Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Haustura soziala

Haustura soziala

2015/10/05
Demokrazia, ongizatea, aberastasunaren banaketa, egonkortasuna… aitortzen dut horrelako hitzak enpresaburu bati entzuteak beldur pixka bat sortzen didala. Atzo bertan entzun nuen Confebaskeko burua Kataluniako egoera politikoaz kezkatuta, “haustura soziala” sortzen ari omen delako.

Txapis OtegiTxapis Otegi, Murgil komunikateko kidea (xomorrito.com)

Demokrazia, ongizatea, aberastasunaren banaketa, egonkortasuna… aitortzen dut horrelako hitzak enpresaburu bati entzuteak beldur pixka bat sortzen didala. Atzo bertan entzun nuen Confebaskeko burua Kataluniako egoera politikoaz kezkatuta, “haustura soziala” sortzen ari omen delako. Larrañagak ez du nahi egoera hori EAEn gertatzerik. Guztion hobe beharrez, noski. Larrañagak ordea ez du ikusten Confebaskeko bazkide diren enpresek geroz eta gehiago hedatzen duten prekarietatean, langabezian, pobrezian. Lanean hildako langileek ez dute haustura sozialik sortzen.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua daukagu EAEn. Eta honek lasaitu beharko ninduke. Honek babestuko nau. Honek bermatuko dizkigu langileoi lan baldintza duin batzuk. Zertarako ote dago bestela? Confebaskeko buruak irratian hitzegin ondoren Toña jaunaren txanda izan zen. Ez irratian, ez telebistan. Legebiltzarrean. Guztiok aukeratutako ordezkarien aurrean. Herriaren aurrean. Hor imaginatzen nuen Toña jauna geroz eta hedatuago dagoen prekarietatearen aurrean ukabilkadak ematen Legebiltzarreko mahai gainean. Imaginatzen nuen telefonoa hartu eta patronal buruei deitzen, presazko bilera bat iragartzen enpleguak bizi duen egoera pattalaren aurrean, ozen esanez nahikoa dela. Euskal gizarteak mandatua eman diola mixeriazko lan baldintzak betirako baztertzeko politikak onartu eta betearazteko esanez. Edo antzerako zerbait.

IMG_20150930_094127Baina ez. Legebiltzarrean egindako agerraldian zera dio Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak: “enpresa askok ez dute denbora galdu nahi emakumeen edo gazteen kolektiboekin” Hor dituzue Deiak jasotakoak.”Colectivos como las mujeres en edad fértil” esan zuen. Lasai asko esan ere. Hau da: Demokrazia, egonkortasuna eta haustura sozialarekin kezkatuta dauden hoiek ez dutela “denbora galdu” nahi haurdun geratzea erabaki dezaketen emakumeekin. Langileon formazioari ikaragarrizko balioa ematen dioten enpresaburuek ez dute denbora galdu nahi esperientzia gabeko gazteekin. Oso demokratikoa hau dena. Gure sailburuak “ahaleginak” egingo omen ditu enpresei gerturatzeko Lanbidek eskeintzen dituen (eta enpresei denbora galduarazen dien) langile kolektibo hauek. IMG_20150930_094329

Aspaldian ez dut horrelako larritasuna duen agerraldirik entzun. Eta aspaldian ez dut entzun hain gauza larria hain lasai kontatzen. Herritarrak babestuko gaituzten legeak egiteko eskumena duen Legebiltzarrean gutxitan entzun dut hain normal hitzegiten giza eskubideen urraketa bati buruz. Ezer gertatuko ez balitz bezela. “Saiatuko naiz egoera horri buelta ematen”. Eta kitto.

Patronala eta demokrazia, bateraezinak. Kapitalismoa eta demokrazia, bateraezinak. Milesker Toña jauna argi uzteagatik. Garbi geratu zaigu ere egun agintean ditugunen aldetik ezin dugula espero babesik. Bizi dugun, eta dugun hoberena kupidagabe xurgatuz elikatzen den sistema hau hankaz gora jarri ezean jai dugu. Ezin diogu zapaltzaileekin dagoenari babesik eskatu. Ezin dugu babes legerik espero. Ezin diogu honi demokrazia deitu. Aldatu dezagun dena. Errotik. Haustura soziala haustura demokratikoarekin soilik lor dezakegu.

Haustura soziala