Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Itoaren begiak

Itoaren begiak

2013/09/10
Iñigo Aranbarri (Berria 2013/09/08) - Nahi aldean sarri datozkigu giza kondizioaren aurrean salatzen gaituzten gertaerak. Pertsona bat auto baten barruan, esaterako. Auto bat, ez berrietarik ere, jaietan den kostaldeko herri batean eguna argitzerako labain-labainka hasi eta portuko ur ilunetan galtzen dena

Albistea egunarekin batera zabaldu da, lehen printzek itoaren aurpegia erakutsi dutenean: gizonezkoa, berrogei urte, senegaldarra. Berehala eransteko: kaleko saltzailea zen, eta auto barruan zegoen lo hau lerratu eta putzuan hondoratu denean. Fini gertaera. Istripu bat. Ezbehar tamalgarria. Gizajoa.

Neoliberalismoa, bistan da, ez da soilik eskola ekonomikoa. Antropologikoa ere bada. Zuztarrerainokoa.

Angarilan mantapean daukatenaren begiak ez daude bakerako, ordea: lantokian hil naiz. Ez dio gezurrik, moila baitzuen behar leku, non bestela biltzen dira oihal gainean zabaldutakoak erosiko dizkioten festazaleak, bikote gazteak, umeak, helduak eta turista sentimentalak. Jaietan ondo arautzen den lantokian hil da, pausaturik zela.

Luzaz mintza gaitezke portuetako segurtasun neurriez, udal ordenantzez, eskuduntzez, ardurez eta bakoitzaren eginbeharrez. Kontua da lantokian hil dela, eta antza, lege aldetik lan istripua ez bada ere, zail dugu esateko heriotzak ez duela zerikusirik lan eta bizitza baldintzekin. Analogia bakoitza masaila zartatzen digun ukaldia da. Eman dezagun Euskal Herriko kamiozale bat, Poloniako autopista bateko atsedenlekuan edozerk su hartu eta keak itotzen duena lo dagoela. Ez da lanean hil? Benetan? Ziniko jarrita, joatea zeukan hotelera.

Alayi Mali ito zen egunean berean, festak aurrera, elkarretaratzea egin zen udaletxeko eskaileretan. Nagusirik ez, enpresarik ez, autonomo izatera ere iristen ez, deitzaileak ez ziren sindikatuak izan, Lekeitioko senegaldar komunitatea baizik.

Neoliberalismoa, bistan da, ez da soilik eskola ekonomikoa. Antropologikoa ere bada. Zuztarrerainokoa. Eta hor zail dugu itoaren begi bilduek ehiza ez gaitzaten.