Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Greba orokorraren apologia

Greba orokorraren apologia

2013/04/15
"Ontzat jotzen dugun oro, hau da, gure izatea eta bizitza razionala mantentzen duen oro, gure erabilerarako har dezakegu eta nahi erara erabili" Espinoza. / Espinozaren pentsamendua oinarritzat hartuta, nik diot, greba orokorrak jarraitzen duela izaten mugimendu sozial eta sindikal gisa daukagun baliabide narratiborik potenteena. Eta zortzi arrazoirengatik diot.

Xabi AnzaXabi Anza, ELAko formakuntza arduraduna

Greba orokorra subjetibazio esperientzia berezia da. ELAk eta LABek 3000 asanblada egin behar ditugu gutxienez greba egunetan Euskal Herrian benetazko greba egon dadin. 3000 asanblada prestatu egin behar dira, gauzatu egin behar dira, jendea konbentzitu egin behar da, irabazi egin behar dira... Subjetibazio esperientzia onak egongo dira beste esparru batzutan, baina hau oso ona da. Lehen arrazoia greba orokorraren alde.

Greba orokorra maila goreneko antolakuntza test bat da. Antolakuntza test berezia erakunde bateko militanteek momentu jakin batean daukaten benetazko trakzio gaitasuna neurtzeko. Greba orokor batek sindikatu bati ematen dion antolakuntza argazkiak ez du konparaziorik beste edozein ekintzarekin. Dauzkazun puntu beltz guztiak agerian uzten dizkizu, aurrerantzean horietan lan egiteko.

Greba arlo politikoaren lehentasuna baieztatzea da. Lau urtetarako arduradun politikoei guztionzako ona kudeatzeko ematen diegun ordezkaritza egun batez etetea da. Greba guztiontzako onaren inguruko kontuetan daukagun ardura zuzena hartzea da. Eta ez edonola.

Greba politikaren pribatizazioaren eta espezializazioaren kontrako borroka baita. Behingoz bulgoak, langile klaseak, proletario ezjakinak politikari esaten dio "hemendik ez" eta "aski da!".

Greba desmobilizazioa da azelerazio produktubistaren aurrean, azelerazio kontsumista eta estraktibistaren aurrean, eta berradiskidetze bat da, momentu batez behintzat, giza kondizioaren onenarekin, gelditzearekin, erlajatzearekin eta produkzio munduatik separatzearekin.

Greba ez da programa bat. Greba ez da utopia bat, horretan arrazoia dute kritikoek. Greba beste mundu posible baten koreografia bat da.

Grebak estatu teknokratikoaren eta gizarte zibilaren arteko banaketa apurtzen du, eta azalaratzen du esparru instituzionalean gertatzen diren borroka partidarioen antzutasuna, gero politika neoliberal berberak aplikatzen baitira gobernuan dagoena dagoela. Zentzu horretan salaketa ariketa bat da.

Eta amaitzeko, greba antidisziplina da. Egun batez bederen lanaren etikari EZ esatea da, egun batez bederen EZ esatea langileak behar hutsagatik onartu behar duen soldatapeko harremana den subordinazio, dominazio egoerari.

Horregatik guztiagatik nik segitzen dut pentsatzen greba daukagun baliabide narratibo potenteena dela, ekintza errepertorio berrien teorikoek diotena diotela.