Joseba Azkarraga: Burujabetza, botere-eraikuntza prozesu amaigabea

2014/10/30
Joseba Azkarraga soziologoak parte hartuko du Manu Robles-Arangiz Fundazioaren Iparraldeko X. urtemugaren karietarat « Burujabetza, Estatu guzietan », hitzaldi eztabaidan, larunbatean, azaroaren 1ean, arratsaldeko 15:00etarik goiti. Hara hemen Enbata.info-n burujabetzari buruz egin zuen artikuluaren zonbait osagarri, Jakin aldizkarian « “Harrigintza” berria » hazkunde osteko euskal herrigintzari buruz eginiko gogoetatik hartuak.

Joseba Azkarraga, Enbata.info

Joseba Azkarraga EtxagibelJoseba Azkarraga soziologoak parte hartuko du Manu Robles-Arangiz Fundazioaren Iparraldeko X. urtemugaren karietarat « Burujabetza, Estatu guzietan », hitzaldi eztabaidan, larunbatean, azaroaren 1ean, arratsaldeko 15:00etarik goiti. Hara hemen Enbata.info-n burujabetzari buruz egin zuen artikuluaren zonbait osagarri, Jakin aldizkarian « “Harrigintza” berria » hazkunde osteko euskal herrigintzari buruz eginiko gogoetatik hartuak. 

(…)

Hein handi batean, desafioa da botere soziala berreskuratzea, indartzea herritarrok prozesu ekonomiko eta politikoak kontrolatzeko ahalmena. Lurraldeek burujabetzan aurrera egitea, hitz batean. Hori gogoan, garapen alternatiboak eta garapenari alternatibak sustatzen, bietan ari dira hainbat eragile mundu zabalean, globalizazioaren porrotaren aurrean.

Toledo mexikarrak dioen moduan, kontua datza enpresa monopoliko erraldoien lekuan, kooperatibak, mikroenpresak eta familia eskalako enpresak sortzean. Banku handien lekuan, aurrizki kutxak, herri bankuak eta kreditu kooperatibak. Kate komertzial handien lekuan, bidezko merkataritza, tokiko nekazaritza ekologikoa, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko komertzio zuzena. Energia fosilen ekoizpen eta kudeaketa pribatuaren lekuan, eguzki energiaren eta berriztagarrien ekoizpen deszentralizatua edo komunitarioa… Mundu hori eraikitzean datza desafioa, gainontzeko guztia desertuaren aliatua baita.

Hondamendia saihesteko gaur badakigu zer egin behar den eskala ezberdinetan (tokikoan, nazionalean, transnazionalean) eta eremu ezberdinetan (industrian, fiskalitatean, hezkuntzan, lurralde garapenean, eta abar). Ez da ezagutza falta, borondate falta baizik, sektore faktiko ugari baitago ibilbide hondagarriari atxikita, bide batez guztiok atxikiaraziz, eta sinetsaraziz merezi duela berak irabaziko duen mus partida jokatzea Titanic-ean. Arlo praktikora jota, hamaika dira enplegua eta ekologia eskutik joan daitezkeela dioten lanak: Lanaren Nazioarteko Erakundearen esanetan ekonomia iraunkor batek 60 milioi lanpostu sortuko lituzke munduan (euskal lurralderako ere eginak ditugu antzeko kalkuluak, 100 mila lanpostutik gora sortuko genituzke Hego Euskal Herrian).

(…)

Aipaturiko praktiken konstelazioak, bere forma anitz eta ugariekin, haustura txikiak eragiten ditu sistemaren zirrikituetan, eta sarritan sistemaren ertz zorrotzenak leundu ohi ditu, sistemaren erregulazio funtzioak eginez. Arriskua da praktika komunitario berriak bihurtzea sistemaren aringarri, gertakari episodiko, biziraupen hutserako ekonomia, eragin txikiegiko ahalegin, edota marjinazioaren altzoan identitatea entretenitzeko sasilan. Izan ere, praxi komunitarioa tokiko eskalan gertatu ohi da, eraldaketa mikroak eraginez, eta Elinor Ostrom ekonomia nobelak ere ez zuen konpondu eskalaren auzia commons famatuak aztertzean (praktika komunitarioak). Praxi komunitarioa ez da erantzun osoa, partziala eta mugatua da, baina aukera ematen digu nahiko genukeen mundua eraikitzen hasteko orain eta hemen. Mugak muga, desafioa da haustura txiki horiek handitzen joatea eta bere burua proiektu politiko zabalagoan kokatzea, helburu duena pertsonen, herrien eta lurraldeen autodeterminatzeko ahala handitzea.

Hortik ikusita burujabetzaren gaineko gogoeta kokatzen da oso plano ukigarrian. Kontzeptuak utzi dio entelekia izateari, eta bere praxiak utzi dio arerioaren borondatearen menpe egoteari. Edukiz bete da, funtsean garapen-ereduaren galdera behingoz ekarriz debate politikoaren arteria zentralera. Eta protestaren, akusazioaren edo erresistentziaren logikak uztar daitezke eraikuntzaren logika bizigarriarekin.

