Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Huyck Wangner-go langileen gutuna Alemanei

Huyck Wangner-go langileen gutuna Alemanei

2013/04/16
Zizurkilgo Huyck Wangner lantegiko langileek gutun labur bat osatu dute beraien egoera Alemanian azaltzeko / HUYCK WANGNER SPAIN lantokiko langileen partetik gatoz, eta lantegi honen egoera larriaz, eta enpresa taldeak gurekin eduki duen jokabideaz berri ematera etorri gara.

Urtarrilaren 21ean, XERIUM-eko kontseilariak eta hauen abokatuek, egoeraren azalpen labur batzuk eman eta gero, hartutako erabakia esan ziguten: ERE bat aurkeztuko zutela, eta Zizurkileko lantokian momentu horretan zeuden 81 langileetatik 75 kaleratuak izango zirela. Honek, argi eta garbi, lantegiaren itxiera suposatzen du.

ERE-tik kanpo geratzen ziren 6 langileak komertzialak dira, eta enpresaren asmoa hauek bulego txiki batean geratzea da, delegazio komertzial gisara.

XERIUM talde amerikarrak egoera zaila igarotzen ari da 2010. urtetik hona, baina Zizurkilgo lantegiak, urtero benefizioak eman ditu.

Salmentako datuak kontutan izanda, Europako lau lantegietatik gutxien jaitsi dena izan da.

Gainera, azken lau urteetan 5,7 milioi € atera dituzte multinazionala finantzatzen laguntzeko.

Gure lantegiko langileak oso elkarturik eta indartsu gaude, gure lanpostuak defendatzeko prest, baina zuen laguntzak dudarik gabe beste dimentsio bat emango lioke gure borrokari

Hori guztia horrela izanda, gure lantegian inbertsiorako dirurik ez dagoela esan eta 100 urteko historia eta 75 familien etorkizuna pikutara bota nahi dute.

Hartu duten erabakiak ez du justifikaziorik, bidegabea da, baina zoritxarrez orain, Espainiako Erreforma Laboralei esker, legala izan daiteke. Legedi berriarekin, enpresa oso bat itxi daiteke, nahiz eta etekin izugarriak izan, enpresak berak egindako aurreikuspenetan oinarrituta, eta langileei indemnizazio minimoa ordainduz.

Aspaldi hartutako erabaki bat izan da hau, urtetan Zizurkilgo lantokia desjabetzen eta berrikuntzarik egin gabe utzi bait dute. Eta orain, Espainiako Erreforma Legalez baliatuz, erabakia exekutatzeko momentu egokia dela pentsatu dute, oso erraz eta merke delako orain enpresa bat ixtea espainiar estatuan.

Zoritxarrez, beranduegi konturatu gara XERIUM-ek gurekin aspaldi pentsatuta zuen estrategia honetaz. Horregatik, bidai honetako gure helburu nagusia, taldeko beste langileei gure historiaz ohartarazi, eta ahal den neurrian, informatuak eta koordinatuak egoteko deia egin nahi dizuegu. Gure mezua elkartasunerako dei bat da, eta guretzako beranduegi izango balitz ere, etorkizunean egin ditugun akatsak beste batzuek errepika ez ditzaten nahi genuke.

Elkarturik askoz indar gehiago erakutsiko dugu multinazionalaren aurrean, eta hori beti langileon mesederako izango da; bai gurea bezalako egoera larri batean, baina baita ere egoera normalizatu batean, langileen interesak modu egokienean defendatzeko.

Gure kasuari dagokionez, zera pentsatzen dugu: enpresaren estrategia behera botatzeko garaiz gaude, eta ildo horretan jarriko dugu gure indar guztia.

Gure lantegiko langileak oso elkarturik eta indartsu gaude, gure lanpostuak defendatzeko prest, baina zuen laguntzak dudarik gabe beste dimentsio bat emango lioke gure borrokari.

Milesker egin diguzuen harreragatik, eta esker bereziak I. G. Metall sindikatuari, guretzat oso handia eta garrantzitsua izan da.

Huyck Wangner-go langileen gutuna Alemanei