Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Greziako hauteskundeak

Greziako hauteskundeak

2012/05/19
Mikel Noval eta Idoia Intxaurbe, ELAko azterketa bulegoa / Maiatzaren 6an hauteskunde eguna izan zen Grezian. Lortutako emaitzak 1974 urtetik aurrera lortutakoekin aldaratuta oso desberdinak izan dira. Urte horretatik gaur egunerarte gehiengoa zuten bi taldeek, PASOK eta Nueva Democracia, gehiengo osoarekin osatzen zuten parlamentua.

Urte hauetan zehar bien artean parlamentuaren %70 eta %90 bitartekoa lortzen zuten. Azken hauteskunde hauetan emaitza erabat aldatu da. Aipatutako bi indar horien artean botuen %33a baino ez dute batzen (Nueva Democracia %33tik %19ra jaitsi da eta PASOK %44tik %13ra). Kontutan hartzen badugu Greziako hauteskunde legeak indar gehien duen taldea parlamentuan 50 eserleku gehiagorekin saritzen duela, azken hauteskunde hauetan lortutakoaren arabera parlamentuaren eraketa honakoa litzateke: Nueva Democracia-k 108 eserleku izango lituzke, SYRIZA-k 52, PASOK-ek 41, Greziar Independienteek 33, KKE-k (Partidu Komunista) 26, Golden Down-ek 21 eta Ezker Demokraziak 19. LAOSek ez du eserlekurik lortu. Eskuin muturreko alderdi honek, Papademosen azken gobernuan parte hartu zuen.

SYRIZA, igandeko hauteskundeetan bigarren postua lortuta, koalizio gobernu bat eratzeko arduraduna izan da, Nueva Democracia-k ahalegin horretan porrot egin ondoren.
Syriza-k, koalizio berria lortzeko asmotan,Greziako ekonomia krisi bortitz batera eraman duten neurri gogorrak atzera botatzea proposatzen zuen. Neurri hauek langabeziaren gorakada izugarria ekarri dute, herriaren txirotasunarekin eta milaka enpresa txiki eta ertainen itxierarekin batera. Honek ere ez du inolako akordiorik lortu Pasok eta ND-kin. Syrizak maileguaren memorandoaren indargabetzea, banku publikoaren sorrera eta kanpo zorraren auditoria eskatu zituen bere proposamenen artean. Syrizaren ahaleginen porrotaren ondorioz, Pasoki pasa zitzaion txanda koalizioa eratzeko baina honek ere ez du emaitzik lortu.

Koaliziorako ate guztiak itxita, Greziako presidenteak teknokratez osatutako gobernua proposatu zuen baina hau ere ez da lortu eta ondorioz, Greziak hauteskunde berriak ospatuko ditu ekainean.

Bitartean, Europar Batasuneko (Alemaniako gobernua eta Europako Banku Zentrala buru direlarik) eta Nazioarteko Diru Funtsaren xantaia geroz eta handiagoa da. Mehatxua argia da, Greziak ez baldin baditu orain arteko neurriak aplikatzen jarraitzen, jasotzen ari diren “diru-laguntzak” eta eurogunean jarraipena arriskuan jartzen dituzte.

Grezia erronka berri baten aurrean dago. Bi urte igaro dira etengabeko borrokan eta Troikak ezarritako murrizketa bortitzak jasaten. Herriaren oihartzuna entzuteko garaia iristi da, orain arte aplikatutako politiken aurrean erabateko aldaketa emanez.

Greziako hauteskundeak