Bat. Bide horretatik burujabetza constructo konplexu gisa nabarmentzen zaigu, anitza da, ez dagokio soilik alderdi politiko-insituzionalaren eraikuntzari. Burujabetza norabide guztietan indar berarekin aldarrikatzean datza kontua, baita elikagaietan eta energian ere, eta horretarako estrukturak eta estrategiak sortzen gaur bertan has gaitezke. Hasiak gara.

Bi. Burujabetza continuum bat da, nahiz euskal lurraldean sarri planteatzen den haurdunaldia bailitzan: edo estatua daukazu (hauxe litzateke burujabetzaren adierazle azkena), edo ez daukazu. Ez da haurdunaldia, graduala da eta, inoiz baino gehiago, ez dago soberania absoluturik inongo eremutan.

Hiru. Gehiegitxotan herritar independentista zain dago noiz iritsiko egun seinalatua, Itaka bailitzan, baina burujabetza inoiz amaitzen ez den botere-eraikuntza prozesua da (mugarriak egon badaitezke ere). Gaur estatu direnak ere etengabeko botere eraikuntzan jardun behar dute, demagun etengabe birsortzen herritarren artean nazioarekiko fideltasuna (hedabideak, hezkuntza edo futbol selekzioa erabiliz).

… burujabetza askotarikoaz ari gara

Energia aditu handia den Pedro Prietok bota zuen galdera, Bergaran, duela pare bat urteko hitzaldian: “Ni neu aldeko nauzue autodeterminazio eskubidearen defentsan…, baina, zertarako nahi duzue burujabetza edo independentzia, daukazuen dependentzia energetiko ia erabatekoarekin?”.

Madrildarra izanik, estimatzekoa gogoetaren lehen partea. Ondorengo galdera zintzilik geratu zen airean, halako atmosfera pisutsua ezarriz. Esan dakioke Pedro estimatuari estatua izanik edozeinek lukeela erreminta gehiago hiper-dependentziaren efektuei aurre egiteko. Baina, purrustadatxoa baino zerbait gehiago merezi du interpelazio nazional hark. Esan nahi baitzuen gauza funtsezkoa: ez da gutxiestekoa estatua eskuratzeak euskal herritarron bizitzan izan lezakeen eragina, baina energiaren krisi global geologikoak ahala du animaliako eragina izateko euskal herritarrongan. Are, dependentzia politikoak dakartzan ezintasunak ez ote dira txiki geratzen dependentzia energetikoak arlo guztietan ekar dezakeenarekin alderatuta: ekonomian, bizi kalitatean, pentsioetan, enpleguan, ongizatean, hezkuntzan?

Burujabetzaz ari garela bereiz daitezke gutxienez lau kontzeptu:

  • Estatugintza (aitaren etxea): aginte politiko-instituzionalaren sendotzea euskal lurraldeetan, prozesu sozial eta ekonomikoen gaineko kontrola eskuratze aldera, besteak beste.
  • Euskalgintza (amaren sua): euskararen herriaren trinkotzea, kulturazko identitatearen jarraidura.
  • Naziogintza: nazio sentimendua eta horri loturiko eduki identitarioaren errotzea euskal jendartean.
  • Herrigintza: gizarte antolatuaren logika, kapital sozial eta komunitarioaren eraikuntza, herri-ekimena, euskal gizarte zibil demokratikoaren antolatze prozesua.

Era askotako elkarreraginak daude guztien artean, bistakoa da. Sinergiak, tentsio-guneak eta kontraesanak, tartean. Horietako zenbait aipatuko ditut zertzelada eran.

(Sinergiak) Estatua eskuratzeak efektu positiboak izango lituzke gainerakoetan. Estaturik gabe zail daukagu hiztun komunitate gisa, hizkuntza komunitate orok behar du gaur daukaguna baino segurtasun juridiko-politiko handiagoa biziraungo badu. Estatu izateak hornitu ohi du naziogintza munizio sinboliko indartsuagoz (euskal selekzioak, demagun). Gainera, estatu izateak ekarriko luke tresna politiko-instituzional gehiago neurri ekonomiko-sozialak hartzeko eta ziurtatzeko garapen orekatua.

(Tentsio-guneak) Baina estatuarekin ez dago bermaturik ez hizkuntza komunitatea ez garapen eredu sozial-ekologiko-demokratikoa. Ez da errealista pentsatzea euskal estatua eskuratu eta hurrengo egunean irauliko dela herri honen soziologia, soziolinguistika eta sozioekonomia. Estatuak izan dira produktibismoaren eta mega-azpiegituren sustatzaile nagusietakoak, merkatu-eragileekin aliantza bizian. Egun estatu direnak ere desjabeturik daude, behar dute botere politikoa berreskuratu lurralderako, oligarkia finantzarioak hankapean baitauzka. Gaur dagoeneko estatua ez da gainontzeko instituzio guztiak bere baitan hartzen dituen meta-instituzioa. Estatuen mugak lotsagabeki zeharkatzen dituzten euroeskualdeak sortzeko prozesuak abian dira, eta ba omen dira tresna juridikoak zazpi euskal lurraldeak batuko lituzkeen euroeskualdea sortzeko (edo gutxienez lurralde garapena eta kohesioa indartzeko), borondate politikoa da eraiki beharrekoa.

