Hemen zaude: Hasiera Artikuluak German Kortabarria: “Liburua belaunaldi baten kontu-ematea da”

German Kortabarria: “Liburua belaunaldi baten kontu-ematea da”

2015/10/01
1976. urtean belaunaldi berri batek hartu zuen bere gain ELA sindikatu historikoaren ardura. Gazte horietako bat German Kortabarria Igartua (Oñati, 1949) izan zen. Kortabarriak sindikatuan ardura ezberdinak izan ditu. Berriki 'Gauzak horrela (ere) izan ziren' idatzi du, ELAren ibilbidea kontatzen duen liburua.

Landeia 207Elkarrizketa hau Landeiaren 207. alean argitaratu da

Hamarkadetako klandestinitatearen ostean 1976. urtean ELAren proiektua bere gain hartu zuen belaunaldiko kide zara. Nola oroitzen dituzu urte horiek?

Liburuaren hasieran 60ko hamarraldia eta gure taldearen eta ELA historikoaren arteko batasun prozesua azaltzen dira. ELAk zer izan behar zuen –sindikatu hutsa ala zerbait gehiago– eta nolako ezaugarri ideologiko eta organizatiboak izan behar zituen definitzeko fasea izan zen, 1976ko III. Kongresuan gauzatu zena. Hortik aurrerako lehen urteetan bizi-iraupenak jan zituen ELAren ahalegin asko: zalantzaz beteriko marko berrian eta  sigla sindikal ugarien oihanean lekua egin beharra, aldi berean proiektuaren ezaugarriak galdu gabe eta krisi industrialak eragindako egoera makurrei ahalik eta hobekien erantzuten saiatuz.

Klandestinitatetik zetorren militante multzoak dena eman zuen sindikatuaren biziraupena eta garapena ahalbidetzeko. Askok lan erosoagoak eta hobe ordaindutakoak utzi eta ELAk behar zituen leku eta eginkizunetarako urratsa eman zuten.

Baina, hori esanda, zerbait eraikitzen ari zarenean euforiak indar handia ematen dizu. Hain zuzen, liburua belaunaldi horren oroitzapen eta aldarrikapena da, hein batean.

Denbora gutxian ELAk hazkunde handia izan zuen; III. Kongresuan –1976– 3.000 afiliatu izatetik 1977 urte amaieran 43.490 izatera heldu zen; hauteskundeetan, ere, lehen sindikatua izatera iritsi zen 1980 urterako. Zeintzuk izan ziren horren arrazoiak?

“Euskadin euskal sindikatua” zioten kartelak jarri genituen, oraindik klandestinitatean. Mezu horrek erantzun ona jaso zuen, euskal langile askok horren premia ikusten zutelako, eta ELA historikoaren oihartzunak ere bere eragina izan zuelako.  Horrekin batera erabakigarria izan zen ELAk berehala antolatu zuen egituraren helmena.

Moncloako Itunetan agerian geratu zen UGT eta CCOOn menpekotasuna, alderdi paraleloek behartuta langileen interesen aurkako neurriak onartu baitzituzten. Aldi berean ELAren independentzia nabarmendu zen, askoren harridurarako, tradizionalki EAJren eragin politikoaren eremuan kokatzen zen sindikatuak EAJk  babestutako Itunei ezezko borobila eman zienean

Hazkunde horrek argi uzten du zer edo zer ondo egin zela...

Haztearekin batera, ELAren zuzendaritzak Alfonso Etxeberria burusindikatua organizazio sendoa bihurtzen asmatu zuen, baita ekonomikoki ere. Horregatik eutsi ahal izan zitzaion hasierako boomaren ondorioz lortutako mailari.

Moncloako Itunak, Gernikako Autonomia Estatutua, Nafarroako Amejoramendua, Lan Harremanen Kontseilua, Langileen Estatutua... ELAk instituzionalizazioaren aldeko hautua egin zuen. Nola oroitzen dituzu garaiok?

Moncloako Itunetan agerian geratu zen UGT eta CCOOn menpekotasuna, alderdi paraleloek behartuta langileen interesen aurkako neurriak onartu baitzituzten. Aldi berean ELAren independentzia nabarmendu zen, askoren harridurarako, tradizionalki EAJren eragin politikoaren eremuan kokatzen zen sindikatuak EAJk  babestutako Itunei ezezko borobila eman zienean.

