Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Gure diru-sarrera publikoak, Europako azken postuetan

Gure diru-sarrera publikoak, Europako azken postuetan

2013/11/27
Duela gutxi Eurostatek Europar Batasuneko estatuen kontu publikoen azterketa argitaratu du, eta horrek inguruko lurraldeekin egoera alderatzeko aukera ematen digu. Ohikoa den bezala, espainiar estatua 2012an gastu publikoan batezbesteko mailatik behera geratu da (datuak argitaratu diren azken urtea). Halere desberdintasun handiena diru-sarreretan ematen da.

ELAren Azterketa Bulegoko Egoeraren Azterketa 124-tik aterata

Ohikoa  den  bezala,  espainiar  estatua  2012an gastu  publikoan  batezbesteko  mailatik  behera geratu  da  (hori  da  datuak  argitaratu  diren  azken urtea), barne produktu gordinaren (BPGd) %47,8 erabili  zelarik.  Bestalde,  EB-28ko  batezbesteko gastu publikoa BPGd-aren %49,3koa izan da (1,5 puntu  gehiago).  Euroguneko  gastu  publikoa zertxobait  handiagoa  da,  BPGd-aren  %49,9koa (espainiar estatukoa baino 2,1 puntu gorago).

Bilakaerari dagokionez, espainiar estatuan gastu publikoa BPGd-arekiko 2,1 puntu gehitu da, eta 1,6 puntu, 2009koaren aldean. Hazkunde hau ez da gastu publikoa eurotan gehitzearen ondorioz gertatu, BPGd-aren beherakada medio baizik.

BPGarekiko diru-sarrera portzentajerik txikiena duten lurraldeak ari dira estuasunik handienak izaten (Irlanda, espainiar estatua, Portugal...)

Gastu handiena duten estatuekiko aldea oso handia da. EB-28ko gastu publikorik handiena duen estatua Danimarka da, BPGd-aren %59,5arekin, eta ondoren frantses estatua eta Finlandia (biek ere %56,6a dutelarik). Gastu publikorik txikiena duen estatua Irlanda da (%42,6), ondoren Luxenburgo (%44,3) eta Alemania (%44,7) daudelarik.

Alde horrek esan nahi du espainiar estatuko gastu publikoa batezbesteko maila europarreraino gehituz gero (BPGko 1,5 puntu) 15.435,03 milioi euro gehiago gastatuko litzatekeela. Defizit kontuan, berriz, tasarik handiena honakoek dute: espainiar estatuak, %10,6arekin, Greziak (%9,0), Irlandak (%8,2) eta Portugalek (%6,4). EB- 28ko batezbesteko maila %3,9an dago.

Diru-sarrera publikoak Europa

Desberdintasunik nabarmenena diru-sarrera publikoetan datza. Espainiar estatuak BPGaren %37,1 jasotzen du, eta batezbesteko maila europarra %46,3koa da. 9,2 puntuko alde honek esan nahi du espainiar estatuak diru-sarrera publikoen batezbesteko maila europarra iritsiko balu urtean 94.668,19 milioi euro gehiago bilduko lukeela. Bestalde, diru-sarrera publikoak maila europarrera eramenez gero defizita (BPGaren 10,6 puntutan dagoena) BPGaren %1,4raino jaitsiko litzateke, hots, EB-28ko batezbestekotik (%3,9) askoz beherago.

diru-sarrerak, gastuak eta defizit publikoaBeraz, datuok hainbat ondorio ateratzeko aukera ematen digute; lehenik, BPGarekiko diru-sarrera portzentajerik txikiena duten lurraldeak ari dira estuasunik handienak izaten (Irlanda, espainiar estatua, Portugal...). Bigarrenik, defizitaren auzia - gobernu guztiak egiten ari diren murrizketa latzen ustezko arrazoia- diru-sarrera txikiagoak dituzten lurraldeetan gertatzen da, ez gastu publiko mailarik altuena dutenetan.

Horrenbestez, ondoriozta daiteke arazoa ez dela gastu publiko handia izatea, diru-sarrera urriak baizik.