Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Hezkuntza salgai!

Hezkuntza salgai!

2013/09/18
Krisia hasi zenetik edo, hobe esanda, krisiaz baliatuz hezkuntza salgai jarri dute gobernu ezberdinek. Salgai jarri dute, baina nahiko merke zeukaten lehendik ere. Azken hamarkadetan Hego Euskal Herriko gobernuek guk sortzen dugun aberastasunaren %3,5 inguru besterik ez dute bideratu hezkuntzara, hau da, herrialde aberatsenek baino 1,6 puntu gutxiago, proportzioan 1.500 milioi euro inguru gutxiago. Eta egoera hau izanik, krisiaren aitzakiatan, Patxi Lopezen, Barcinaren eta Urkulluren gobernuek ehunka milioiko murrizketak egin dituzte hezkuntzan.

Xabier IrastorzaXabier Irastorza, ELAko Irakaskuntzako arduraduna (Landeia 191. zenbakia)

Ondorioz, nahiz eta ikasgeletan urtero ikasle gehiago izan, milaka lanpostu suntsitu dituzte, irakastorduak gehitu Nafarroan, gelako ikasle kopurua handitu dute, ordezkapenak ez dira egiten edo astebetetik gora pasatzen dute ikasleek ordezko irakaslerik gabe, soldatak murriztu dituzte eta ondorioz %20tik gorako galera ezarri dute eroste-ahalmenean, lan-kargak biderkatzen dira, gaixotzea kriminalizatzen dute, erretiroa eragozten, arreta eta premia bereziak dituzten ikasleei laguntza oztopatzen diete, prestakuntza eta euskalduntze programak mugatzen dituzte, ikastetxeetako proiektuak garatzeko zailtasunak daude, unibertsitate tasak igo dituzte, unibertsitate ikasketak eta ikerketa murrizten, ekipamenduak ez dira berritzen, baliabideak mugatzen dira, eskola-garraioa murrizten dute, testu-liburuak berritzeko laguntza gutxitu dute...

Gobernuen eraso izugarri honen baitan itunpeko irakaskuntzako patronalek ere murrizketen pisu nagusia langileen bizkar gainean kargatu nahi izan dute. Horretarako, Kristau Eskolen edo Nafarroako Ikastolen Elkartearen kasuan bezala, Rajoyren lan-erreformak ematen dizkien tresna guztietaz baliatuz, bertako lan-hitzarmenak txikitu eta Estatuko hitzarmenera jotzera iritsi arte.

Eta hau guztia gutxi balitz, Wert hezkuntza ministro ultraeskuindarraren erreforma zentralista, atzerakoi eta merkantilistaren mehatxu larria dugu gure gainean. Hezkuntza ideologia espainiolista eta atzerakoienaren baitan eraldatu, euskara eta gainerako gutxituriko hizkuntzen normalizazioa galerazi eta hezkuntza sistema osoa enpresa eta merkatuen behar eta nahien menpe jartzea helburu duen erreforma basatia, alegia.

Balio estrategikoa??? Finean, hezkuntzaren garrantzia eta balio estrategikoa denen ahotan ibili arren, hau babestu, garatu eta herritarron zerbitzura jartzeko ardura dutenek merkealdietan jarri dute. Werti, Jose Iribasi edota Cristina Uriarteri Harvard Univertsitateko erretore izan zen Derek Boken esaldi ezaguna gogora arazi beharko diegu: “hezkuntza garestia dela uste baduzu, egizu froga ezjakintasunarekin”.

Tamalez, ordea, ez dut uste behin eta berriro gogora ekartzeagatik kasu handirik egingo digutenik. Hobe izango dugu euskal herritarron garapenerako hezkuntzaren garrantzian sinesten dugunok Ruper Ordorikari kasu egitea eta maite dugun hori zaintzea. Edo, oñatiarraren baimenarekin eta esaldia erasoaren tamainara moldatuta, maite dugun horren alde borroka egitea. Izan ere, murrizketa politikari buelta eman, LOMCEa gure eskoletan sartzea eragotzi eta Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza sistema eraiki eta garatuko badugu, ez da izango Uriarte, Iribas edo, are gutxiago, Wert bidelagun izateko konbentzituko ditugulako, gehiengo zabal baten presioaren bidez beste biderik utziko ez diegulako baizik. Gure esku dugu erronka!