Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Gini indizearen zuloa

Gini indizearen zuloa

2017/07/03
Errenta banaketaren ezberdintasunak neurtzeko orduan, Gini indizea da ezagunetako bat. Gini indizearen ekarpena oso garrantzitsua izan da: hankaz gora jarri ditu ohiko Barne Produktu Gordinaren araberako rankingak. Gini indizeak gizartearen osotasunean dagoen desberdintasuna islatzen du, baina ez digu ezertxo esaten gizartearen baitan gertatzen denaz. Muga horretaz José Gabriel Palma ekonomialari txiletarra ohartu zen XXI. mende hasieran, eta Palma indizea proposatu zuen.

Aiala Elorrieta Agirre, Manu Robles-Arangiz fundazioa, Argia 2017/06/11

 

Errenta banaketaren ezberdintasunak neurtzeko orduan, Gini indizea da ezagunetako bat. Ehun urte beteak dituen koefiziente honek herrialde jakin batean errenta banaketa nolakoa den esaten digu 0 eta 1 bitarteko balioak hartuaz. Berdintasun osoko herrialde batean 0 balioa hartuko luke eta beste muturrean, desberdintasun osoko herrialde batean, 1 balioa. Errealitatean noski, koefizientea tarteko balioen artean mugitzen da eta bereziki baliagarria da konparaketak egiteko. Hau da, erabilgarria da oso herrialdeen arteko desberdintasunak alderatu edota herrialde jakin baten desberdintasun mailak denboran zehar duen joera aztertzeko.

BPGk errenta maila neurtzen duen heinean, herrialdeen batez besteko errenta mailarekin lotuta dago eta horrenbestez, pobrezia mailarekin.

Zentzu horretan, Gini indizearen ekarpena oso garrantzitsua izan da: hankaz gora jarri ditu ohiko Barne Produktu Gordinaren araberako rankingak. BPGk errenta maila neurtzen duen heinean, herrialdeen batez besteko errenta mailarekin lotuta dago eta horrenbestez, pobrezia mailarekin. Desberdintasunak ostera, banaketarekin daude lotuta. Herrialde oso txiroetan desberdintasun handiak egon daitezkeen modu berean, errenta maila handiko herrialdeetan ere desberdintasun handiak ezkuta daitezke; Brasil edota AEBen kasua litzake.

Munduko herrialde guztietan klase ertainak aberastasunaren zati berdintsua bereganatzen du, aberastasunaren erdia alegia. Palmak bere datuekin frogatu zuen ezberdintasunaren muina muturretan dagoela.

Gini indizeak gizartearen osotasunean dagoen desberdintasuna islatzen du, baina ez digu ezertxo esaten gizartearen baitan gertatzen denaz. Muga horretaz José Gabriel Palma ekonomialari txiletarra ohartu zen XXI. mende hasieran. Herrialdez herrialde biztanleriaren muturrekin zer geratzen zen aztertuta, ikerketa sakona egin zuen. Horretan zebilela fenomeno politiko kuriosoaz jabetu zen: munduko herrialde guztietan klase ertainak aberastasunaren zati berdintsua bereganatzen du, aberastasunaren erdia alegia. Bere datuekin frogatu zuen ezberdintasunaren muina muturretan dagoela. Hau da, gakoa aberastasunaren beste erdiaren banaketan dago: gaztaren beste erdia nola banatzen den gizartearen %40 pobreenaren eta %10 aberatsarenaren artean.

Hego Ameriketako herrialdeetan errenta desberdintasun handiagoak daude herrialde nordikoetan baino. Baina bi eskualdeetan klase ertainari dagokion aberastasuna antzerakoa da: klase ertainak gaztaren erdia eramateko gaitasuna errepikatu egiten da herrialdez herrialde. Aldiz, aberatsenen eta txiroenen gaitasunak oso desberdin portatzen dira herrialdez herrialde.

Palmaren emaitzek mahai-gainean jartzen dute desberdintasunak murrizteko politika publikoak %10 aberats horretara zuzentzea ezinbestekoa dela.

Ñabardura hau oso baliagarria zaigu politika publikoak ebaluatzeko bidea ematen duelako. Txileri begira, Palmak argi ikusten du azken hamarkada hauetako ezker-zentroko gobernuen porrota: desberdintasunak murrizteko saiakerak egin dituzten arren, %10 aberatsenak zeukanari tinko eutsi dio. Horrexegatik desberdintasuna oso gutxi murriztu da Txilen eta ezker berriak arrakasta lortu badu gutxieneko soldata eta familia poltsari esker pobrezia murriztu duelako izan da.

Palmaren emaitzek mahai-gainean jartzen dute desberdintasunak murrizteko politika publikoak %10 aberats horretara zuzentzea ezinbestekoa dela: egiturazko zerga erreformatzea, zergen iruzurra sakon ikuskatu eta zigortzea, eta paradisu fiskalekin amaitzea.

Txiletik gurera salto eginez, begira diezaiegun gure erakundeei. Oso trebeak dira biztanleria txiroenaren kalterako murrizketak aplikatzen eta eliteei geroz eta pribilegio gehiago aitortzen. EAEn eta Nafarroan, sozietateen gaineko zergari begiratzea baino ez dago horretarako. Bada, pobreenen kontra aplikatu ordez, murrizketak bidera ditzatela goiko mutur aberatsenak gaztaren zati handiegiaz jabetzeko dituen tresnak gutxitzera.