Gernikako Estatutuaren garaian, Langileen Estatutua ere eztabaidatzen ari zen, euskal sindikalismoak izango zuen marko legala zegoen jokoan... Hori zen ELAren ardura nagusia. Gernikako Estatutua zalantza handirik gabe onartu zen, zituen hutsuneen jakitun izan arren. Sinetsita ginen edota sinetsi nahi izan genuen, gehiegizko baikortasunez, bistan denez, hura lehen urratsa zela eta ondoren urrats gehiago etorriko zirela.

German Kortabarria hitzaldia BilboBestalde, nazio proiektua sendotzeko geure egituren garrantzia ikusten zuen ELAk, eta bere arduratzat hartu zuen marko berrian lan harremanei zegokien lekua bermatzea, hori baitzen sindikatuari zegokion eginbehar nagusia nazio egituraketan.

Liburuan hitzez hitz jasotzen denez, 80. hamarkada aurrera joan ahala ELA “Konstituzioak eta Estatutuak osatutako markoen ajeez” konturatu zen.

Ez gara oso erakunde azkarra izan, ez ditugu aldaketak egun batetik bestera egin. Liburuaren hasierako eta amaierako ELAren arteko aldaketak oso apurka eman dira, errealitatearekin kontrastean. Ez dira izan buru-argi batzuen ideia distiratsuak. Estatutuaren eta horrek zekarren markoaren, instituzioen, aliantza tradizionalen edo negoziazio kolektiboaren eredu tradizionalaren alde egin genuen bere garaian, eta horietako apustu bakoitza azkeneraino eramaten saiatu ginen. Baina gauzak uste eta nahi bezala ateratzen ez direnean, posizioa aldatu beharra dago.

90eko hamarkadaren erdialdean, EAJren barne-zatiketaren ondorioz, PSE sartu zen Jaurlaritzan. Lakuaren autogobernu-garra zeharo apaldu zen; aldi berean Estatuak ber-zentralizazio prozesua abiatu zuen. ELA ikusten joan zen euskal instituzioetan garai bateko sua itzaltzen ari zela eta,hamaika ahalegin egin zituen arren, markoaren mugekin egin zuen aurrez-aurre.

ELAk parte-hartze instituzionalerako eratutako mahai eta batzordeei buruz zuen jarrera ere aldatu zuen, ikusten joan baitzen erakundeok ez zutela eraginik langileen aldeko politiketan, eta gobernuak euren politikak zuritzeko erabiltzen zituztela

ELAk parte-hartze instituzionalerako eratutako mahai eta batzordeei buruz zuen jarrera ere aldatu zuen, ikusten joan baitzen erakundeok ez zutela eraginik langileen aldeko politiketan, eta gobernuak euren politikak zuritzeko erabiltzen zituztela. Parte-hartze instituzionalaren eskasiak beste aukera batzuk jorratzera eraman zuen sindikatua, kontra-boterearen eremurako bidea jorratzera, hain zuzen ere.

Negoziazio kolektiboari buruz ere gauza bera. ELAk urte luzez eredu tradizionalaren ildoari jarraitu zion, besteak beste bere esparrua defendatu behar zuelako: negoziazio esparrua bermatzea obsesio bihurtu zen, bestela urik gabeko arrain bihur baitzitekeen sindikatua. Esango nuke hori zela ELArentzat Lan Harremanen Kontseiluaren eginkizun nagusia. Hala ere, 90. hamarkadan argi ikusi zen eskema horrek ez ziola erantzuten lan munduaren errealitate berriari, eta ELA beste negoziazio kolektiborako eredu baten bila hasi zen.

Prozesu horretan zehar ELAk bere ohiko “bidelagunak” utzi eta aliantza berriak landu zituen. Nola izan zen prozesua?

Urteetan UGT eta CCOO izan genituen aliatu. Harremanak ez ziren onak, eredu ezberdinak genituen, baina ez zen beste aliantza aukerarik ikusten, ziurrenik beste aukerarik ez zegoelako. 90. hamarkadan, ELAren zein LABen  eboluzioaren ondorioz, bi sindikatuen arteko elkarlanerako aukera sortu zen. ELAk praktikan jarri zuen printzipio gisa aldarrikatutako abertzaleen arteko elkarlana, gorabehera handiekin izan bazen ere.

Gai nazionala ELAren jardunaren beste ardatzetako bat izan da. Zein balorazio egiten duzu urte horietan zehar bizi izandakoaz?

