Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Katalunia: nondik gatoz, non gaude eta norantz goaz

Katalunia: nondik gatoz, non gaude eta norantz goaz

2017/11/27
Hemen duzu Bartzelonako Unibertsitateko Jordi Muñoz politilogoak Kataluniako abaguneari buruz azaroaren 6an Donostian eman zuen hitzaldiaren transkripzioa. Bertan aurkituko duzu azken hamarkadan Katalunian gertatutakoaren laburpen ordenatua, eta baita abenduaren 21eko hauteskundeen ondoren ireki daitezkeen aukera desberdinak ere.

Jordi MuñozJordi Muñoz, Bartzelonako Unibertsitateko politologoa

Irakurri dokumentu osoa

Kataluniako egoerari buruzko koiuntura-analisia eskatu zidaten. Ez da erraza horrelako analisi bat egitea, azken hilabeteotan eta bereziki azken asteotan ez baitago beste konturik, baina ariketa ondo etorri zait ideiak antolatzeko.

Analisia hiru zatitan banatuko dut, gaia zertxobait ordenatze aldera. Honaino nola iritsi garen azaltzen saiatuko naiz; hau da, nondik gatozen esplikatzen. Ondoren, uneotan non gauden azalduko dut, eta, amaitzeko, gutxi gorabehera norantz goazen zehaztuko dut.

Nondik gatozen ulertzeko, datu bat emango dizuet: 2006. urtean, inkesten arabera, katalanen %13 zegoen independentziaren alde

Nondik gatoz?

Nondik gatozen ulertzeko, datu bat emango dizuet: 2006. urtean, inkesten arabera, katalanen %13 zegoen independentziaren alde. Hortik gatoz. Horixe zen abiapuntua, eta gaur egun, berriz, oso bestelako lekuan gaude. Nola iritsi gara honaino?

Ulertu behar da, independentismoaren aldekoak gutxiengoa izan arren, autogobernua berreskuratzeko nahia oso zabalduta zegoela. Autogobernua berreskuratzeko nahi hori Estatut berriaren erreforman eta idazketan hezurmamitu zen; zehazki, 2003an abiatu zen erreforma hori CiUren gobernua erori eta Tripartit-a (PSC-ERC-ICV) Generalitatera iritsi zenean. Prozesu luzea eta neketsua izan zen, eta, azkenik, 2005ean, Kataluniako Parlament-eko bozketarekin amaitu zen. Bozketa hartan onartu zen Estatut berria, eta ondoren Gorte Nagusietara bideratu zen, eta han etorri zen aurreneko murrizketa esanguratsua. Estatut berriaren kamuste nabarmena.

Gaur egun asko hitz egiten dugu Konstituzio Auzitegiaren 2010eko sententziaz, baina independentismoaren zati handi batentzat, 2005ean Parlament-ak bozkatu zuenetik 2006an Gorte Nagusiek bozkatu zutenera gertatu zen murrizketa aski esanguratsua izan zen; izan ere, hor hasi zen agerian geratzen zein diren autogobernuaren mugak. Gogoan izan behar da 2006an, Estatut-ari buruzko erreferendumean, ERCk aurkako botoa eskatu zuela.

Horren ondoren, Konstituzio Auzitegiaren sententzia etorri zen, baina ez hori bakarrik. Prozesuaren legezko alderdiaren analisi hutsera mugatzen bagara, alde batera uzten ari gara historiaren zati garrantzitsu bat:

Espainiako eskuinak Kataluniaren aurkako kanpaina abiatu eta normalizatu zuen garai horretan (irainak, iragarkiak Andaluziako irratietan esanez katalanek dirua kendu nahi zietela Andaluziako haurrei bereei emateko…), eta oldarraldi ia katalonofobo horrek, neurtzen zaila izan arren, haustura sentimentalago bat sortu zuen Kataluniako gizartean. Bide batez esanda, gure gizarte honetan familien gehiengoak senideak ditu Estatuko hainbat tokitan, eta hartu-eman naturalak toki horietako jendearekin. Hor nolabaiteko haustura sortu zen.

Jarraitu irakurtzen

                     Aurkibidea

                           3     Nondik gatoz?
                           8     Non gaude orain?

                           12   Norantz goaz?
                           16   Ondorioa
                           17   Galderak eta erantzunak
                                                 Urkulluren bitartekaritzari buruz
                                                 Kataluniako sindikalismoaren jarrera
                                                 Europar Batasunari buruz
                                                 Hurrengo urratsak
                                                 Diskurtso ekonomikoa
                                                 CiUren ingurunea
                                                 Hizkuntzaren eta kulturaren garrantzia