German Kortabarriaren "No pudimos ser amables. ELA 1976-2006" liburuaren aurkezpena

2016/09/29
no pudimos ser amables.png
Kortabarriaren "Gauzak horrela (ere) izan ziren. ELA 1976-2006" liburua gaztelerara itzulita dago: “No pudimos ser amables. ELA 1976-2006”. Aurkezpena datorren urriaren 4an izango da, goizeko 11:00tan ELAren Bilboko egoitzan.

Liburuaren aurkezpena: urriak 4 goizeko 11:00tan ELAren Bilboko egoitzan. Jatorrizkoa euskaraz argitaratu zen: Gauzak horrela (ere) izan ziren. ELA 1976-2006.

ELAren azken urteetako ibilbideak pertsona bat baino gehiago nahastu du: moderatu eta zentzuzkotzat zuten sindikatua muturrekotzat jotzen diren posizioak izatera pasatu da, Estatutuarekin bat egin zuen erakundeak hautsi egin du trantsizioan ezarritako markoarekin, elkarrizketa sozialaren alde instituzioen bultzatzaile izan zenak elkarrizketaren mahaia abandonatu du kontra-boterearen lubakietara jausi egiteko. Bilakaera honen barne logika da, hain zuzen ere, kontakizunaren ildo gidaria, klandestinitatetik irten ostean igaro diren hogeita hamar urteetan sindikatuaren ibilbidearen kontakizunaren hari nagusia.

Liburuak arreta berezia jartzen dio sindikatuen arteko harremanei -batez ere LABekin ekintza bateratuaren gora-beherak- eta euskal bizitza politikoan sindikatuak izandako parte-hartzeari: alderdi eta gobernuekin harremanak, ETAren eragina, Gernikako ekitaldia, Lizarra-Garazi, Ibarretxe plana, Loiolako prozesua...

Liburuaren egileak, barru barrutik bizi izan ditu jorratzen dituen prozesu hauek eta bere begiradaren partzialtasuna ezkutatu gabe, bere kontakizunaren egiazkotasuna defendatzen du “datu, testu eta testigantzatan” sostengatuz. German Kortabarriaren liburua baitezpadakoa da oraingoa bezain ezezaguna den erakunde baten ibilbidea ulertu eta gure bizitza politikoaren une garrantzitsuen gainean bestelako ikuspegi bat izateko.