Hemen zaude: Hasiera Artikuluak IAT-ITV Gipuzkoa: azterketa pasatzen ez duen lan erreforma

IAT-ITV Gipuzkoa: azterketa pasatzen ez duen lan erreforma

2014/10/27
Hernaniko ELAko egoitzan bildu ginen asteazken goiz batez. Egun hartako gure asmoa xumea zen: Irun eta Urnietako Ibilgailuen Azterketa Teknikoko (IAT) zentroetan borrokan ibili diren langileen testigantza jasotzea. Batzordeko buru den Ketxusekin aurretik hitz eginda geunden, eta gure poztasunerako, hara non agertu ziren gainontzeko beste ordezkari sindikal guztiak ere. Goiza aurrera joan ahala, IAT zentroetan lan egiten duten militanteek bete zuten gela. Txiki gelditu zitzaigun aretoa.

Aiala Elorrieta Agirre, Izan ta esan 004

Gatazka luze honetan garaile ateratzeko ezinbestekoa izan dute lantaldearen beraren indarra eta antolakuntza, eta borrokarako estrategiak moldatzeko gaitasuna. Agian horretxen isla dugu goiz hartan talde handi bat bertaratu izana. Izan ere, udaletxe parean deitua zuten elkarretaratzera jo zuten batzarra amaitutakoan. Ez zen hura pankarta baten atzean batzen ziren lehen aldia izango, ezta azkena ere.

Jarraian aurkezten dizuegun dokumentuan, bederatzi hilabete luzez greban tinko iraun dutenen lekukotasuna ezagutzera eman nahi dugu. Bide batez noski, omenaldia egin nahi diegu eta egindako lan gogorrari dagokion merezimendua eskaini.

Sarrera

Irun eta Urnietatik 170.000 bat ibilgailu pasatzen dira urtean Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) egitera. 59 langile dira denera eta egundoko mobilizazio eta borroka gaitasuna dutela erakutsi digute beste behin ere. Langileen %80 inguru sindikatu baten kide da eta afiliatuta dauden horietatik %85 ELAkideak dira. Horrek, noski, badu bere isla: enpresa-batzordea osatzen duten bost ordezkariak dira ELAkoak.

TÜV-Rheinland Ibérica S.A. enpresa multinazionala da gaur egun bi estazio hauetako jardueraren kontzesionarioa, 1993an Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak esleipena eman zionez geroztik. Aurreko lan hitzarmena 2010eko ekainean adostu zuten sei hilabeteko lanuztearen ondoren. Lorpen honen berrikuntzarik nagusiena hauxe izan zen: bi zentroetan lan egiten zuten 59 pertsonen eskubideak hitzarmen bakarrean batu eta arautzea.

Honen iraunaldia 2011/12/31an agortu zenetik, enpresak ez du hitzarmena berritzeko inolako asmorik erakutsi. Are gehiago, etengabe inkunplitu du. Jarrera horren ondorioz, mobilizazio eta lanuzte solteak antolatu dituzte langileek. Helburua argi zuten: patronalari ezin zitzaion utzi, inondik inora, lan erreforma aplika zezan. Hori saihesteko 2013ko ekainaren 15ean grebara deitu zuten. Luze joko zuen grebak.

Irakurri dokumentu osoa