Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Harrera egin nahi diegu

Harrera egin nahi diegu

2016/05/17
Errefuxiatuen krisi delako hau ez da krisi bat, eta ez dauka zerikusirik babes bila datozen pertsonekin. Ez da errefuxiatuen krisi bat, ia inori ez baitzaio babesik ematen. Ez da krisia ere, egoera ez delako unean-unekoa, eta ez duelako eskasiarekin zerikusirik. Errefuxiatuen krisi delako hau Europaren hondoratze moral eta politikoa da, ez baita oinarrizko eginbehar bat betetzeko gauza: aldi baterako bada ere egoera larrian dagoenari abegi egitea.

Harrera egin nahi diegu errefuxiatueiELA sindikatuaren adierazpena

Historian oso garai gutxitan pilatu da gaur bezala hainbeste gatazka, hedadurari eta etxetik kanporatu dituzten jende multzoei erreparatuz gero. Sirian, esaterako, biztanleen erdia mugitu da (11 milioi lagun), baina hor dira ere Afganistan, Pakistan, Kurdistan, Ukraina, Ekialde Ertaina, Afrika iparraldeko hainbat herrialde, Sudan, Afrika Erdiko Errepublika, Kongo… 60 milioi pertsonak joan behar izan dute beren etxeetatik, eta gehienek ezin dute sorterritik irten, edota inguruko herrialdeetan atera ezinik daude. Gainera, ez da ahaztu behar arrazoi ekonomikoek bultza dituela beste hainbat milioi migrante. Honez gero erabat ezinezkoa da talde bat eta bestea bereiztea. Bada, milioi horietatik kopuru txiki bat Europara iritsi da, edo iritsi liteke.

Migranteak terrorista potentzial edo gure soldatak debaluatzeko lehiakide gisa aurkezten dira, eta horrela iritzi publikoa prestatu egiten da mugak ixteko edo deportazioak hasteko

Aspaldidanik salatu izan dugu Europa eraikitzerakoan modu akritikoan ontzat eman direla eskuinaren postulatu ekonomikoak. Solidaritatearen aurkako austeritate politikak ondorio ugari izan ditu, besteak beste, arrazismoa eta xenofobia hauspotzea. Orain, zoritxarrez, gauza bera ari da gertatzen desplazatuekin: estatuetako gobernuek eta EBko erakundeek zintzo asko jarraitzen diote eskuin muturrak urratzen duten ildoari, sarri sasiko hautes-interesak medio. Migranteak terrorista potentzial edo gure soldatak debaluatzeko lehiakide gisa aurkezten dira, eta horrela iritzi publikoa prestatu egiten da mugak ixteko edo deportazioak hasteko. Baina errealitatea egoskorra da: lehenago ere jendea alde batetik bestera multzoka ibili izan da, eta honek ez du etenik izango, Europak nahi beste hesi eraikita ere. Bide batzuk itxiz gero, beste batzuk irekiko dira: horixe ari da uneotan Mediterraneoan gertatzen. Mundu mailako fenomeno honetatik “babestu” nahi izatea solidaritatearen kontrakoa ez ezik ezinezkoa da.

Klase-sindikatu bat gara. Euskal herritar eta sindikalista garen aldetik gerra, jazarpena eta erbestea ezagutu ditugu. Herrialde ugarik gure jendea onartu zuen, hori zelako egin beharrekoa.

Sindikatu bat gara, eta badakigu zertaz ari garen lanaz edo bizikidetzaz ari garenean. Ez dugu esaten gure kontinentean eta herrian milioika laguni harrera egitea erraza eta zailtasunik gabeko urratsa izango denik. Baina jende hori etorri da edo bidean dago. Eta klase bakarra osatzen dugu, langile klasea. Orain harrera egiteko unea dugu.

ELAk bat egin du beste giza-organizazioek -Amnesty International, Caritas, Intermon Oxfam edota Munduko Medikuak- egin dituzten salaketekin. Hain zuzen, gaitzetsi egin du desplazatuak gure herrialdeetara iristea galarazteko Europar Batasunak eta Turkiak sinatu duten hitzarmena. Akordio hau immorala da eta nazioarteko legedia urratzen du. Gainera, jende honen drama ez da mugak gaindituta bukatzen: estatu segururen batera iritsitakoan beste hainbat “barne-muga” topatzen dute (lan eta bizi prekarioa, pobrezia, bazterketa soziala, eremu berezietan itxita egon beharra, islamofobia, xenofobia…). Hori gutxi ez eta emakume errefuxiatu askok eta askok sexu- eta genero-bortizkeria pairatzen dute; hau benetako pandemia bat da, baina gure jendartean du kezka handirik eragiten.

Horregatik, europar erakundeei honakoa exijitzen diegu:

  • Berma dezatela asilo-eskubidea

  • Ireki ditzatela bide seguruak gatazketatik ihesi doan jendearentzat

  • Immigrazio-politika komuna erabaki dadila, “europar gotorlekua” delakoa alde batera utzita

  • Bere kide diren estatuak premia ditzala nazioarteko legedia errespetatzera

  • Mundu guztiko gatazka armatuen konponbidean inplika daitezela, esku-hartze belikoak baztertuta

Klase-sindikatu bat gara. Euskal herritar eta sindikalista garen aldetik gerra, jazarpena eta erbestea ezagutu ditugu. Bestalde, gerra aurretik eta ondoren gure artetik milaka pertsonak emigratu zuen arrazoi ekonomikoen ondorioz. Herri eta sindikatu garen aldetik pobrezia eta faxismo garaietan bizirauteko nazioarteko elkartasuna jaso dugu. Frantzia, Sobiet Batasuna, Britainia Handia, Mexiko, Venezuela, Argentina… Herrialde ugarik gure jendea onartu zuen, hori zelako egin beharrekoa.

Sindikalista garen aldetik mezu bakarra hedatu nahi dugu: harrera egin nahi diegu. Horregatik eskatzen diegu Iruñeko eta Gasteizko gobernuei, baita foru- eta udal-erakundeei ere, beharrezko bitartekoak aktiba ditzatela gure herriak egin dezan beste batzuk gurekin egin zutena: eskatzen dutenei babesa eta aurrera ateratzeko aukerak eskaintzea, hala nahi izanez gero beren jatorriko lekuetara itzultzeko modua duten arte.

Harrera egin nahi diegu