Islandia: iraultza isildua

2012/09/27
Islandia.jpg
Krisian dauden Europako herrialdeen murrizketak egunkarietako orriak betetzen dituzten bitartean, bada doktrina hauei aurre egin zien herrialde bat Europan: ISLANDIA. Komunikabideetan ez du ia oihartzunik izan eta nazioarteko erakundeek ez dute inolako interesik izan kasu hau ezagutarazteko, beste toki batzuetan gauza bera errepikatuko den beldurrez.

Idoia Intxaurbe, ELAko Azterketa bulegoa (Gai Monografikoak 44 dokumentutik hartua)

Artikulua pdf-n

Islandiako ekonomia aurreko urteetan politika neoliberalek goitik behera aldatu ondoren, finantzek izugarrizko boterea lortuta, bazirudien dena ongi zihoala 2008ko  krisi ekonomiko finatzieroa etorri arte. 2008ko irailaren 15an Lehman Brothers erori zen. Bi aste geroago banku islandiarrak. Moneta lokalaren balioa erabat jaitsi zen, burtsarekin, bonoekin eta etxebizitzaren prezioekin batera.

Berehala, urriko lehen egunetan guztioi ezaguna egiten zaigun salbatzailea iritsi zen irlara, Nazioarteko Diru Funtsa (NDF). Beren asmoa kontrola bere esku hartzea zen 2.100 milioi dolarretako laguntza baten truke. Maileguaren baldintzetako bat islandiar bankuek zuten zorraren sozializazioa izan zen, hau da, 3.700 milioi euro 15 urtetan ordaintzea %5,5eko interes tasarekin. Islandiako Banku Zentrala berkapitalizatu behar izan zuten fondo publikoekin (BPGdren %18a) geroago banku pribatuekin berdina egingo zutelarik.Ondamendi honen aurrean, iraultza islandiarra forma hartzen hasi zen. Jendeak guztia galdu zuen eta etapa berri baten aurrean zeudela konturatu ziren. Urriaren bukaeratik 2008ko urte amaierararte jendeak manifestazioetan mobilizatzen ekin zion eta 2009ko urtarrilean izugarrizko kazerolada bat antolatu zuten gobernu osoaren dimisioa lortuz.

Esan behar da mobilizazio hauek 20 pertsonekin hasi zirela. Islandian manifestazioak ez ziren begi onez hartuak, ahultasun seinale moduan ulertzen baitziren. Uhartean egin zen azken manifestazioa 1949. urtean izan zen. Baina 2009ko urtarrilean gazte talde batek hartu zuen iniziatiba eta parlamentuaren aurrean etenik gabe geratuko zirela esan zuten, gobernuaren dimisioa lortu arte. Une horretatik aurrera gero eta jende gehiago hasi zen mobilizazioetara hurbiltzen eta azkenean lortu zuten euren helburuetako bat. Islandiarren eskaera 5 puntutan laburbildu daiteke: Gobernuaren dimisioa, · Islandiako Banku Zentraleko zuzendariaren dimisioa , ikuskaritza finan tzieroko zuzendariaren dimisioa, hauteskunde orokorrak eta· erreforma konstituzionala.

Lehenengo lau puntuak lortu zituzten eta bostgarrena bidean da.
Krisialdi finantziero honek nazioarteko gatazka bat sortu zuen Islandia eta Britainia Handiaren artean. 400.000 pertsonek beren aurrezkiak islandiar bankuen kontuetan jarri zituzten. Arazoaren aurrean gobernu holandarrak eta britainiarrak beraien herritarrei gordailuen zenbatekoak itzultzea erabaki zuten, ondoren hartzekodun gisa Islandiaren kontra jotzeko eta duten zorra kobratzeko.

Hasiera batean gobernu islandiarrak bi gobernu horiekin akordio bat sinatu nahi izan zuen era sekretuan, erabakia parlamentutik pasatu gabe.

Islandiarrek notizia ezagutu zutenean, 60.000 sinadura batu zituzten erreferendum bat ospatzeko, herritarrak izan zitezen zorra ordainduko zuten edo ez erabakitzen zutenak. 2010eko martxoan lehenengo erreferenduma ospatu zen, bertan herritarren %93a zorraren ordainketaren aurka azaldu zelarik.

Hainbat iniziatiben artean Parlamentuan Ikerketa Bereziko Komisio bat eratu zen, islandiar monetaren zorra Holanda eta Britainiarekin aztertzeko eta NDFaren maileguaren baldintzak aztertzeko. 2.000 orrialdeko informe bat egin zuten eta bertan argi    geratzen da islandiar inbertsiodun garrantzitsuenek informazio pribilegiatua erabili zutela. Komisio honek argitaratu zuen informazio hori zeukaten hainbat pertsonek beraien dirua bankuak erori aurreko egunetan atera zutela. Islandiako lehen ministro ohia zen Geir Haarde eta Banku Zentraleko gobernadore ohia zen David Oddsson, hainbat agintariren artean, arduragabekeria larria bete izanaz akusatu zituzten, bankuen porrotaren aurreko garaian eta ondorengo nazionalizazio prozesu garaian.

