Burujabetzara bidean: Gatazka eta agenda

2018/09/07
HedoiGris.JPG
Zaila egiten da subirautza eta gure eguneroko lan txikia lotzea, baina agian arazoa gurea da eta naturalki lotuta daude biak.

Hedoi EtxarteHedoi Etxarte, Katakrak-eko kidea (testu hau "Ekonomia Sozial Eraldatzailea eta burujabetza(k)" mintegian emandako hitzaldiaren laburpena da)

Subirautza nondik eraiki

Intuitiboki eta egunerokotik, kooperatiba bat muntatzea, lan mundua artikulatu nahi izatea, bada subirautza ariketa bat. Oso ariketa zaila da, zeren gu jaio gara eta ikasi dugu sistema jakin batean, eta sistema horretan ulertu dugu lana mundu produktibo huts gisa, ez dugu pentsatu lan munduaren alor erreproduktiboan, adibidez. Segitzen dugu pentsatzen jendeak jarraitzen duela langile eta nagusiaren eskeman. Baina langileen kooperatiba batean, gurean esaterako ez daukagu bazkide kapitalistarik, gertatu daiteke hilabete bukaera iristea eta ez dirurik izatea soldatak ordaintzeko. Hor, pertsona batzuek aktibatzen duten mekanismoa da nagusiak egongo balira bezala jokatzea: kobratu nahi dut. Baina jarrera hori ez da nahikoa langileen kooperatiba batean, kooperatibak aurrera egingo du baldin eta bazkide gehienek «nola egiten dugu makina honek funtziona dezan» mentalitatea baldin badute. Bestela, kooperatibak bihur daitezke miseria banatzeko tresna batean, batez ere egun bizi garena bezalako eskasia ziklo batean gaudenean.

Niri bururatzen zaidan subirautza ariketa bat, boteretzearen zentzuan, kooperatibak egitea da

Gure baitan alerta asko edukitzea garrantzitsua da. Alerta bat produkzioari lotua egon behar da: ofizioari garrantzia eman behar dio, gauzak ongi egiteari, lankideekiko kidetasunari... Baina jarrera erreproduktiboa ere behar da, enpresariek ez dutena, ze enpresariak etekinak besterik ez ditu bilatzen, etekina berarentzat besteen kaltetan. Eta behar da ere jarrera klasiko bat, hau guztia egin ondoren galdetuko duena zer baldintza material objektibo dauzkan bertan lanean ari denak. Alegia: zenbat ordu lan egiten zen gure proiektuan duela 6 urte, duela 4 eta gaur egun. Ala, zenbat baliabide dauzkagun amatasun eta aitatasun aldiak luzatzeko, eta abar.

Tresnak

Niri bururatzen zaidan subirautza ariketa bat, boteretzearen zentzuan, kooperatibak egitea da. Zertan da interesgarria? Zer ekarpen egin dezake? Argitaletxe bat muntatzeak, adibidez? Ez bagina kooperatiba izango ezingo genuke argitaletxe bat muntatu guk egin dugun bezala, argitaletxe baten ziklo ekonomikoa oso luzea baita.

Bigarren tresna sindikatuak dira eta hedaduraz mugimendu sozialak. Sindikatuek ekarpen handi bat egiten diote subirautzari eta boteretzeari: indibidualismoaren kontra borrokatzen dute. Oso garrantzitsua da. Nafarroan populazioaren laurdena bakarrik bizi da. Ez da berdina bakarrik bizitzea eta bi hilean behin Alda aldizkaria jasotzea ala ez jasotzea.

Sindikatuek ekarpen handi bat egiten diote subirautzari eta boteretzeari: indibidualismoaren kontra borrokatzen dute

Ivan Gimenezek Landeiatik Aldara pasatzeko aldaketak azaldu zizkidanean nik esan nion nik jakin nahi dudala aldizkaria irakurri aurretik ezagutzen ez dudan enpresa horretan zergatik ari diren borrokan. Ze uste dut hori ekarpen neurtezin bat dela. Halako enpresa batean ez dakit zeren alde ari dira borrokan... gaur egun sufritzen ari garen informazio uholdearen aurrean, hori arma bat da, borroka sindikalen inguruko informazioa subirautza ariketa etengabe bat da. Ze aldizkari hori irakurriko duenak edukiko du lehengusina bat, lagun bat, antzeko sektore batean, eta galde diezaioke eta zuek nola zaudete? Beraz informazio aldetik, diziplina aldetik, zentzu onean eta indibidualismoaren kontra sindikatuak tresna bat dira. Horregatik daude alderdi politiko batzuen begi puntuan behin eta berriro. Sindikatuek miseria material zuzena, identifikagarria, eraldatzeko aukera dutelako.