(Kontraesanak) Kontraesanen adibide soil gisa, estatugintzaren eta herrigintzaren arteko tentsioa: gizarte modernoari han-hemen gertatu zaio ongizate Estatua sortu den abiadura berean ahuldu dela gizartean besteekiko ardura pertsonala. Are, ezinbestekoa izan da elkartasuna erakundetzea —hots, bestearekiko ardura kanporatzea norbere eremu kognitibotik, emozionaletik eta ekintzazkotik—, ziztu bizian heda dadin kultura hiper-indibidualista. Erakunde publikoetan delegaturiko elkartasunak komunitatea higatu du, herri-boterea mehetu, gizarte zibila argaldu eta indibidualizatu egin gaitu. Likidotu eta hein batean likidatu gaitu. Besteen ukimenaz libratu gara. Eta ondorioz, galdu ditugu elkarrekikotasunak dituen exijentziak, dakartzan penak eta nekeak, baita sortzen dituen zentzu efektuak ere. Ongizate Estatuak eta hiper-indibidualismoak, elkarren kontrakoak izatetik urruti, elkar elikatzen dute, elkarrekin harrotzen dira, elkar behar dute.

Beraz, elkarreragin konplexuak eremuon artean. Gai funtsezkoa bezain konplexua da boterea (norbere existentziari forma emateko ahala), eta berau ez da berdin mamitzen garai, une eta arlo guztietan. Oroz gainetik, nago garrantzitsua dela aitortzea eremu bakoitzari (estatugintza, euskalgintza, naziogintza eta herrigintza) bere autonomia erlatiboa. Gurean, ezker kulturak hierarkizazioa proposatu du: estatugintza lehenetsi eta gainontzekoei esleitu zaie halako posizio estruktural menpekoa, berdin garaian garaiko desafioak, premiak, indar korrelazioak, urgentziak, eta abar.

Burujabetza askotarikoaren perspektibak babesten gaitu partzialtasun horretatik. Burujabetzaren aldeko politika bezain garrantzitsua bihurtzen baita polis burujabea. Herri gisa aurrera egin beharko dugu txapel juridiko-politikoarekin hau ala bestea gertatu, eta berorren aldeko lan politikoan jarraitu bitartean. Aitortuz —mitologian erori gabe— herri honek historian zehar agertu duen gaitasuna egitura funtsezkoak sortzeko herri ekimenaren eskutik, edozein gizarterentzat berebizikoak diren alorretan: hizkuntza, ekonomia, edota hezkuntza. Munduan gogoeta burutsuak idatzi dira, nekezago aurkituko da praxi komunitario hain aberats eta eraginkorrik.

Harri-aro berrirako, estrategia eta tresna berriak prestatu beharko ditugu autoeraketaren bidetik. Eta zeregin hori ezin da utzi subordinazioaren logikapean. Gogoetok ez dute euskal estatuaren egitasmoa leundu nahi, osatu baizik. Besteak beste, estatuak nekez konponduko duelako ezer herrigintza eraginkor barik.

Euskalherrigintza sarri joan da lotuta beste kontzeptu batzuekin. Erlijioarekin, esaterako (“euskaldun fededun”). Duela ez horrenbeste integratu zuen gizarte moderno industrialaren kalapita nagusia, uztarri berean jarriz ‘nazioa’ eta ‘klasea’.

Gaur tamainako operazio ideologiko, politiko eta praktikoa behar genuke, integratuz aro berriaren funtsezko taupada: trantsizio ekosozialak (behartua izan ala borondatez moldatua) egundoko eragina izango du herritar ororen bizitzan eta gizarteko arlo guztietan. Ez dago auzi politiko garrantzitsuagorik XXI. mendean. Osotasuna berriro pentsatzera eroango gaitu, eroan behar gintuzke. Eta burujabetzaren aldeko aldarriak globala den krisi sozio-ekologiko hazkorraren soluziobideak pentsatu behar ditu, proposatuz nola garatu euskal trantsiziorako bide propioa.

Mario Zubiagak gogoratzen digu burujabetza prozesuak sarri eraiki ohi direla “gertaera katalizatzaile” bati esker. Orriotan galdetzen duguna da hazkorra izango den estres sistemikoa —kolapso itxura har dezakeena— bihurtuko ote den  gertaera katalizatzaile aurrera egiteko burujabetza askotarikoan (jauzi handiak emateko herrigintzan, naziogintzan, euskalgintzan nola estatugintzan). Esaten ari baikara bizitzaren administrazioa gutxiago kokatuko dela eskala globalean, gehiago eskala gertukoagoetan. Euskal Herria bezalako lurraldea eraikitzeko egitasmoa ez dabil urruti iraunkortasunari ganoraz erantzuteko indartu beharreko lurralde-eskalatik.