Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Guardian Laudio: eskubideak bermatu kolektiboa indartuz

Guardian Laudio: eskubideak bermatu kolektiboa indartuz

2013/02/05
Rajoyren lan erreformak enpresako hitzarmena negoziatzen harrapatu zituen Guardian Laudioko langileak 2012ko otsailean. Lan harremanak goitik behera aldatuko dituen lege honek, lehentasunak aldatu zizkion negoziazio mahaian zebiltzan ELAko ordezkaritzari. Orduko asanblada batekoak dira honoko hitzak. “Ezinbesteko dugu enpresako lan hitzarmena lan erreformatik blindatzea. Malgutasuna eta deskuelgeak saihestu behar ditugu eta ultraaktibitatea ziurtatu hala nola.” Asanbladako zenbait langileen artetik dator erantzuna “zer ultraaktibitate? Hori txorakeria da, beste sindikatuetatik desberdintzeko sartu nahi duzue!”.

640 langileko enpresa batean sindikatu asko dago, eta horrelako negoziazio bat lideratu behar denean, beti azalduko dira zirikatzaileak. “ELAko arduradunak argi esaten zigun: hiru puntu horiek gabe ez sinatu akordiorik, hitzarmena paper hutsean geldituko da bestela” diosku Aitor Iza ELAko ordezkariak. “Behin eta berriz azpimarratzen ziguten ezinbestekoa zela hori, arrazoiak azalduz, eta ulertu genuen azkenean, baina ez zen hain erraza hori, gero, lankideei trasmititzea.”

Bazebilen zurrumurru bat airean, negoziazioan puntu bat gehitzea derrigorrezko egiten zuena: enpleguaren bermea. 2011ko udan lantegia hartu zuen zuzendaritza berriak ba omen zuen jendea kaleratzeko asmoa... Baina haizeak dakarrena haizeak darama, eta run-run hori hor egonda ere, oporretara alai joan ziren ELAko ordezkariak, akordia ia eginda ikusten baitzuten.

Usteak erdia ustel. Negoziazioekin irailean segitzekotan adostu zuten arren, uztailaren 26an enpresak enpresa batzordea deitzen du. Zer nahi eta lan egutegia 15 egunez luzatu, soldata ukitu gabe; txanda bat kendu nahi zuten. Erasoak erantzuna dakar zuzenean. Abuztuan langileak asanbladan batuta ezezko biribila ematen diote enpresari. Beranduegi da enpresarentzat jada, jendea nazkatuta dago adar jotzeekin. Zuzendaritzak bere proposamena atzera bota arren, lanuzte partzialekin hastea erabakitzen dute langileek. Hiru egun irailean eta bi urrian.

Indartze hori ez dator zerutik, ordezkariekin ekipo bat osatzea lortu genuen

Irailaren 26an greba orokorrarekin batera lantegia guztiz gelditzen da. “Hartzen ari ginen indarraren erakusle” dio José Antonio Fernández enpresa batzordeko presidenteak. “Pentsa, negoziazioak hasi aurretik egin ziren 3 greba orokorretan 12 pertsona inguruk besterik ez genuen greba egiten. Martxoaren 29an, ordea, negoziatzen jada, 120 langilek egin genuen greba.”

“Indartze hori ez dator zerutik” argitu nahi du Aitor Garriga ELAko arduradunak “ordezkariekin ekipo bat osatzea lortu genuen. Trebakuntza ideologiko handia, helburuak guztion artean behin eta berriz hitz eginez adostu, langileekin, zintzotasun osoz, komunikazio etengabea asanblada eta orrien bidez, afiliazioaren garrantzia behin eta berriz landuz (lankide bat gehiago indar handiago), militantziaren garrantziaz jabetuz...” Aurretik egindako lanak, emaitzak ematen hasi zen, beraz, iraila eta urriko lanuzteek arrakasta handia izan baitzuten.

Argi ikusten zen lanuzte partzialekin ez genuela ezer lortuko; lanean gehiago estutuz, enpresak stock-a handitzea lortzen zuen grebei aurre egin ahal izateko

Baina enpresak bereari eusten zion negoziazioa blokeatuz, eta kaleratzeekin mehatxatuz. “Urriaren 17an beste asanblada bat egin genuen. Enpresa batzordekoen proposamena lanuzte partzialekin jarraitzea zen” azaltzen du Joseba Ramos ELAko ordezkariak. “Asanbladan, ordea, ikusi genuen lanuzte partzialekin ez genuela ezer lortuko; lanean gehiago estutuz, enpresak stock-a handitzea lortzen zuen grebei aurre egin ahal izateko. Urrats bat gehiago eman behar genuen.” José Antonio Férnandezek hartu du hitza “Urriaren 21ean enpresak bilerara deitu eta atetik sartu bezain pronto bota ziguten: 120 langile kaleratuko ditugu. 22an greba mugagabean hasi ginen.”

