Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Industria eta industria politika kinka larrian

Industria eta industria politika kinka larrian

2016/07/06
Euskal industriak bizi duen egoera oso larria da. Azken hilabeteotan enpleguaren suntsiketa eta lan baldintzen prekarizazio kasu ugari eman dira, askotan mozkin handiak dituzten enpresa transnazionalek buruturik, gainera. Horren adibide dira EAEko Arcelor eta Nafarroako Landabenen (TRW) eman diren bezalako kasuak.

Egoeraren Azterketa 131Testu hau Egoeraren Azterketa 131 dokumentuan argitaratu da

Industriak ekonomian, gizartean (Euskal Herriko biztanleria okupatuaren %25ak industrian egiten du lan) eta naturan duen funtsezko garrantzia ezaguturik, ELAn nahitaezko jotzen dugu gure eskura dauden tresna guztiak erabiltzea herri bezala ditugun beharretara egokitzen den industria bat sortu eta garatzeko.

Horretarako lehen urratsa industria-larrialdi egoera honetara ekarri gaituzten alor larri eta garrantzitsuenak identifikatzea da:

1.    Politika neoliberalak aplikatzen dizkigute: Eusko Jaurlaritza ongizate estatua deuseztatzen dabil gastu eta zerbitzuen murrizketak eginez, Euskaltel bezalako enpresa publikoak pribatizatuz eta finantzak eta bestelako gai estrategikoak liberalizatuz eta kontrola galduz (Kutxabank); Foru Aldundiek fiskalitate inekitatibo eta injustua ezartzen dute...

Pertsonen eta gizarte eragileen partaidetza, adostasuna eta inplikazioa izatea politikak eta neurriak erabakitzerako orduan; demokrazia ez dadin izan lau urtean behin kolore bat hautatzea

2.    Energia eredu zaharkitu, espekulazioarekiko dependiente eta jasangaitzak ditugu, aldaketarako aukerak ugariak eta beharrak atzeraezinak badira ere.

3.    Lan eta bizi baldintzak lehentasunen artean ez dira kokatzen, dagoen prekarietatea eta ezarri dizkiguten lan erreformak eta negoziazio kolektiboaren estatalizazioa ontzat hartuz: pertsonak ekonomiaren erdian kokatu beharrean enpresak jartzen dira.

4.    Enplegurako prestakuntza politikak ez dira egokiak: kalitatea eta emaitzak kontuan hartu gabe soilik patronal, UGT eta CCOOen interes ekonomikoak asetzeko diseinatu dira, konplizitatea lortzeko gobernuek egiten duten politika neoliberalen aplikazioan.

Energia eta kontsumo eredu berde eta jasangarri bat bultzatu eta ezartzea, egungo beharrak eta hurrengo belaunaldien eskubideak batera uztartuz eta bermatuz

5.    Enpresa handi eta trasnazionalen aldeko apustua egiten da, globalizazioaren alde okerrena jasanez ahalegin eta laguntza nagusiak beraiei zuzenduz, enplegu gehiena hemengo ETEk sortzen badute ere.

6.    Politika eta neurri horiek aplikatzen dizkigute inolako partaidetza eta adostasun gabe, eta are gutxiago benetako analisi eta eztabaiden baitan. Gainera, administrazioarekiko erlazioak burokraziaz beterik daude eta ez dago koordinaziorik Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundi eta udaletxeen artean, are gutxiago estatuko eta Europako gobernuekin.

7.    Ikerketa, garapen eta berrikuntza maila baxua dugu, Europar Batasuneko batez besteko maila baino %5 murritzagoa eta inbertsio handiena egiten duen estatuarena baino %40 gutxiago.

8.    Ehun produktibo industriala eta enplegua deslokalizatzen da, batez ere transnazionalen esku dagoenean, mozkin altuagoak lortzeko asmo hutsarekin.

Hori dela eta, Euskal Herriko industria bermatu, garatu eta eraldatzeko elkarlana eta borroka inoiz baino ezinbestekoagoa zaigu. ELAn lan eta borroka egiten jarraituko dugu, gobernuek dagokien betebeharra denontzat egin dezaten: benetako neurriak eta politikak aplikatu gizartearen ongizaterako.

