Handi zein txiki aurrera egiteko elkarri eutsi

2013/04/20
DSC00762.JPG
Handia eta txikia. Erraldoia eta ñimiñoa. Liberalismoak dio guztiak berdinak garela, baina errealitatea da batzuk beste batzuk baina berdinagoak direla. Galdetu bestela Zizurkilgo Huyck Wangnerreko langileei, 2012ko urtarriletik zebiltzan enpresa hitzarmean negoziatu nahian. Enpresak ez zela momentua esanez kontua luzatzen. Urrian Pretty jauna, bera etorri zen hona “urtarrilean hitz egingo dugu” esatera.

Luis Mari Lekuonak 58 urte ditu. Horietatik 43 lantokian lanean. Bera bezala badaude beste bat edo bi. Gehienak, ordea, berrogeitik behera dute. Okerrena 50 urte inguru horretan dabiltzanak.

Idoiak hiru seme-alaba ditu. Lanaldi partziala, sei ordu egunean, gauez. “Lanean gustura nenbilen. Lankideekin oso ongi moldatzen nintzen. Neukan ordutegiarekin bizitza antolatua nuen.”

Silviari gogoa senideengana joaten zaio; bikotea, senar edo emaztea, ama, aita... “Asko ari dira sufritzen. Gure gainean daude momentu oro, gutaz kezkatzen dira, gure ardura hartzen dute; baina, nor arduratzen da beraietaz? Gure karga beraien bizkarrean hartzen dute gu arintzenko; badute, ordea, karga hori non deskargatu ala gainean eramatera kondenatuak dira?” Garrantzitsua da zaintzaileak zaintzea. “Ezin ditugu inolaz ere ahaztu. Pila bat zor diegu.”

2013ko urtarrilaren 21ean, egun batetik bestera, jakin zuten langileek lantegia itxiko zutela. Harlauza bat gainera instant batean. Ustezko segurtasunak dardarka, bizitza proiektua haustear, antolakuntza suposatua anabasa bihurtua. “Ez dut oraindik asimilatu” dio Idoiak atsekabetuta.” Ezin halakorik espero urtero mozkinak ematen dituen lantegi batezn.

Pretty jaunak eman zien berria, urteko 550.000 dolar irabazten dituen gizonak. “Oso langile finak zarete” errepikatu zuen bost aldiz, “ez da zuengatik.” “Lantegi hau itxi egingo dugu.” Jasotzen duen dirutza izango da pertsonen sentimendu eta minetatik babesten duen koraza?

“Inurri sentitu nintzen; erraldoi batek eskuan noiz zapaldiko zain duen xomorro txiki” dio Zalduak. “Baina xomorroek, txikiak izanda ere, badakite borrokan, eta halaxe ekitea erabaki genuen.” Izugarria da hiru hilabetetan lortu dutena, urtarrilaren 25etik greba mugagabean hasi zirenetik. “Munstrotzarra ikaratu dugu. Ez zitzaion burutik pasatu ere egiten halako erantzuna jasoko zuenik. Multinazionalak Europan duen egoitza nagusiraino etorri gara, gure esku dagoen guztia egiteko prest gaudela argi jakin dezan. Puntazo bat izan da Alemaniaraino etortzea. Ez ginateke etorriko irabazi dezakegula sinistuko ez bagenu.”

Jose Angelek argi dauka: gu desegonkortzen saiatzen ari dira, baina geroz eta batuago gaude. Ezin diot galderari gehiago heutsi: jabetzen al zarete zuek, multinazionalaren zuzendariak, 74 familiri eragiten diezuen minaz? Hainbat pertsonengan eragiten duzuen sufrimenduaz ez al zarete jabetzen zergatik, eta, xoxa batzuk gehiago poltsikoratzeagatik?”

Hauek guztiak bideo kamera baten aurrean bota dituzte, terapia moduko batean. Barruak husteko modu egokia. Kamera aurrean esertzen denak, gorputzaren atal guztietatik jaurtitzen duen mezu bakoitzak hotzikara sortzen du grabazioa jarraitzen ari diren lankide guztiengan. Malkoei nola eutsi ez dakite batzuk, ez dute zertan jakin behar ere...

Nork ulertuko ditu hitz, bizipen, sentimendu horiek lankideek baino hobe? Bai, borroka kolektibo honetan, inoiz imajinatu gabeko konplizidadeak sortu dira. Harremana geroz eta estuagoak dira. Taldea asko sendotu da, eta sendotzen doa. “Borrokan gabiltzanak elkarri eusten diogu. Geroz eta konbentzituago gaude hartu dugun bideaz.” Okerren pasatzen ari direnak, gaizkien daudenak, ez borrokatzea erabaki dutenak dira. Horiena bai gogorra. Desertuko bidea zeharkatzeko bakardade gordina.