Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Hitzordu garrantzitsu bat Baionan: ALTERNATIBA

Hitzordu garrantzitsu bat Baionan: ALTERNATIBA

2013/09/16
«Desarauketa klimatikoa areagotzen eta lastertzen ari da, oraindanik planetako populu behartsuenak, eta, epe ertain baten buruan bizitza zibilizatuaren baldintzak, lanjerrean ezarriz. Alta, beroketa klimatikoari buru egiteko konponbideak badira, trantsizio energetikoari buruzko bideak biderkatzen dira; jadanik elkarte, norbanako, herri eta eskualde ainitzek probatu dituzte munduan zehar. Milaka alternatiba horiek eguneroko jendarte neurritsuago, atseginago eta solidarioago baten eraikuntzan parte hartzen dute. Zatozte Alternatibara, Baionan kokatuko den Alternatiben Herrixkara, haien deskubritzera, 2013ko Urriaren 6an igandearekin.» Stephan Hessel

Esaldi horiek Stéphane Hessel-ek idatzi ditu 2012ko abenduan. «Haserretu/Sumindu zaitezte !» liburuaren idazleak, geroztik zendu denak, onartu zuen Alternatibaren, hots Baionan, urriaren 6an, goizeko 9etarik goiti iraganen den Alternatiben Herrixkaren babeslea izaitea.

Alternatiba, alternatiben herrixka:

Milaka pertsona bertan itxoinak dira. Baiona erdi guneko karrika edo plaza bakotxa gai bati lotua den alternatiba bati lotua izanen da, adibidez ekonomiaren bertokiratzearen karrika edo lanaren eta aberastasunen banatzearen karrika, laborantza herrikoia eta iraunkorraren plaza, autoari alternatibarena edo konponketa eta birziklatzearena.

Alternatiba Baiona

Karrikaz karrika, gertatzen ari den beroketa klimatikoaren sortzaile diren berotegi efetuzko gasen isurketa gaurdanik zehazki ttipituko dituzten neurriak eta alternatiba zehatzak ikusten ahalko dira (eko-eraikuntza, auto-partekatzea, banaketa eta kontsumo sare laburrak, energia ekonomiak, energia berriztagarriak (Goiener-ekin adibidez), banku etikoak (Fiare bezala), tokiko monetak, aurrezki sistema solidarioa, berziklapen guneak, Zero Zabor sistema, Energaia ikuspundutik positiboak diren lurraldeak, trantsizioan diren hiriak, enplegu klimatikoak, ekoizpenaren ber-konbertsio ekologiko eta soziala, etab.)

Ia 100 aditu, militante, arduradun sindikal edo hautetsik Euskal Herri osotik edo Frantses Estatu osotik 50 pasa hitzaldi, tailer, mahai inguru segurtatuko dituzte egun hortan. Besteak beste hor izanen dira Paul Nicholson, José Bové, Amaia Munoa, Mikel Noval, Iñaki Antiguedad, Joseba Azkarraga, Geneviève Azam, Eva Joly, Michel Berhocoirigoin, Christophe Aguiton, Florent Marcellesi, Hervé Kempf...

Besta herrikoi haundia:

Baiona erdian den alde zaharraren zati haundi bat mota ezberdinetako musika, karrika antzerki, olerki, irakurketa publiko eta bazkari herrikoietaz animatua izanen da. Etxaldeetako ekoizkinez osatutako merkatua, joko eremu zabal bat eta haurrendako tailer pedagoikoak, mutxikoak, kontzertuak, abesbatzak, trukaketa guneak, txirrindulen azokak eta konponketa tailerrak antolatuak izanen dira ia gune guzietan.

Alternatiba Baiona

Horrek guziak besta herrikoi itxura ukanen du eta ber denboran alternatiba zehatzen aurkezpen gune batena, non aterabide alaiak, lagun, besta eta ikas giroko herrixkan famili edo lagun artean bisitatzen ahalko diren (sartzea urririk izanen delarik).

Stéphane Hessel-i omenaldia:

Arratsaldeko 17:30tan Stéphane Hessel-zenari omenaldi garrantzitsu bat eskainia izanen zaio milaka pertsonen aintzinean. Krisi sozial eta ekologikoari aurre egiteko engaiamenduari buruz mobilizatzeko dei bat izanen da. Karia hortarat, Christiane Hessel, Stéphane zenaren andrea, bai eta ere hainbat artista Oreka TX, I Muvrini korsikar taldeko kantariak, palestinar musikariak, etab. hor izanen direlarik. Ez ohizko kontzertu batekin, urririk izanen dena, jarraituko du egunak Zebda (+hainbat gomitatu “Chants de Lutte des Motivés”ren errepertorioaren emaiteko) eta Willis Drummond taldeekin.

 

Oihartzun haundia ukanen duen gertakaria!

Euskal Herriko hainbat sare eta erakundek (Bizi !, CADE, EHLG, EHNE Bizkaia, Eguzki, ELA, Fundación Traperos de Emaús de Navarra, Goiener, Koop57, LAB, REAS Navarra, REAS Euskadi...) bai eta Frantses Estatu osoko hainbatek (Amis de la Terre-France, ATTAC-France, Biocoop, Confédération Paysanne, Enercoop, Slow Food France, Union Syndicale Solidaires...) deia zabaldu dute egun hortan Baionarat joaiteko.

Alabainan, Alternatiba 2013 mobilizazio herrikoi mota berri baten gertakari sortzailea izanen da, 2015ko urte bukaeran Frantzian (Paris-en) iraganen den COP 21 edo Nazio Batuen Erakundearen 21. klimaren topakei begira. Helburua da, 2015 urtean Europan zehar beste hamarnaka Alternatiben Herrixken sortzearen bultzatzea.

Laguntzaileei deia

Alternatibaren arrakasta segurtatzeko, 500 laguntzaileren mobilizazioa baitezpadakoa da. Antolakuntzaren partaide izan nahi dutenak gomitatuak dira Alternatibarekin harremanetan sartzerat alternatiba2013@bizimugi.eu helbidean edo 05 59 59 33 23 zenbakian.