Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Grebek ez dute balio ezertarako

Grebek ez dute balio ezertarako

2017/01/18
Grebek, batzuetan, langileen eskaerak lortzeko eta lan baldintzak hobetzeko balio dute. Gipuzkoako errepideen mantentze lanetako langileena da azken adibidea. 315 eguneko grebaren ostean, akordioak sinatu dituzte ELAk eta aldi baterako hiru enpresa elkartek.

Jakes Goikoetxea, Berria 2017/01/18

Ez, ez, grebek ez dute ezertarako balio, grebak beti egiten dira garai desegokietan eta grebek kalte egiten diete herritarrei. Euskal Herriko patronalen eta agintari politikoen betiko leloa, grebarik eta protestarik gabeko herrialdean bizitzea amets. Bada, grebek, batzuetan, ez dute balio bakarrik protesta egiteko, haserreak bideratzeko, arazoak azaleratzeko, langile guztiak ez direla otzanak erakusteko... Grebek, batzuetan, langileen eskaerak lortzeko eta lan baldintzak hobetzeko balio dute. Gipuzkoako errepideen mantentze lanetako langileena da azken adibidea. 315 eguneko grebaren ostean, akordioak sinatu dituzte ELAk eta aldi baterako hiru enpresa elkartek. Hain zuzen, greba honen berezitasunetako bat da aldi baterako hiru enpresa elkartetako langileek bat egin dutela, borroka bakarrean. Ia ehun langile dira, hamar hilabetean greban.


Azpikontratatutako lanak dira. Azpikontratatutako zerbitzu publikoak. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiarena ere bada langile horien lan baldintzen ardura. Erakundeak ezin dio uko egin adjudikatzen dituen lan eta zerbitzu publikoetako langileen lan baldintzak zaintzeari. Jakina baita azpikontratazioen soka amaigabean enpresek zertan aurrezten duten dirua.

Akordioa osatzeko, Foru Aldundiak etorkizuneko adjudikazioetan jaso beharko lituzke hitzartutako baldintza berriak.

Langileek ikasi dute zerbait. Enpresek eta foru aldundiak ere badute zer ikasia.