klima aldaketaren aurkako kanpainari. Urrats garrantzitsuak dira, besteak beste, Energia-Demokraziaren aldeko Sindikatuak (TUED) eta Klimaren Enpleguen Sare Globala, eta Nazioarteko Sindikatuen Konfederazioak aitzindaritza hartu du oinarritik ekinbide gehiago sortu eta presio handiagoa eragiteko.

Oinarritik datorren presioak, indar herrikoienak, ez bakarrik Parisen, baizik mundu guztian, baldintzatuko du Pariseko emaitza oraingoa puntutik zenbat mugiarazi dezakegun

Klimaren krisia ekidin daiteke. Horretarako behar den jakituria eta teknologia guztia badaukagu. Falta dena, aldiz, berotze globala geldiarazteko neurriak gauzatzeko behar besteko botere sozial, politiko eta ekonomikoa da. Hau ez dute egingo agintean dauden eta petrolio konpainia eta finantza-erakunde handiak kontrolatzen dituzten elite ekonomiko eta politikoek. Klimaren katastrofe batetik salbatuko gaituen aukera bakarra behetik sindikatuek, beste gizarte-mugimenduek, ekologistek eta abarrek osatutako koalizio zabal batek eragindako presio gogorra izango da.

Hala izatekotan, Pariseko COP21ek irauten duen bitartean prestatu denetik haratago joan behar dugu. Horregatik, iazko irailaren 21ean New Yorken 400.000 lagunek klima aldaketaren aurka egin zuten mobilizazio handiak, baita atzo eta herenegun mundu guztian izan ziren mobilizazio ikusgarriak ere, animatu egiten gaituzte. Oinarritik datorren presioak, indar herrikoienak, ez bakarrik Parisen, baizik mundu guztian, baldintzatuko du Pariseko emaitza oraingoa puntutik zenbat mugiarazi dezakegun. COP21 amaituta ere mobilizazio indartsuagoak egin beharko ditugu CO2 isuria areago murrizteko, klima aldaketa suntsikorrik gabeko etorkizun baten alde.