Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Kalitatezko enplegua sortzeko ELAren proposamenak

Kalitatezko enplegua sortzeko ELAren proposamenak

2014/03/07
ELAren iritziz enplegu-politika kalitatezko lanpostuak sortzen dituena da. Beraz, gogoeta ez da ohiko gaietan agortzen (oso garrantzitsuak izanagatik ere), esaterako prestakuntza sistema egoki baten beharra edo gizartearen beharrizanak asetzeko moduko enplegu-zerbitzu publikoa; aitzitik, aintzat hartzen ditu ere lanpostuak sortzeko aukera ematen duten politika estrukturalak.

ELAren Azterketa Bulegoko Egoeraren Azterketa 125-tik aterata

Hauek dira ELAren proposamenak:

1. Kalitatezko enplegua sortzeko politikak izateko lehenik erabateko aldaketa egin behar da aurrekontu- eta zerga-politikei dagokienez. Doikuntza politikak eta aurrekontuak murrizteak langabezia zeharo gehitzen ari dira. Horregatik, ezinbestekoa da aurrekontu-politika horiei buelta ematea. Gastu publikoa gehitzea ezinbestekoa da, eta honetarako azken urteetako zerga-politikak ere errotik aldatu behar dira; hala eskatu izan du ELAk hainbat proposamenetan. Europar Batasunarekiko defizit fiskala gogoratu beharra dago (urteko 2.000 milioi euro Nafarroan eta 4.400 EAEn), baita horrek eragiten duen deskapitalizazioa eta enplegua sortzeko borondatearen ukapena ere.

EnpleguaEtaLangabezia

2. Arlo publikoa garatu behar da, batik bat Ongizate Estatuarekin zerikusia duten zerbitzuak. Hego Euskal Herrian gastu publikoa gizarte-babesari dagokionez (BPGaren %24,5) batez besteko tasa europarra (% 29,4) baino askoz txikiagoa da, eta honek gizarte-babesaren eta enpleguaren maila jaitsi arazten du. Enplegu publiko maila gehitu behar da hainbat arlotan: osasuna, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak,  garraioa, etab. Gizarte-babesa hobetzeak kalitatezko enplegu gehiago izateko aukera ematen du. Alabaina,

3. Lanaldi murrizketa, soldata jaitsierarik gabe. Langabeziaren gorakadaren ondorioz produktibitatea asko hazi da, eta honen fruitua enpresen etekinetan metatzen da. Hots, aberastasunaren banaketan lan-errenten zatia gero eta txikiagoa da, enpresarioen eta kapitalaren errenten mesedetan. Lanaldia 35 ordura jaistea, soldata murrizketarik gabe, enplegua sortzeko politika bat da, eta erabat egingarria da aberastasunaren banaketa justuagoa izatea onartuz gero. Izan ere, kontrara egiteak, Jaurlaritzak egin duen bezala -bere garaiko akordioak baztertuz eta Legebiltzarraren 35 orduko lanaldia ezartzen duen legea urratuz- jende gutxiagok ordu gehiagoz lan egingo du. Gainera, lan produktibo zein erreproduktiboaren banaketa ere eztabaidatu beharra dago.

4. Kontsumo Prezioen Indizeaz gaindiko soldata igoerak eta gizarte-babeseko maila duinak. Enplegua sortzeko aukera ondasun eta zerbitzuak eskuratzeko ahalmenarekin lotuta dago. Enplegurik ez badago eta lan-baldintzak gero eta okerragoak badira, ezinezkoa da ondasun eta zerbitzuak eskuratzea. Oinarritzat esportazioa hartzen duen ereduak ez du orekatuko barne-kontsumoa jaisteak eragindako  enplegu galera. Nola erosiko dugu, diru-sarrerarik gabe? Horregatik, ekonomiarenak egin du soldata jaitsierak eta gizarte-prestazioak murrizten dituen politikak ezarriz gero. Egiaztatuta dago soldaten erosteko ahalmena eta gizarte-babesa hobetzeak enplegua sortzen duela eta errentaren banaketa justuagoa ahalbidetzen duela.

KPI_hazkundea

5. Gutxieneko soldata duina eta gehienezko errenta ezartzea. Gutxieneko soldata lan- eta bizi-baldintza duinak bermatzeko tresna izan beharko litzateke. Haatik, espainiar estatuan finkatutako zenbatekoa (hileko 645,3 euro, edota 748,3, aparteko pagen zati proportzionala aintzat hartuz gero) oso eskasa da, inondik ere. Gainera, Frantzia, Herbehereak, Irlanda edo Belgikako 1.400 euroak baino askoz apalagoa da, eta zer esanik ez, Luxemburgoko 1.800 euroak baino. Beharrezkoa litzateke ere gehienezko diru-sarrera baimendu bat finkatzea, aberastasuna esku gutxitan pila ez dadin. Auzi honek justiziarekin, demokraziarekin eta Lurrari izan beharreko errespetuarekin du zerikusia (mugak ezarri behar zaizkio planeta mugatu honek jasaten duen harrapaketari). Erreibindikazio hau gauzatzeko hainbat bide badago, esaterako diru-sarrera edo etekin maila jakin batetik gora %100eko tasa marjinala.  

