Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Indarkeria transistemikoa

Indarkeria transistemikoa

2016/12/14
Mahai-inguruan, greban dauden erresidentzietako langileen bozeramaile batek esan du euren sektorea hain feminizatua egon arren, ez dutela nahi bezainbeste sumatzen feministon elkartasuna. Hirurek hauxe eskatu digute nolabait: “Feministok ere birpentsa dezagun gure eztabaidak eta politikak zein emakume hartzen duten erreferentziatzat eta zein uzten kanpo.

June Fernandez Argia 2016/12/11

june fernandezSorgin eta Anitzak elkarteko Liz Quintanak aho bete hortz utzi gaitu Donostian Emakumeen Mundu Martxak deituta bildu garen feministok, honako itaun hau entzun ostean: “Zure bikotekideak nola janzten zaren, noiz ateratzen zaren eta norekin hitz egiten duzun kontrolatzen badu, argi daukagu hori indarkeria dela. Baina, zer gertatzen da kontrol jarrera horiek zuen nagusiak egiten baditu?”.

Jardunaldien helburua indarkeria matxista kontzeptua birpentsatzea izan da. Erronka horrek beldurra eman ohi du, errazagoa baita doktrina argi eta sinpleak defendatzea. Hala, feminismoan maiz entzun izan dugu indarkeria matxista azaltzen duen osagai bakarra erro patriarkala dela. Areago, Espainiako Legearen arabera, genero indarkeria bikote heterosexualaren esparrura mugatzen da.

Askok diotenez, kontzeptu bat gehiegi zabaltzen badugu esanahia galtzen du, desitxuratzen da: dena indarkeria baldin bada ezer ez da indarkeria. Quintanak berak, erresistentzia horri erantzun dio hauxe esanez: “Indarkeria kontzeptua zabaltzeak borroka ahultzen du, berau ‘koherenteagoa’ bihurtzen du eta bazterkeria berriak saihesten laguntzen”.

Etxeko langileen %90 baino gehiago emakumeak izanik, ez al dute lan indarkeria hori bizi gizarte patriarkaleko emakume izateagatik?

Hasieran aipatutako galdera egitean, etxeko langileei buruz ari zen Quintana. Haren esanetan, lan mota hori, ugazabarekin bizitzera behartzen duena, indarkeria da berez, oinarrizko hamaika eskubide urratzen dituelako ezinbestez: intimitatea, atsedena eta sexu eskubideak garatzeko aukera, besteak beste. Etxeko langileen %90 baino gehiago emakumeak izanik, ez al dute lan indarkeria hori bizi gizarte patriarkaleko emakume izateagatik? Ugazaba gizonezkoa denean, langileek sexu jazarpena ere salatzen dute maiz. Kasu horretan argi daukagu indarkeria matxista dela. Baina ugazaba bikote heterosexualeko emakumezkoa baldin bada? Gatazka horren oinarrian sexismoa ere badago, esan du Quintanak: etxeko langileek ustez emazteek doan egin behar luketen lanak egiten baitituzte, eta logika horri jarraituz, emaztearen ardura izango da behargina kontrolatzea; polizia gaiztoaren papera hartzea.

Etxeko langileen eta zaintzaileen kasuan indarkeria transistemiko hori argi dago: sexismoaz gain, xenofobiak edota klasismoak eratzen du langile hauen egoera.

Emakume Mundu Martxako bultzatzaileek argi daukate sexismoa berez ez dela emakumeok bizi ditugun indarkeriak azaltzeko nahikoa. “Indarkeria transistemikoa” kontzeptua proposatu dute zapalkuntza sistema anitzak nola uztartzen diren hobeto deskribatu eta uler dezagun. Etxeko langileen eta zaintzaileen kasuan indarkeria transistemiko hori argi dago: sexismoaz gain, xenofobiak (atzerritartasun legeak horrelako lan prekarioetara baztertzen ditu emakume etorkinak) edota klasismoak (garbitzailearen estigmak errazten ditu errespetu faltak) eratzen du langile hauen egoera. Prostituzioarekin gauza bera gertatzen da. Liz Quintanaren mahai-inguruan Ericka Arbizu sexu langileak ere parte hartu zuen: emakumea, transexuala, etorkina. Argi dago sexismoaz gain, xenofobiak eta transfobiak mugatu dutela bere bidea, denen nahasteak alegia.

Mahai-inguruan, greban dauden erresidentzietako langileen bozeramaile batek esan du euren sektorea hain feminizatua egon arren, ez dutela nahi bezainbeste sumatzen feministon elkartasuna.

Transfeministek aspaldi defendatu dute (dugu) ez dela kasualitatea instituzioek defendatzen duten indarkeria matxistaren definizio hertsia, ezkondutako emakume txuri heterosexuala erreferentzia bezala hartu izana. Mahai-inguruan, greban dauden erresidentzietako langileen bozeramaile batek esan du euren sektorea hain feminizatua egon arren, ez dutela nahi bezainbeste sumatzen feministon elkartasuna. Hirurek hauxe eskatu digute nolabait: “Feministok ere birpentsa dezagun gure eztabaidak eta politikak zein emakume hartzen duten erreferentziatzat eta zein uzten kanpo.