“Kaleratzeak justifikatzeko Pablo Trincado pertsonal buruak zioen enpresak 3 urte zeramatzala dirua galtzen. Gezur borobila” argitzen digu Andoni Bikandi ELAko ordezkari beteranoak. “Aurreko pertsonal buruak gutun bat bidali zuen medioetara esanez 2011ko ekaina amaierara arte enpresak irabaziak izan zituela. Zuzendaritza berriaren gezurrak agerian utziz, geure borrokak zilegitasun handia irabazi zuen.”

Aitor Izak kentzen dio hitza “hasieran oso urduri ginen ez baikenekien nola egiten zen greba mugagabea, ez genekien zer gertatuko zen. Enpresako hiru sarrera nagusietan kanpamenduak jarri, eta bertan txandak egiten hasi ginen. Orduak eta orduak ematen genituen lankideak elkarrekin. Hitz egin, barre, negar... harremanek lotura estutzen zuen gure artean, konfiantza giroa sortzen zihoan gure artean. Hasieratik garbi geneukan komunikazioak garbia, zintzoa eta etengabea izan behar zuela, guztia kontatu behar genien lankideei, egia beti, ona zein txarra izan. Horrek izugarrizko indarra eman digu. Asko konturatu dira ez dudala ez adar ez buztanik. Pertsona normal bat naizela, eta zintzotasunez ahal duguna egiten dugula.” José Antonio Férnandezek gehitzen du “lankideekin helburuak etengabe adosteak eta gertatzen zen aurrera zein atzerapauso bakoitza beraiekin konpartitzeak, izugarrizko batasuna eman zigun. Benetan sinisten genuen egiten ari ginen horretan.”

hasieran oso urduri ginen ez baikenekien nola egiten zen greba mugagabea, ez genekien zer gertatuko zen

Enpresak, ordea, iritzi publikoa berreskuratu asmoz langileak ez zutela negoziatu nahi errepikatzen zuen. “Hori gezurtatzeko enpresan itxi ginen” dio Aitorrek. “Itxialdiaz gain mobilizaziotan hasi ginen, kontzentrazioak, karabanak, martxak... Jendearen babesa erakartzeko ekintzak. Behin, Laudiotik Bilborako martxan ginela, El Correoko kazetari batek deitu zigun esateko 144 kaleratuko zituela enpresak. Azaroaren 22a izan zen.”

Mehatxu eta jokaera horiekin enpresak grebalarien artean eztabaida eta beldurra zabaldu nahi zuen. Kontrakoa lortu zuen, ordea. “ongi ari ginela baieztatzen zigun horrek”. Herriko jendearen sostengua eta laguntza geroz eta handiagoa zen. Udaletxeak ura eta generadore bat utzi zien, tabernariek tortillak, bokatak eta edariak, supermerkatuko langileek janaria... “Pentsa gurekiko elkartasuna noraino iritsi zen: iluntzean behin farola batetik gure jaimara argia eramateko asmoz kableetan trasteatzen ari ginela udaltzain pare bat azaldu zen. Zer egingo eta linterna batekin gure lana egiten lagundu ziguten. Beste behin ere, jaima berotzeko egur bila genbiltzala, ertzainek ikusi eta esan ziguten: hartu gehiago gaurko gaua hotza baitator.”

Andonik lankideen arteko elkartasuna aipatzen du “greba luzatzen ari zen heinean, gutako batzuk zailtasunak zituztela eta, kontu solidario bat sortu genuen, bai guk zein herritarrek dirua sar zezaten, zailtasunetan ziren lankideek laguntza izan zezaten. Zenbait kutxekin hitz egitera ere joan ginen hipoteka ordainketak atzeratzeko akordioak lortuz. Gabonak zetoztela eta jostailu bilketa bat ere egin genuen, zailtasunetan ziren lankideen etxeetan olentzerok kale egin ez zezan. Elkartasun giro paregabea genuen gure artean, eta herritarrekin oro har.”

Borroka honek erakutsi digu, borroka berak elkartu egiten gaituela

Enpresak hori ikusiko zuen eta abenduaren 13an akordioa eskaini zieten langileei: 144 lankide kaleratzeko EREa bertan behera utzi, enpresako hitzarmena lan erreformatik blindatu, 1200 €-ko soldata igoera 2012 eta 2013rako, eta KPIko igoera hurrengo bi urtetan. Afiliatuen asanbladan lehenengo eta langileen asanbladan gero, aho batez onartzen dute langileek akordioa. “Borroka honek erakutsi digu, borroka berak elkartu egiten gaituela. Jaiman zaudela, mobilizazioetan, asanbladetan... asko hitz egiten dela, konfiantza handia irabazten dela eta izugarrizko pedagogia egiten dela.” Hasieran ultraaktibitatea zertarako galdetzen zutenek, akordioa sinatzeko ezin bestekotzak jotzen zuten borroka amaieran.