Ikerlarien bila

2017/12/18
LeioaAretoa.jpg
Luxua izan zen aste betez lan mundua eta sindikalismoa ikertzen duten mundu mailako lau ikerlari gurekin izatea. Quebec-etik etorri ziren Melanie Dufour-Poirier eta Christian Levesque; Frantziatik Christian Dufour eta Alemaniatik Adelheid Hege. Lehen hirurak, CRIMTeko ikerlariak (Globalizazioa eta Lanari buruzko Ikerketa Zentro Interunibertsitarioa); azken biak IRESekoak (Frantziako Ikerketa Ekonomiko eta Sozialerako Institutua).

Unai OñederraUnai Oñederra, Manu Robles-Arangiz fundazioa (idatzi hau Gai Monografikoak 54-ren hitzaurrea da)

Ez dira berriak Euskal Herrian. 2007tik ezagutzen dugu elkar eta, ordutik, estuki jarraitzen dugu beraien lana. Beraiek ere, esaten digutenez, jarraitzen dute gurea. Elkarren beharra dugula dirudi.
Baina, zergatik joan Atlantikoaren beste puntara? Ezin genuen gertuago gelditu? Ez da ikerlari faltagatik izango... Zerk egiten ditu hain berezi?

Sindikalismoa berrindartzeko gakoak ematen ziren artikulu pare batek eraman gintuen berainegana. Gako hauek bat egiten zuten, guk, gure praxiarekin, behin eta berriro eroriz eta jaikiz, ondorioztatu genuenarekin. Nola daiteke?

Baina, zergatik joan Atlantikoaren beste puntara? Ezin genuen gertuago gelditu? Ez da ikerlari faltagatik izango... Zerk egiten ditu hain berezi?

Bada, ikerlari hauek erabiltzen duten ikertzeko moduagatik, eta ikerlari hauek sindikalismoa berrindartzeko duten grinagatik. Sindikalismoaren gainbeherarekin kezkatuta dauden ikerlari sindikalistak dira.

Jakin nahi dute botere sindikala nola eraiki den historikoki, zein baliabide eta gaitasun jorratu behar izan duen langile mugimenduak ospea eta hobekuntzak lortzeko; jakin nahi dute nola lortzen duten sindikatuek zilegitasuna langileen artean, neoliberalismoak, globalizazioak, digitalizazioak, prekarizazioak, tertziarizazioak, zer eragin izan duen beraiengan, nola erantzun duten oro har, zer bilakaera izan duten instituzionalizazioaren ondorioz...

Hemen CRIMTekoen moduan lan egingo duen ikerlari talde bat sustatzeko ahaleginean darraigu

Hori guztia ikertzen dute herrialde desberdinetako lan zentro eta sindikatuetan elkarrizketak eginez: langileekin, ordezkariekin, sindikalistekin... Grabagailu eta koadernotxoak eskuetan, erantzun guztien oharrak idazten doaz, benetan gertatzen ari dena protagonistek nola bizi duten xehetasun guztiekin jasoz.

Biltzen duten informazio horrekin herrialde desberdinen arteko konparaketak egiten dituzte, legedi edo sindikalismo eredu desberdinak izanda ere, lan munduan zer gertatzen ari den ezagutzeko.
Oinarri sendo horietan bermatuta, sindikatuak eraberritzeko eta berrindartzeko proposamenak egiten dituzte. Nolabait esateko, beraiek lokatzetan ikusi dutenarekin norabide eta gako batzuk proposatzen dizkigute sindikatuoi arrakastaren bidean abia gaitezen.

GM 54 portadaEz da erraza, badakite. Sindikalismoaren gainbehera inork baina gertuagotik bizi dute, oinarri oinarrietatik ezagutzen baitute urteetako lanari esker. Baina hobera egin daitekeela sinisten dute. Itxaropena badute, Euskal Herrian aurkitu baitute beste inon topatu ez dute sindikalismo eredu bat. Bere gabezia guztiekin, ikerlariok proposatzen zituzten erabaki batzuk hartuak zituena eta, bere miseria guztiekin bada ere, bizirik, borrokarako grinaz eta sasoian dagoena. Atlantikoaren beste aldetik etorri behar izan dute esatera: “bide onean zoazte, ez zaudete erotuta, ez zarete mendira joan... sindikatuak aurrera egin dezan har zenitzaketen erabakiak hartu dituzue. Segi aurrera, guk gertutik jarraituko zaituztegu.”

Espainiar estatuan ikerketa sindikala urria da, Beltran Roca Cadizeko Unibertsitateko ikerlariak erakutsi zigun moduan. Eta Euskal Herrian lan mundua lan zentroetan bertan ikertzen duten ikerlariak topatzea oso zaila.

Hemen CRIMTekoen moduan lan egingo duen ikerlari talde bat sustatzeko ahaleginean darraigu. Nazioarteko kongresu batean elkartu genituen interesa duten hemengo hainbat ikerlari CRIMT eta IRESekoekin. Ahaleginak fruituak emango dituela sinetsita gaude. Argitalpen honek beste bultzadatxo bat izan nahi du.