Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Huyck Wangner Zizurkil: Bizi dugun egoeraren azalpena

Huyck Wangner Zizurkil: Bizi dugun egoeraren azalpena

2013/04/16
Urtarrilaren 21ean, XERIUM-eko kontseilariak eta hauen abokatuek Donostian bilera batera deitu gintuzten, hartu behar zituzten neurrien berri emateko. Egoeraren azalpen labur batzuk eman eta gero, haien abokatuek esan ziguten hartutako erabakia: ERE bat aurkeztuko zutela, eta Zizurkileko lantokian momentu horretan zeuden 81 langileetatik 75 kaleratuak izango zirela. Honek, argi eta garbi, lantegiaren itxiera suposatzen du.

ERE-tik kanpo geratzen ziren 6 langileak komertzialak dira, eta enpresaren asmoa hauek bulego txiki batean geratzea da, delegazio komertzial gisara.

Emandako arrazoiak, nagusiki, bi izan ziren:

  • Batetik, papergintzaren sektoreak eta multinazionalak jasaten ari diren krisia.
  • Bestetik, Zizurkilgo lantegian dagoen makinaria zaharkituta dagoela, eta hau berritzeko gehiegizko inbertsioa egin beharko litzatekeela (19 eta 24 milioi euro artekoa, haien esanetan).

Erabaki estrategiko eta subjektiboa izan da:

Guk, lehenengo momentutik, haiek ezarritako aurrekariak ez ditugula onartzen, eta errealitatearen zati garrantzitsuenak aipatu ez izana leporatu genien. Izan ere, egun hartan esan ez zigutena zera da:

1. argudioari buruz: krisia.

+ Zizurkilgo lantegiak, krisia krisi, urtero benefizioak eman ditu: 2011. urtean 102.000 € eta 2012. urtean 96.000 €.

+ Salmentako datuak kontutan izanda, Europako lau lantegietatik gutxien jeitsi dena izan da.

+ Datu guztiak aztertu eta ondoren, bi ondorio atera daitezke: bata, hau guztia aspaldi prestatzen hasi zirela, nahiz eta orain ikusi duten momentu egokia dela erabakia hartzeko. Bigarrena, sakeo bat egon dela Zizurkilgo lantegiaren kontura. Hau guztia azaltzeko, datu gutxi aski dira:

  • 2009. urtean, Zizurkilgo lantegiak mailegutan 4,3 milioi euro eman zizkion XERIUM multinazionalari (zehazki, Xerium Germany Holding GMBH konpainiari). Baina okerrena da, ondoren mailegu hori kondonatu edo barkatu egin arazi ziotela Zizurkilgo lantegiari. Mailegua opari bat bihurtu zuten.
  • 2010. urtean, beste milioi bat euro baino gehiago eman zion mailegutan multinazionalari (kasu honetan  Xerium Tecnologies Ltd enpresari).
  • Bestalde, talde barneko salmenta neurriak ere guztiz desorekatuak izan dira, multinazionalaren mesedetan. Zizurkilgo lantegiak gero eta garestiago erosten zizkion lehengaiak multinazionalari, eta gero eta merkeago saldu egindako produktua.
  • Salmentarako muga zorrotzak jarri dizkiote hemengo lantegiari, bai egin beharreko produktuetan eta bai herrialde askotako merkatuetan sarrera debekatuz.

Baina guzti honen gainetik, gauza bat nabarmendu beharra dago: egindakoa egin ondoren, Zizurkilgo enpresak datu ekonomiko oso onak dituela (zorpetze maila txikia, etekinak ematen ditu, likidezia maila ona du, etab.). Hau da, lantegi honen sendotasun ekonomikoa frogatuta dago.

2. argudioari buruz: makinariaren zaharkitzea.

+ Produktibitate ratioak kontutan hartuta, hiru-hilabete askotan mundu mailan multinazional guztiko lantegirik hoberena izan da azken urteetan, hau da, langile bakoitzeko produkzio gehien egin duena (Alemania, Japonia eta Canada bezalako herrialdeetako lantegien gainetik). Datu hori ez da guk emandakoa, enpresak emandakoa baizik.

Galdera bat sortzen da hau esandakoan:

Nola liteke orduan, makinaria horren zaharkitua izanik produktibitate hoberena izatea mundu mailan?  Orain arte izan duten kontraesan askotariko bat besterik ez da hau.

+ Hemen erabiltzen diren makina batzuk berritu beharko lirateke? Seguruenik bai, enpresa guztietan bezala. Baina argi duguna ere zera da, 19 eta 24 milioi arteko inbertsioarena ez duela ez buru eta ez hankarik, guztiz neurrigabea da esan duten kopuru hori, puztuta daude dudarik gabe. Enpresak bere txostenean beharrezko inbertsio honen partida orokorrak ematen ditu, eta horien artean, adibide bezala partida batzuetan zera dio:

  • Zehaztasunik gabeko zenbait partidengatik 1.760.000 eta 3.090.000 € artean inbertitu behar dela diote (“otros costes equipo” eta “otros costes rehabilitación”). Ez du esaten zer ordaindu nahi duten dirutza horrekin.
  • 4,5 eta 4,7 miloi € beharko liratekeela ere esaten dute, “instalazioen berregokitze lanetan”, eta hori ere ez dakigu zertan datzan zehazki.
  • Aire girotuan eta aislamentuan miloi 1 € baina gehiago inbertitu behar direla derrigorrez enpresan produkzioak jarrai dezan.
  • Zaharkituta egon daitezkeen makinei buruz ere esatekoa badago: Alde batetik, logikoa denez, makinak ez dira egun batetik bestera zahartzen. Hau da, urte askotan inbertsioa egin ez dutelako gertatu da, haien erabaki baten ondorio zuzena hain zuzen. Gainera, makina zaharrek dagoeneko amortizatuta daude. Bestetik, urtez urte, lantegiak emandako benefizioez gain, diru kopuru bat makinaria berritzeko gordetzen joan dira aurkeztutako kontuetan. Beraz, non dago orain diru guzti hori?

Emandako arrazoiei buruz, azken ondorio bat: Hemengo langileen soldatak ere ez dira arazo bat, izan ere, produkzioa eraman nahi duten herrialdeetako lan-sariak askoz handiagoak dira (Alemania, Austria eta Italiakoak, alegia).

Txoten osoa irakurri

Huyck Wangner Zizurkil: Bizi dugun egoeraren azalpena