German Kortabarria hitzaldia Bilbo 21988. urtean zuzendaritzan eman zen aldaketak jarrera aldaketa ekarri zuen: “bere gauzetara” oso emana zegoen erakundeak III. Kongresuan hartutako nazio konpromisoak benetan gauzatzeko erronkari heldu zion. Konpromiso horren barruan ulertu behar da, hein batean, LABekin batera jorratutako ibilbide sindikal eta politikoa, eta gatazka armatuaren konponbiderako elkarrizketa eta negoziazioaren alde hartutako jarrera argia. Ez da ahaztu behar Ezker Abertzalea isolatzera deitzen zuen Ajuria-Eneako Mahaiaren garaia zela eta ELAk, aldiz, elkarrizketaren eta konponbidearen alde egin zuela. Bi sindikatuen arteko harremanak ezbairik gabe erraztu zituen beste harreman batzuk eta, azken batean, baita Lizarra-Garazirako bidea ere.

Gezurra badirudi ere, Lizarra-Garazik ELA eta LABen arteko  harremanaren txartzea ekarri zuela diozu liburuan.

Lizarra-Garaziren garaian kale egin zuten gure bi lan-hipotesik. Lehen hipotesia LABekiko kolaborazioa sakontzearena zen, estrategia konpartitzera iritsi arte: bi organizazio, estrategia bat. Horrek izugarrizko indarra emango lioke euskal sindikalismoari. Gure eztabaidarako gai-proposamenari Mallabian LABek eman zion ezezkoak eta ondorengo azalpen itsusiak –ELAk LAB irentsi nahi zuela azaldu zioten bere jendeari– asko mindu gintuzten, baina balio izan ziguten behingoz geureganatzeko  LABentzat  “mugimendua” izango zela gerora ere ildo estrategikoaren erabakigunea eta guk erabat autonomoa nahi genuen sindikatuen arteko gunea bigarren mailakoa eta, gai askotan, gune nagusiaren osagarria baino ez zela izango.

Lizarra-Garaziren garaian kale egin zuten gure bi lan-hipotesik. Lehen hipotesia LABekiko kolaborazioa sakontzearena zen, estrategia konpartitzera iritsi arte: bi organizazio, estrategia bat. Horrek izugarrizko indarra emango lioke euskal sindikalismoari

ETAk borroka armatuarekin behin-betiko amaitzeko erabakia hartua zuela ere sinetsi genuen,  Lizarra-Garazi aurreko su-etena eman zenean. Bistan da oker geundela.

Lizarra-Garazi ostean –LABekiko harremana oso mugatuta, eta Ezker Abertzale politiko eta sozialaren jokabidea erakunde armatuaren erabakiek, konpartitu ez arren, zeharo baldintzatzen zutela–  ELAk askoz zuhurrago jokatu zuen Ezker Abertzaletik zetozen ekimenen aurrean; ez zen, jada,  Lizarra-Garazirako bidean, une oso gogorretan –ETAk sindikatuko afiliatuak hiltzen zituela– elkarrizketa eta negoziazioaren alde erabat konprometitu zen erakundea; Lizarra-Garaziko su-etenaren amaierak behin-betirako erakutsi zion ELAri euskal auziaren erdian kokatuta zegoen arazo urgenteena, hau da, borroka armatuarena, ETAk bere logika propioari jarraituz ebatziko zuela, besteok esan edo egin genezakeenaren gorabehera; ELA ez zegoen gertu, ordea, adostasunaren izenean eztabaida estrategiko zentrala saihesten zuten ekimenetan inplikatzeko.

Gorabehera politiko askotako urteak...

Bai. Urte horietakoa da Ibarretxeren proposamena ere. ELAk begi onez ikusi zuen formulazioa, bere akats eta mugekin. Baina ez zuen ikusten Ibarretxe proposamena aurrera eramateko behar zituen aliantzak lantzen, bere eginbide politiko neoliberalak proposamenaren kontra zegoen patronalaren alde eta alde izan zitzakeen indar sozialen aurka egiten baitzuen. Bere alderdiaren babesa ere aho txikiarekin emandakoa zelakoan nago, Josu Jon Imazek EBBko lehendakaritza hartu zuenetik Ibarretxe Plana matraka gogaikarria  bihurtu zelakoan zuzendaritzarentzat, albait arinen amaitu zedin nahi zuena.

Ibarretxek aukera bat alperrik galdu zuen. Madrilek eta epaitegiek utzi zioten punturaino bere proposamena aurrera eramaten saiatu zen, baina ez zuen garatu hain anbizio handiko proiektua aurrera ateratzeko ezinbestekoa zen gizarte babesa eta mobilizazioa.