6. Finantza-erakundeen jarduna erabat aldatzea. Aurrezki-Kutxen bankarizazioan atzera egin behar da (Kutxabank, CAN). Halaber, finantza-sistemaren jardunbideari beste norabide bat eman behar zaio, familientzako eta enpresentzako kreditua eman dezan, espekulazioa alde batera utzita eta zerga-ebasioarekin zerikusia duten aktibitateak debekatuz (paradisu fiskalak). Euskal enpresa askoren arazoa kreditu gabezia da; hau mehatxua bihurtu da baita enpresa sendoentzat ere, etorkizuna duten produktuak izan arren. Egungo finantza-sistemak ez ditu dauden beharrizanak asetzen, baztertu beharrekoak diren jarduera espekulatiboen ondorioz. Egungo krisia eragin duen espekulazioak bere hortan jarraitzen du.

BPG_EA125

7. Industri-politika. Finantziazioa bermatu behar da (inbertsioetarako, I+G+Brako edota zirkulanterako), proiektua eta etorkizuneko produktua duten enpresentzat. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak sektore estrategikoak definitu beharko lituzke, eta horrekin batera, hauek bultzatzeko plan konkretuak. Produktu osagarriak eskaintzen dituzten enpresen artean sinergiak bultzatzeko proiektu eta planak ezinbestekoak dira. Honetaz gainera, beharrezkoak dira ere honakoak:

  *  Erakundeen jarduera aktiboa etorkizuna zalantzan duten enpresentzat kapitala lortzeko bitartekaritzan.
  *  Enpresen nazioarteratzeko prozesuak lagundu eta sustatzea.
  *  Enpresa txiki eta ertainei buruzko plan konkretuak abiaraztea.
  *  Ikerketa eta garapenari buruzko hausnarketari ekitea, kontutan izanik diru publikoz lagundu dena gizartearen zerbitzura jarri behar dela.

8. Enplegu berdea sustatzea. Oinarrizkoa da jarduera iraunkorrak sustatzea, ikuspuntu ekonomiko, sozial, zein ekologikotik. Egunetik egunera nabarmenagoa da premia larria dela produkzio, banaketa eta kontsumo eredua aldatzea. Atmosferan neurtzen den CO2 maila da horren isla: dagoeneko milioi partikulako 400dik gora dago, eta onargarri iritzitako gehienezko kopurua 350 da. Besteak beste, enplegua sortzeko aukera handia dago energia berriztagarrietan, hondakinen kudeaketa eta tratamenduan, lurzoruen erregenerazioan, nekazaritza ekologikoan (eta lehen sektoreak beste sektoreekiko duen harremanean), kontaminazioaren kontrol eta prebentzioan, etab.

9. Azken urteetan erabaki diren pentsio erreformak indargabetzea. Azken erreformek erretiro adina atzeratu egin dute 67 urteraino, eta pentsio berriak murriztu, erosteko ahalmena bezala. Erretiratzeko adina atzeratzeak gazteen langabezia gehitzen du. Horrenbestez, murrizketak bertan behera utzi behar dira eta pentsioak duinagoak izan behar dira, langabezia murrizten lagungarri izan daitezen. Langile guztiek, edozein kontratu mota dutela ere, Gizarte-Segurantzan kotizatu behar dute.

10. Enplegua mantendu. Erreforma laboralek lana malgutu egin dute, enpresarioaren erabaki unilaterala medio. Honek kaleratzeak gehitzea eta enplegua prekarizatzea eragin du. Malgutasun handiagoaren ondorioz langabe kopurua hazi egin da, eta horrenbestez, beharrezkoa da eskubide laboralak hobetzea, azken urteotako erreforma laboralak eta negoziazio kolektibokoak indargabetuz; horrela enplegua suntsitzea galaraziko litzateke, eta lan-baldintzak hobetu. Honi dagokionez, beharrezkoa da zio ekonomiko, organizatibo zein produktiboak medio erabakitako kaleratzeak ez onartzea, enpresek etekinak dituztenean, edo aurreko ekitaldietan izan dituztenean.

11. Enplegu-Zerbitzu Publiko sendoa eta kalitatezko formazio eredu bat garatzea, EAEko beharrizan errealak asetzeko:
 Egungo enplegurako prestakuntza eredua Espainiakoaren kopia da, hots, porrot egin duen eredu kaskar batena; estatuko ereduak gauza bat besterik ez du ziurtatzen, partaide diren erakundeentzako etekin ekonomikoa, izan ere, funts publikoen herenetik gora beren buruari bideratzen baitiote. ELAk galdegiten du eredu hau bazter dadila eta bertoko diseinu bat ezarri, gure lurraldearen beharrizan sozial zein ekonomikoen araberakoa eta ospea duten lanbide heziketako zentro homologatuek emango dutena.
 Bitartekaritza laboralari buruz, ELAk aldarrikatzen du Enplegu-Zerbitzu Publikoak egin dezala, erakunde pribatuentzako diru-laguntza eta finantziazio sistema alde batera utzita; erakunde horiek sarri ez dute zerbitzu egokirik eskaintzen, ez aukera-berdintasuna bermatzen.
 Enplegu eta formazioko eskumenen transferentzia salatu, erabakitzeko ahalmenik gabe eta galera ekonomikoa eraginez gauzatu baitzen. Enplegu-politikei buruz erabakitzeko ahalmena (politika aktiboei zein pasiboei dagokienez) euskal erakundeen esku behar dugu, hau funtsezko osagaia baita Lan-Harremanen eta Gizarte-Babesaren Esparrua deitzen diogun horretan.