Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Independentzia, ekialdetik ere

Independentzia, ekialdetik ere

2017/12/27
Logika asimetrikoaren arabera, pentsatu da independentzia lortzetik hurbilen dagoen eremua dela Euskal Herri mendebaldea (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa bloke bakar gisa harturik), eta urrunago legokeela ekialdea.

Eneko Bidegain, Enbata 2017ko abendua

Logika asimetrikoaren arabera, pentsatu da independentzia lortzetik hurbilen dagoen eremua dela Euskal Herri mendebaldea (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa bloke bakar gisa harturik), eta urrunago legokeela ekialdea.

Kataluniako haizeak berotu ditu batzuk; hoztu besteak.

Berotu direnek oportunismoz jokatu dute independentismoaren gaia berriz ekartzeko gure artera: proiektu politiko bat garatzeko ordez, “eta guk zergatik ez?” ideiak motibaturik aritu dira edo Kataluniarekiko elkartasun mugimendu batera mugatu dira. Funtsean, lidergoa duten talde politikoek ez dute erakutsi independentzia agenda politikan jarri dutenik eta estrategiarik badutenik. 155. artikuluaren mamuak hoztu ditu beste batzuk. Kataluniako auzia hainbeste aldiz konparatu da EAErekin (azpimarratzeko Kataluniak nahiko lukeela EAEko autonomia maila eta EAEkoa dela Europako autonomia handiena), non hainbatek pentsatu duten ez duela merezi estatutu hori arriskuan ezartzeak. “Ez al gara, ba, ongi?” Buruan ideia hori duen jende anitz baldin badago, menturaz, independentismoa loratzeko lur emankorrena ez dago Euskal Herri mendebaldean.

Paradoxikoki, abertzaleen ustezko indarra ez ote da ahulgune, independentziaren bidean? Bistan da, esplikatu behar da autonomia estatutu horrek ez duela herri hau askatzen Espainiarekiko menpekotasunetik (155. artikuluaren aplikazioak garbiki erakutsi duen bezala), ez dauzkala uste dugun indar guztiak herria euskalduntzeko…

Baina gaur egungo usteen arabera, zergatik litzateke zentzugabeagoa independentziaren aldarrikapena ekialdetik abiatzea, mendebaldetik abiatu beharrean?

Utopikoa badirudi ere, independentziaren aldeko lanketa eta herri proiektu aske baten garapena zabaldu bagenu azken urte eta hamarkadetan, ez da pentsatu behar independentismoak indarrik hartuko ez zuenik Ipar Euskal Herrian ere

EAEko autonomia iruzurra bada, are penagarriagoa da Nafarroa Garaiaren eta Ipar Euskal Herriaren egoera. Beraz, independentziaren aldeko mugimenduarekin gutxiago luke galtzeko ekialdeak, eta gehiago irabazteko. Ergelkeria ote da independentzia aldarrikatzea Ipar Euskal Herrian? Zeren beldur gara? Gure –ustezko– ahuleziaren beldur? Ez ote da ahulezia handiagoa energia gastatzea, urteetan eta urteetan, zinezko askatasunik emanen ez digun erakunde baten alde? Zenbaterainoko erakargarritasuna du Frantziaren menpeko erakunde batek, askatasunarekin eta independentziarekin konparatuz? Pragmatismoa dakarrena da gure baitako segurtamen falta. Eta pragmatismoaren bidetik ez da sortu independentziaren aldeko kontzientziarik, eta ez da lortu herri hau askeago eginen duen egoerarik. Aldiz, utopikoa badirudi ere, independentziaren aldeko lanketa eta herri proiektu aske baten garapena zabaldu bagenu azken urte eta hamarkadetan, ez da pentsatu behar independentismoak indarrik hartuko ez zuenik Ipar Euskal Herrian ere. Alderantziz, gure baitako segurtamen eta konfiantza adierazle litzateke, sendotasunaren erakusle

Herri elkargoaren sorrerarekin, ziklo bat bururatu da. Beharbada mementoa etorria da euskal estatu baten ideia hedatzeko, halako proiektu bat lantzeko eta herritarren artean zabaltzeko. Herri gisa dena dugu galtzeko Frantziak eskaintzen duen menuarekin. Dena irabazteko askatasunarekin. Jendeak harriduraz hartuko duela? Hastapenean, hain segur. Baina harriduratik lortzen da jendearen gogoetak aldatzea, pentsamenduak mugitzea.

Independentziaren aukera ez badugu sekula begien bistara ekartzen, nehori ez zaio burura etorriko posible dela. Proiektua mahai gainean ezartzeak, aldiz, eztabaida berri, interesgarri eta emankorrak pitz litzake. Herritar askeak ere sortuko lituzke, ariketa hori egiteak berak. Eta ez da herritarrak aske izatea bezalakorik, herria askatzen hasteko.