Ezin dugu sinetsi kupoaren afera autogobernuarena bulego batean lortuko dela

Nabarmenduko nukeen hirugarren tresna da hezkuntza. Hezkuntzak badauka mundua eraldatzeko ala mundua dagoen modu basatian uzteko gaitasuna. Hezkuntzak ematen dizkigu sloganak, teoria, abagunea irakurtzeko moduak, hizkuntza bat, gogoetarako tresnak. Hezkuntza arautua amaitzean jendeak hezkuntzarekin jarraitzen du, egunkaria irakurriz, irakurle taldeetara joanez, zenbait publikazioetako harpide izanez... hezkuntza eta jakintzarako pasio kolektiboa tresna funtsezko bat da.
Laugarren puntua da estatuekin eta administrazioarekin zerikusia duena. Zer egin estatuarekin? Nola baliatu estatuak kapitalaren basakeria hori gelditzeko eta aberastasuna banatzeko? Zentzu horretan esan ohi da politikoak eta sindikatuak errepikapen batean bizi direla (kanpainak, hauteskundeak, betetzen ez diren programak). Baina ziklo horren problema ez da errepikapena bera, baizik eta errepikapenean ez dugula gaitasunik merkatuak jartzen dizkigun mugak identifikatzeko. Hezkuntza edo gaurkoa bezalako mintegiak egitea bada modu bat arrakalak sortzeko, epe ertainak irakurtzen ahalegintzeko. Hori behar dugu nabarmen: zikloak identifikatzea gainditu ahal izateko.

Helburuak

Asko gustatzen zait Maria Pazosek Contra el patriarcado (Katakrak 2018) liburuan dioena: mugimendu sozialak asko egoten dira kexan. Baina behar duguna da erreibindikazioak eta agenda bat. Sindikalismo klasikoak bere agendan izan zuen bezala 40 orduko lan astea. Edo fiskalitatean: duela bi hauteskunde Frantzian Melenchon hasi zen esaten «diru sarrera batetik aurrera guztia hartuko dugu errenta aitorpenean». Esloganak fetitxe bezala ulertzen dira, baina zer arazo dago? 35 orduko lan astea oso ongi ulertzen da. Eta ulertzen denez gauza gehiago esplika daitezke. Bestela, adibidez, pentsa dezakegu EAEn ongizate estatu batean bizi garela, hau Alemania dela, berez paradisu fiskal bat denean, laguntza sozial batzuekin.

Suedian duela 40 urtetik dituzten neurri batzuk aipatuko ditut:
- Etxe berean bizita, erabaki zuten norbanako bezala tributatzea. Elkarrekin tributatzeari uztea.
- Amatasun baimena desagertzea. Baimen berdinak gizon eta emakumeentzat, eta transferibleak ez izatea.
- Hezkuntza sistema publikoa zero urtetatik, unibertsala.
- Menpekotasuna duten pertsonentzako zerbitzu publikoa.
- Senideei ematen zaizkien laguntza ekonomikoak kentzea (prekarizatzeko eta emakumeak lan egonkorretatik aldentzeko modua baita).

Hauek bezalako neurriak proposatzen ditu Pazosek liburuan.

Beste gai batzuk ere har ditzakegu. Afera ez delako jada «AHT ez» esatea, esan beharko dugu zer garraio publiko nahi dugun, ze bestela ikusten duzue, Nafarroa erabat desartikulatutako lurralde bat da. Ez dakit 78tik aurrera erabaki kontziente ala inkontziente bat izan den, gobernu berriarekin aldatu ez dena, baina Nafarroako hainbat tokitan bizi bazara bigarren mailako nafarra zara. Zuk badituzu tokiak Nafarroan, zure etxea sutan jartzen bada, suhiltzaileei ia ordu bat kostatzen zaiena iristen. Eta ez dugu hitz egingo osasungintzaz... ulertzen dut ezin dela egon campus bat zortzi tokitan Nafarroan, baina osasunari eta suhiltzaileei dagokienean bestela antola daitezke gauzak. Euskara bezalako altxorra. Aberastasun hori ez da banatu nahi ala ez da aberastasun gisa ikusten? Katalunian oso bestela funtzionatu du helduen hizkuntza ikasketak: doan izan da.

Ezin dugu sinetsi kupoaren afera autogobernuarena bulego batean lortuko dela. Historialariek kontatzen digute 70eko hamarkadan Euskal Herria zela estatuari erabat eskapatzen zitzaion leku bat, erakunde mordo bat ari zirelako mila gauza egiten, fabrikaz fabrika, eskolak sortuz, eskolak okupatuz, emakumearen gorputzaz arduratzen ziren zentroak zabalduz, nuklearren kontrako mugimenduak sortuz... testuinguru horretan pentsatzea subirautza dela bulego batean dauden lau pertsonek lortzen duten zerbait... tira... agian hori izan daiteke historia liburu erreakzionarioek jasoko dutena, baina gertatu zena askoz konplexuagoa izan zen, askoz populatuagoa, intentsitate askoz handiagokoa. Lurralde batean bizi den jendea soberanoa izateko, jendeak ongizatea eta ekitatea izateko, ezinbestekoak dira gatazka eta agenda.