Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Greba Orokorra

Greba Orokorra

2013/04/10
Andoni Egañak Berrian apirilaren 6an argitaratu zuen artikulua / "Eta zer gertatzen da Euskal Herrian? Hemen ere izugarri aldatu da lan merkatuaren egoera eta izaera: enpresa motak, lan egiteko modua…ez dira orain urte batzuetakoak. Azken hamarkadan gainera —edo zehazkiago azken zazpi urteotan, 1993an amaitzen baita egoera ekonomikoaren gainbehera— enpleguak gora egin du %25ean egin ere, gutxi gorabehera."

Andoni Egaña, Berria.info-n argitaratutako artikulua (Argazkia argia.com-etik hartua)

"Gazte jende asko sartu da lan merkatuan, baina merkatua ez da lehengoa, aldatu egin da: desarautua dago, lan baldintzak eskasak dira, soldatak halamoduzkoak…prekarietatea da lan merkatu berriaren ezugarri nagusia. Horrek dinamika berri bat sortzen du gizartean, lan baldintza prekarioetan dabiltzanen artean batez ere. Gu oraintxe ari gara aztertzen zer gertatzen den sindikatua beheko dinamika horretan sartzen denean, hor sortzen diren errebindikazioetan eragiten hasten denean".

Greba bezalako egoera gatazkatsuetan berriz, errebindikazio orokor hori konkretatu egiten da

Aste Santuan kantuan aritzea pekatu ziren garaiak ez dira hain urrunekoak eta seguraski ohitura zaharren ondorioz oraindik ere ohi baino gutxiagotan zabaltzen dugu ahoa kanturako Aste Santu jiran. Apaletan galdu-gordean utzitako liburuak esku artean hartzeko parada eskaintzen digu geldialdiak. Eta mehe bati ekin nion joan zen astean. Zerberri sailean eman zuen argitara Alberdaniak. Jose Elorrietak, ELA sindikatuko idazkari-nagusi ohiak, Joxerra Garzia eta Nagore Izagirrerekin egindako solasaldia dakar. Duela hamabi urte egindako elkarrizketa da, 2001ekoa. Jakinmin heldu nion. Ikusi nahi nuen ekonomia «ondo» zihoalarik ze ikuspuntu eta arduragai zebiltzan. Ekonomia «ondo» zihoan baina lan merkatua desaraututa sumatzen zen, jornalak halamoduzkoak ziren, eta lan baldintzak eskasak, Jose Elorrietaren hitzetan. Eder-begira bizi ginen sasoi hartan hain eder eta hain begiko ez zirenak bistarazteko adinako aurrikuspen gaitasuna azaldu zuen.

Agintean dauden Gobernuetako politikariek enpresarien neurri neurriko legeak asmatu dituzte krisiak betikoak astin ditzan. Lanik ez duena etsipenak irentsi du eta lana duena edozein baldintza irenstera behartu dute, lanari eutsiko badio

Beste pasarte batean honela dio: «Sindikatuaren xedea 'langileen egoera hobetzea da', noski, baina hori oso aldarrikapen abstraktua da bere horretan, eta errebindikazio abstraktuek ez dute entusiasmorik kutsatzen, eta entusiasmorik gabe ez dago militantziarik. Greba bezalako egoera gatazkatsuetan berriz, errebindikazio orokor hori konkretatu egiten da: 'lan orduak murriztea nahi dugu; soldata igoera nahi dugu; enpleguaren egonkortasuna nahi dugu' eta hori, gainera, kuantifikatu egiten dugu, errebindikazioak are konkretuagoak eginez: 'Halako portzentaian nahi dugu lan orduak murriztu; halako portzentaian nahi dugu soladatak igo; honako neurri hauen bidez nahi diogu enpleguari egonkortasuna eman'. Eta horrela bai, horrela erraza da jendea erakartzea, beren arazoez hitz egiten baitiezu, eta ez abstraktuan».

Jose Elorrietak duela hamabi urte esanak irakurri eta handik egun pare batera bere ondorengo den Adolfo Muñozenak irakurri ahal izan ditut. Dudarik ez da egoera orain larriagoa dela. Agintean dauden Gobernuetako politikariek enpresarien neurri neurriko legeak asmatu dituzte krisiak betikoak astin ditzan. Lanik ez duena etsipenak irentsi du eta lana duena edozein baldintza irenstera behartu dute, lanari eutsiko badio. Prekarietatea bera, askorentzat helburu izatea lortu dute agintariek. Erkidegoko gazteen erdiak ez du lanik. Eta erdi horren herenak bilatzeari ere uko egin dio, etsia, nekatua. Etorkizunik ez dute inondik ikusten. Gizartea erabat dago abaildua. Egoera honetan, ongi egin du Muñozek bere gogoetaldian aho-bizarrik ez izatean.

Ordainetan, hitz huts iruditu zaizkit Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta kontseilariordearenak. «Guztiok batera lan egin», «orpoz orpo», «krisialditik modu eraginkorragoan irten» eta horrelakoak entzuteaz nazkaturik dago jendea

Ordainetan, hitz huts iruditu zaizkit Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta kontseilariordearenak. «Guztiok batera lan egin», «orpoz orpo», «krisialditik modu eraginkorragoan irten» eta horrelakoak entzuteaz nazkaturik dago jendea. Confebaskek berriz esan du ELAren zentzurik eza azaltzen dutela Adolfo Muñozen hitzek eta badirudiela sindikatu hori «beste mundu batean bizi dela, guretik gero eta urrunduago». Tira…Ideia bat da, bestelakoan ezin bada, beste mundu batean bizitzea. Eta hemengotik zenbat eta urrutiago, hobe, bai

Greba, entusiasmoa kutsatzeko armatzat jotzen zuen Elorrietak. Orain, greba, itxaropen izpi bat sortzeko tresna bakarra izan daiteke. Greba eskubideari, egokitasuna, erakarpen gaitasuna, militantzia zailtzeko aukera eta gisa horretako eranskinak lotzen zitzaizkion lehen; orain, izen-lagun bakarra onartzen du: orokorra.