Lan harremanen euskal esparrua sortuz eta prekarietatea eta kolektibo diskriminatuek jasaten duten langabezia ekiditeko neurri eta ikuskaritza zorrotzak burutuz: pertsonak eta gizartea helburu nagusi bilakatzeko

ELAn beharrezko jotzen ditugun neurri eta politika horiek, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiei dagokienez, ondorengoak dira:

1.    Neoliberalismoa eta murrizketak alde batera uztea, gastu publikoa sustatuz ehun produktiboa handitu eta hobetzeko; zerga politika eraldatzea, gizartearentzako justuagoa eta eraginkorragoa den bat ezarriz.

    Gainera, enpleguaren eta aktibitate estrategikoen kontrola berreskuratzea, horretarako enpresa pribatuetan partaidetzak izanez (ACB Sestao eta Euskaltelen egin denaren kontrakoa, hain zuzen) eta enpresa publikoak sortuz eta sustatuz, besteak beste gizartearen zerbitzura dagoen finantza sistema publiko eta kalitatezkoa (Kutxabank bera izan daitekeena, egungo joera aldatzen bada).

2.    Energia eta kontsumo eredu berde eta jasangarri bat bultzatu eta ezartzea, egungo beharrak eta hurrengo belaunaldien eskubideak batera uztartuz eta bermatuz. Ekimen honekin bakarrik 106.400 enplegu sortu daitezke gure herrialdean ingurumena babesten den bitartean.

3.    Kalitatezko eta duina den enpleguaren alde jotzea, lan harremanen euskal esparrua sortuz eta prekarietatea eta kolektibo diskriminatuek jasaten duten langabezia ekiditeko neurri eta ikuskaritza zorrotzak burutuz: pertsonak eta gizartea helburu nagusi bilakatzeko.

4.    Enplegurako prestakuntza politika goitik behera aldatu behar da. Prestakuntza zentroen papera lehenetsiz eta gobernu, sindikatu eta patronalak kanpoan utziz, helburu zein irizpide objektibo eta unibertsalak bermatuz.

5.    Enpresa txiki eta ertainen aldeko apustu irmoa egitea eta, aldi berean, industriaren eraldaketa sustatzea; horretarako ematen diren diru eta bestelako laguntzak enpleguari eta lan baldintza egokiei lotuz, ez daitezen errepikatu Gasteizko Daewoo bezalako kasuak, enpresak dirua hartu bezain laster ezin dezan itxiera planteatu.

    Ekoizpen eta kontsumo ereduaren birplanteamendua eta birlokalizazioa aztertu eta plazaratzea, hemengo enpresa, enplegu eta produktuak bermatzeko xedez. Kanpoko menpekotasunak ukatzea bertako enpresa txiki eta ertainen, enpleguaren eta ingurumenaren onerako izango da; jatorri eta kalitate ziurtagirien alorra uztartzeak balio erantsi handiagoa eman dezake ere.

6.    Pertsonen eta gizarte eragileen partaidetza, adostasuna eta inplikazioa izatea politikak eta neurriak erabakitzerako orduan; demokrazia ez dadin izan lau urtean behin kolore bat hautatzea. Gainera, herrialde mailako politika koherente eta integrala diseinatzea, gobernu eta instituzio publiko guztiek norabide berean lan egin dezaten lan eta bizi baldintzak hobetzea helburu kokatuz. Euskal instituzioek aurre egin behar diote, era praktikoan, Europar Batasuneko industria ereduari, beraien ustetan politika industrial hoberena existitzen ez dena baita.

7.    Ikerketa, garapena eta berrikuntza ekonomiaren bultzatzaile nagusi bilakatzea, balio erantsi gehiago sortu dezagun eta ekoizpen ereduaren eraldatzaile izan dadin. Horretarako, ezinbestekoa da Europako buruan kokatzea I+G+b arloan egindako inbertsioan.

8.    Gaur egun daukagun ehun produktiboa eta enplegua defendatzea, ematen ari diren industriaren deslokalizazio eta itxiera erabakiei aurre eginez.

Langileok borrokan jarraituko dugu bizi baldintzak hobetu eta bermatzeko, baina gobernuek ere dagokien lana egin behar dute hori horrela izaten lagundu dezaten. Jaurlaritzak bere lana egin ezean, langileok askoz ere zailagoa izango dugu justizia eta ekitatea lortzea Euskal Herrian.