Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Katedra ez den "Confebask Katedra”

Katedra ez den "Confebask Katedra”

2018/05/12
Pasa den maiatzaren 3an UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean “Lan-Harreman eredu berriaren garapenerako Confebask Katedraren aurkezpena” egin zen, aldez aurretik dekanotzat irakasle eta ikasle bertaratzeko deialdia zehatza egin ondoren. Uztailaren 17an UPV/EHUren Uda-Ikastaroetan “Confebask, UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatearen artean eratu duten Unibertsitate/Enpresa Katedraren helburuak eta hauen azalpen eta testuingurua” landuko dela dio.

Mikel Noval, ELAren Gizarte Politika arduraduna
Xabi Irastorza, ELAren ordezkaria UPV/EHUren Gizarte Kontseiluan

Confebaskek bere dokumentuetan, egungo eredu antidemokratiko eta neoliberalari aurre egiten dioten sindikatu, gizarte mugimendu eta alderdi politikoak egiten dugun lanari aurre egiteko asmoz, berak landuriko Lan-Harremanetako eredua garatzeko irakaskuntza eta ikerketa ardatz izango dituen UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatearekin adosturiko Katedraren sorrera eta egituraketa zehazten du.

Partaidetza eta lan-harreman eredu berri baten diskurtso-mozorropean langileak beraien eskubide, interes eta aldarrikapenen inguruan antolatuko dituzten sindikatuak indargabetu nahi dituzte eta posible duten heinean paretik kendu

Enpresarien Konfederazioak, baita Eusko Jaurlaritzak berak ere, mehatxu moduan ikusten du egungo stablishmenta eta botere ekonomiko eta politikoak ezartzen ari diren eredu neoliberala zalantzan jartzen dituzten erakunde, eragile eta mugimendu sozialak.

Antolakuntza kolektiboa desegin eta enpresari eta langileen arteko harreman indibidual eta zuzena ezarri nahi dute. Hau da, partaidetza eta lan-harreman eredu berri baten diskurtso-mozorropean langileak beraien eskubide, interes eta aldarrikapenen inguruan antolatuko dituzten sindikatuak indargabetu nahi dituzte eta posible duten heinean paretik kendu. Helburu bera adierazi izan du Eusko Jaurlaritzak bai lan-harremanetarako baita jendarterako ere. Hau da, herritar eta gobernu erakundeen arteko norbanako harreman zuzenak inongo erakunde, eragile edo mugimendu sozialen bitartekaritza edo antolakuntzarik gabe.

Ikuspegi eta helburu hau enpresarien patronalaren nahietan ulergarria izan daitekeen arren, erabat onartezina gertatzen zaigu mandatari eta erakunde publikoen helburu moduan. Are larriagoa, krisiaren aitzakiapean oinarrizko eskubide eta lan eta bizi baldintzetan egiten ari diren triskantza kontuan izanik. 2009tik Hego Euskal Herriko BPG %16,3 (13.747 milioi €) hazi denean, baina aberastasunaren banaketan soldatek 5,1 puntu galdu dutenean, lan-baldintzetan prekarietatea areagotzen ari denean, egiten diren kontratu berri guztien %92 behin-behinekoak direnean, 3tik 1 lanaldi partzialekoa direnean (2tik 1 emakumeen kasuan), lan-kontratu berrien erdiak hilabete baino gutxiago irauten duenean (%13k astebete baino gutxiago) edo enplegua izan arren DSBE edo RGIa kobratzera kondenaturik dauden 12.000 langile daudenean.

ELAri larria iruditzen zaio euskal unibertsitateek Confebasken helburu eta estrategia honekin bat egitea eta beraien atalaia eskaintzea eskubide sozialak eta lan baldintzak txikitzen, prekarietatea areagotzen eta pobrezia zabaltzen ari den estrategia eta lan-harreman eredu bati. Are larriagoa, UPV/EHUek, unibertsitate publikoa den heinean, helburu hauekin bat egitea. “Katedra” honek klase-interes jakinak defendatzen ditu, eta UPV/EHU horiek bultzatzetik salbu egon beharko luke. Ez dago onartzerik euskal hezkuntza sistema publikoan enpresarien balio eta interesak hedatzea eta hezkuntza sistema hauen mesedetan jartzea. Hori da hain zuzen ere hezkuntzaren merkantilizazioak bilatzen duena eta ELAk behin eta berriro salatu duena. Hori izan da “Bologna Plana”ren helburu nagusienetarikoa: unibertsitatea merkatuaren eta enpresen interesen zerbitzura jartzea, horretarako curriculumak moldatuz, kapital pribatua unibertsitatearen egituraketan eta finantzazioan sartuz eta ondorioz graduak, masterrak, katedrak, ikerketak, bekak eta abar baldintzatuz.

ELAren ustez unibertsitateak gizarte demokratikoan pentsamendu kritikoari bidea ireki behar dio, eta zaindu egin behar du beregana prestakuntza jasotzera jotzen dutenek ez daitezen botere korporatiboaren esanetara egon.

Deigarria da, ELAk “Confebask Katedra” salatu zuen egun berean, UPV/EHUk argitaraturiko oharrean “Katedra” hori gezurtatzea eta bera osatzen duten Fakultateek edo berak antolatzen dituen Udako Ikastaroek “Enpresa-Unibertsitate Katedra”, baita “Confebask Katedra” ere deitzea. Terminologia anbiguoa, edozein kasutan, unibertsitate baten ahotan eta oso nahasgarria unibertsitate katedra ez bada. Baina, ELArentzat bereziki kezkagarria da UPV/EHUek Confebaskekin eratu duen “Katedra” horren inguruko informaziorik gizarteari eman ez izana, ez bere organoetan, ez unibertsitatearen Gizarte Kontseiluan ezta bere komunikazio bideetan ere. Eta argitaraturiko oharrean, “Confebask Katedra” “enpresa antolaketa batek sortutako entitatea dela” eta ez dagoela “UPV/EHUn txertatua edo atxikia” adierazteaz gain ez du “Katedra” honen inguruko inolako azalpenik eman.

Gaiak duen garrantzia eta larritasuna kontuan izanik, UPV/EHUri eskatzen diogu unibertsitatea osatzen dugun estamentu ezberdinei, gizarte eragileoi eta jendarte osoari Confebaskekin adostu duenaren inguruko informazioa eta xehetasunak ezagut araztea.