Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Immigranteak ala hiritarrak?

Immigranteak ala hiritarrak?

2012/10/08
1929ko krisiak Nazismoa ekarri zuen. Egungo krisiak ikuspegi arrazistak indartzeko arriskua baretzen saiatzeko, eta immigranteekiko topikoak desmontatzeko asmoz liburuxka berria argitaratu dugu. Eduardo J. Ruiz Vieytezek idatzi digu testua, Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria.

Inmigración, diversidad e identidades culturales:¿Problema u oportunidad? liburutik hartua.

Eduardo J Ruiz Vieytez (Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria)

Azken 20 urteetan orain arte ezezaguna zen immigrazio prozesu sendoa bizi izan dugu, gure artera aniztasun berri bat ekarriz.

Immigrazioa zentzu hertsian mugimendua besterik ez da, desplazamendua, eta berez amaitu egiten da pertsona helmugara heltzen denean. Zorrozki ulertuta immigrazioa, mugimendu prozesu gisa, muga igarotzean amaitzen da, edo immigrantea leku batean ezartzen denean denbora tarte batez geratzeko asmoz, kokatze hau, hasiera batean, oso prekarioa izanda ere. Beraz, zorrotz izanda, pertsona bat immigrantea da alde batetik bestera mugitzen den bitartean soilik, baina ez gure artean kokatu denean denboraldi batez gelditzeko asmoz, hau luzea ala laburra izan.

Hortaz, kudeaketa publikoaren ikuspegitik, pertsona bat, beste herrialde batetik etorria eta erabaki duena bertan gelditzea eta bere bizi proiektua hemen garatzea (edo saiatzea behintzat), beste bizilagun bat gehiago da. Pertsona hiritar gisa hartu behar da; edo nahi bada euskal hiritar berri gisa. Bidegabea eta okerra da etengabe immigrante eta bertakoez hitz egitea gizarte demokratiko eta moderno batean. Euskal gizartean denbora gehiago edo gutxiago daramagun pertsona desberdinak bizi gara, eta askotan ez dakigu, ere, zenbat denboraz jarraituko dugun hemen.

Bigarren edo hirugarren belaunaldiko immigranteez hitz egitea are bidegabeagoa da oraindik, immigrante bihurtzen baititu bertan jaio diren immigranteen seme-alabak. Gizartearen garapenean lan egin eta parte hartzen duten hiritar guztiei dagozkien eskubideak ukatzen segitzeko modu bat baino ez da hori.

Politika publikoak hiritarren eskubideen ikuspegitik bideratu ordez immigrazioaren ikuspegitik bideratzean perbertsio bat sortzen da, immigranteak (baita bigarren eta hirugarren belaunaldikoak ere) diskriminaziorako edo eskubide murrizketak jasateko subjektu potentzialak baitira beti. Beraien eskaerak zerrendako azken postuetan jartzen dira guztiz zilegiak izanda ere, eta beti egongo da tentazioa beraiei integrazio prozesu bat eskatzeko, hau da, esklusiboki beraiengandik guganako prozesua. Gizarte batean bizi eta lan egiten duen oro hiritartzat hartzea lehen urrats beharrezkoa da eskubide eta betebeharrei buruz hitz egiteko. Esperientzia immigrantea duten pertsonak eta egun gure bizilagunak direnak, gizarte honen parte dira, berau formatu eta deformatzen dute guk guztiok eguneroko bizitzan egiten dugun moduan, eta kudeaketa publiko eta politikoaren ikuspegitik, hiritar gisa hartuak izan behar dira, kontuan izan gabe bizitza ibilbidean immigrazioa esperientziarik edo mugikortasunik izan duten ala ez.

Liburua irakurri

Immigranteak ala hiritarrak?