Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Gipuzkoa Zutik: Protesta modu berriak indarra hartu du bizitza aldarrikatuz

Gipuzkoa Zutik: Protesta modu berriak indarra hartu du bizitza aldarrikatuz

2016/06/13
Gipuzkoako erraustegiaren aurkako eztabaida publikoak koska bat gora egin du maiatzaren 29tik ekainaren 5era bitarteko astean. Zubietako plantaren aurkako giza kate jendetsuari ekimen berri batek eman dio jarraipena: Gipuzkoa Zutik sortu da, Diputazioaren parean kanpaldi iraunkorra antolatu duen mugimendua. Gipuzkoarrei eragiten dieten problema ugariri buruz hitz egiteko elkargune bihurtu da hasieratik.

Gorka BereziartuaGorka Bereziartua, Argiako kazetaria (Enbata.info-n argitaratua)

Maiatzaren 29an Gipuzkoako errausketaren kontrako mugimenduak aurreikuspen positiboenak gainditu zituen: Zubietan eraiki nahi duten hondakinak erretzeko labearen aurka 10.000 lagun inguruko giza-katea osatu zuen, espero zuten jendearen bikoitza. Haur, heldu, zahar eta gazteek eskuak elkarri lotu zizkioten Anoeta futbol zelaitik gertu dagoen minbizia tratatzeko ospitaletik Gipuzkoa Plazan dagoen Foru Aldundiaren bastimenduraino. Mobilizazioak erakutsi du hazten ari dela errausketaren inguruko kezka probintzia guztian.

“Erraustegia Gipuzkoako politika eta sistema ustel honen sinboloa da dudarik gabe. Orain erraustegia geldituko dugu, eta berarekin batera gainerako dena! Bizitzaren aldeko borroka hau herritarrok altxatzeko txispa izatea nahi dugu”

Baina mobilizazioaren arrakasta begi-bistakoa den arren, egun bateko agerraldi jendetsuek politikan daukaten eragina mugatua dela ere ez du inork zalantzan jartzen. Eta horregatik, giza-katearen ondoren han bildutako batzuek zerbait gehiago egitea erabaki zuten: egunero-egunero errausketaren aurka ekiteko dinamika bat abian jarri. Deialdia sare sozialen bidez zabaldu zen nagusiki, eta erraustegiaren kontrako borroka ardatz hartuta, Gipuzkoako beste hainbat politika ere zalantzan jarri nahi ditu: eskubide sozialen murrizketak, azpiegituretan diru gehiegi gastatzea, gizon eta emakumeen arteko berdintasunik eza… “Erraustegia Gipuzkoako politika eta sistema ustel honen sinboloa da dudarik gabe. Orain erraustegia geldituko dugu, eta berarekin batera gainerako dena! Bizitzaren aldeko borroka hau herritarrok altxatzeko txispa izatea nahi dugu”, irakur zitekeen Gipuzkoa Zutik ekimenaren Facebookeko orrialdean maiatzaren 29a baino egun batzuk lehenagotik.

Indarra hartzen ari den mugimendua

200 lagun inguruko asanblada batekin hasi zen martxan Gipuzkoa Zutik. Horietatik 60 bat geratu ziren lehen gauean, kanpin-denda eta lotarako zakua eramanda, Gipuzkoa Plazan bertan lo egiten. Forma aldetik, munduko beste hainbat lekutan ikusi ditugun mugimenduekin antzekotasunak ditu: kanpaldi bat da, Madrilgo M15 bezala; biztanleriaren %99aren interesen alde borrokatzen duela aldarrikatzen du, AEBetako Occupy mugimenduaren antzera; eta, oraindik ildo horretan asko sakondu ez duten arren, harremanak izan ditu sindikatuen bidez borrokan ari diren langileekin, Nuit Debout mugimenduak egin duen eran.

Kanpaldia hasi denetik geroz eta babes zabalagoa jasotzen ari da herritarren aldetik: lehen astea bete baino egun bat lehenago, Donostiako Boulevard osoa bete zuten manifestazio koloretsu batekin. Babes hori ulertzeko elementu batzuk kontuan edukitzea garrantzitsua da: protesta baketsu eta alaia da, bizitza aldarrikatzen du; poliziak mobilizazioak eten nahi dituenean ere, dantzan eta broma giroan erantzuten du asanblada ibiltari honek; asmatzen ari da, halaber, hizkera ahalik eta zabalena erabiltzen, alderdikerietatik harago herritar orok ontzat jotzen dituen eskaerak plazaratzen; pertsona bakoitzak bere burua baino ez du ordezkatzen mugimenduan; eta aurretik inolako harremanik ez zeukaten pertsonak elkarrekin lanean jarri ditu, bizi diren herria, adina edo itxura bigarren mailan utziz.

Aldarrikapen berri honen aurrean deseroso dauden politikariek ez dute asmatu handitzen ari den olatua nola gelditu. Poliziak mugimenduaren kontra bortizkeriaz jo duen bakoitzean, erantzun gisa babes zabalagoa izan du Gipuzkoa Zutikek. Egun askotarako egitaraua prest daukate jada eta horri esker, plaza publikoan problematika ugariren berri emateaz gain –TAFTA hitzarmena, Kurdistango egoera, ekonomia feminista…– etenik gabeko mobilizazioekin jarraitzeko asmoa daukate. Donostian hasi den arren, Gipuzkoa Zutiken bigarren astea bete denerako probintzia osotik hasi dira dinamika honek erakutsitako bidean antolatzen.

Lozorro sozialetik atera dira gipuzkoarrak?