Aipatutako txostenaren arabera, 2008ko udaberrian, Estatu Batuetako krisi finan- tzieroaren aurretik, Haarde eta Oddssonek informazioa gorde zieten gobernuko  gainontzeko kideei, ez zuten informaziorik zabaldu hiru banku nagusien egoera kaxkarraren inguruan. Bankuen porrotetik urte terdi geroago, poliziak zenbait bankari atxilotu zituen, bitartean beste horrenbeste negozio gizon eta jabe 2.000 milioi dolarretako epaiketei aurre egin beharrean daude.

Bankariak saritzen ez zituen Europako lehen gobernua

Johanna Siguroasdottirren gobernu sozialdemokrata, bankariak saritzen ez zituen Europako lehen gobernua bilakatu zen, herrialdea geratu zen egoera larria beraien ardura zela leporatuz. Hainbat atxilotu zituzten eta Interpoleri eskatu zioten Islandiatik alde egin zuten 9 bankariren gain atxiloketa agindu bat zabaltzeko. Momentuz ez dute lortu inor kartzelaratzea baina egia esan, ez dute itxaropena galdu.

Gaur egun erreforma konstituzionala martxan dago. 2011ko azaroan hauteskundeak ospatu zituzten konstituzio berria idazteko ardura hartuko zuten 25 herritar aukeratzeko. 25 pertsona hauek ez dira politikoak, herritarrak dira, beraien borondatez aurkeztuta eta hautestontzietan aukeratuak izan dira.

Konstituzioan artikulu berriak idatzi dituzte iraganean gertatutakoa berriro errepikatu ez dadin. Islandian gertatutakoaren arabera oinarrizko lekzio batzuk atera ditzakegu bankuen erreskateen inguruan:

Posible da zorraren ezeztatzearen inguruan neurriak hartzea eta sistema finantzieroa berregituratzea, herritarrak babesteko eta ez merkatuko interesak.

Horrez gain posible da nazioarteko erakundeen presio eta liskarrei aurre egitea.

Bideragarria da krisialdi honetan ezarri dena ukatzea, hau da, ekonomiaren suspertzea sortu diren galeren sozializazioa lortzea.

Beharrezkoa da adostasun nazionala egotea nazioarteko presioei aurre egiteko. Islandian oso garrantzitsua izan da manifestazio eta erreferendunetan egondako partehartze aktiboa zorra ukatzeko.

Hobe da aurretiaz sistema finan tzieroaren hazkundea muga-tzea, erreskatera iritsi aurretik eta sistema lehertu aurretik.

Gaur egun Islandia suspertzen ari da. Islandiar koroaren debaluazioak exportazioak erraztu ditu, nahiz eta bankuen egoerarentzat ez dan batere onuragarria izan.

Bitartean Euroguneko herrialdeek austeritate plangintzekin jarraitzen dute defizitaren murriztea helburu, Islandian superabita duten bitartean. Langabeziaren tasa %8,1ekoa. Gainera, Europar Komisioaren aurreikuspenen arabera Islandiak BPGdren % 1,5arekin itxiko du urtea eta 2013an %2,3ko igoera izango dutela uste da.

Islandian gertatutakotik hainbat ondorio:

Politika neoliberalen ezarpenek hondamena dakarte. Desarauketan eta finantziar espekulazioan oinarritutako politika neoliberalek hondamendira bultzatu zuten Islandiako ekonomia. Bide horrek irteera gabeko kale batera eramango gaitu.

Krisiaren irteera politiken erabateko aldaketatik dator, botere politikoen eskaerei aurre eginez.

Islandian gertatutakoa ez da adibide isolatua. Merkatuen xantaiapean egon diren beste hainbat gobernuk (Argentina edo Ekuador, adibidez) erabaki dute, krisia sortu dutenei ordainarazten. Erabaki hauen emaitzek arrazoia ematen diete.

Gizartearen mobilizazioa da politikak aldatzeko bidea. Islandiak lekzioa eman digu europarroi. Sistemari aurre egin diote mobilizazioaren bitartez, gobernuak erabakitako politikak efektu gabe utziz. Demokraziaren sakontzea gizartearen esku dagoen tresna bat dela erakutsi digute, lau urtetik behin botoa ematea baino askoz haratago dagoena.

Islandiako kasua iraultza isildua izan zela diote. Baliteke iraultza izatera ez iristea baina ez dago zalantzarik isildua izan zela. Gure egunerokotasunean, gure borroketan, ohituta gaude komunikabide menperatzaileak jokatzen duten paperaz. Gure borrokak isilarazten dituzte.

Botere ekonomiko, finantziero eta politikoari beldurra ematen die gauzak aldatzea posible dela erakustea, mobilizazioek beraien egungo estatusaren aldaketa esanguratsua ekar dezakete. Hori ere Islandian gertatutakoaren ondorioa da. Boterea hauskorra da eta indarra gure esku dago. Horren kontziente izatea da dagoen eta botere handiena.