Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Lan merkatuaren egoera Euskal Herrian. Gaindegiak egindako txostena.

Lan merkatuaren egoera Euskal Herrian. Gaindegiak egindako txostena.

2014/07/09
Txosten honek 2013 urteko Euskal Herriko egungo lan merkatuaren egoera ikertzen du. Datu sorta zabala eskaintzearekin batera, aditu akademikoen (Aitor Bengoetxea jurista eta Mari Luz de la Cal ekonomialaria) nahiz gure herriko harreman sozioekonomikoen esparruan erreferente diren zenbait entitateren gogoetak bildu ditu Gaindegiak: CCOO, UGT, LAB, ELA, Adegi eta Ikuspegi.

Gaindegia, txosten osoa irakurtzeko klikatu hemen

Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak Euskal Herriko lan merkatuaren egoera aztertzen duen txostena argitaratu berri du. Bertan, gure lan merkatua zertan den ulertzen laguntzen duen adierazle sorta zabala eskaintzen da -horietako batzuk lehen aldiz kalkulatuak Euskal Herri osorako-. Horretaz gain,  aditu akademikoen (Aitor Bengoetxea jurista eta Mari Luz de la Cal ekonomialaria) nahiz gure herriko harreman sozioekonomikoen esparruan erreferente diren zenbait entitateren gogoetak ere bildu ditu txostenak: CCOO, UGT, LAB, ELA Adegi eta Ikuspegi. ELAko kideen artean ditugu Mikel Noval eta Janire Landaluzek egindako ekarpenak.

Gaindegiak argitaratu duten prentsa oharrean, bi ondorio orokor azpimarratzen dira:

1) EHko adierazleen bilakaera mediterraneoko herrialdeetakoen parekoa da, alegia, prekarietatea nagusi duten lan merkatutakoen antzekoa; aldiz, gure BPGari eta langileko produktibitateari begiratzen badiegu, Europako herrialde garatuenen artean gaude.

2) EHn bi lan merkatu eredu daude: Ipar Euskal Herrikoak, berezko arazoak baditu ere, enpleguari eusten dio eta azken urteotan bilakaera orekatuagoa izan du; Hego Euskal Herrikoa, ordea, enplegu galera geldituko duten premiazko mekanismoen beharrean da, belaunaldi ordezkapena sustatzeko eta sistema produktibo berria eta lan harreman propioak garatzeko balio duten mekanismoak.

Gaindegiaren txostenean, etorkizunera begira nabarmendu dituzte urratsetako batzuk ekarri nahi dizkizuegu:

  • Ekonomia adimenari lotutako jarduerak ezinbestekoak dira ehun produktiboaren egoera ezagutu eta haren garapenean laguntzeko. Ez da onargarria enpresak itxi behar izatea, egoera horretara iritsi baino askoz ere lehenago bere lehiakortasunean eskuhartze positiborako ahaleginik egin izan gabe. Frantziakoaren moduko estatu politikek erakusten digute baliabide hori zer garrantzitsua den.

  • Funtsezkoa da enplegu berrien sorrera sustatzea, sektore tradizionaletan (manufaktura,...) zein loraldian daudenetan (energia berriztagarriak, hondakinen tratamendua, laugarren sektorea...). Era berean, biztanleriaren zahartze handiak zerbitzu berrien beharra dakar (horietako batzuk aztertzeke daude oraindik), baina ezinbestekoa da Euskal Herriko ekonomiaren izaera industriala mantentzea.

  • Hil ala bizikoa da nazioartean lehiakortasunari eustea. Baina halako ongizate maila handia duen gizarte batek ezin du lehiakortasuna eskulana merkatuta lortuko duela pentsatu, beti izango baitira kostu txikiagoak izango dituzten herrialdeak (Asiako merkatuak, esaterako). Lehiakortasuna handitu behar da, ekoizpen prozesuetan balio erantsia indartuz. Horixe da dagoeneko krisitik irteten ari diren zenbait erregioren (horietako batzuk Euskal Herriaren antzekoak dira) apustua.

  • Horretarako kalitatezko enplegua sortzea beharrezkoa da [...]  Kalitatezko enpleguarekin, beraz, gizarte kohesio handiagoa lortuko da.

  • Produkzio prozesuek eskatzen duten malgutasuna ezin da bere horretan aplikatu. Errealitate horrekiko ardura soziala duten gizarte babeserako sistemek eta enplegurako politika aktiboek lagunduta etorri behar du.

  • Era berean, beharrezkoa da kreditua ETEtara eta ekintzaileengana iristea. Finantza erakundeek herri konpromisoa izan behar dute ekonomia errealaren finantzazioari dagokionez, horren gainean oinarrituko baita gizarte ongizatea

  • Komenigarria litzateke enpresa eta ekintzaileen arteko elkarlanerako espazio berriak sortzea, ekimen berriak ahalbidetzeko [...]

  • Belaunaldi berriak lan merkatuan integratu behar dira, bestela, arriskua dago giza kapital horrek ihes egiteko, belaunaldiz belaunaldi Iparralden gertatu izan den bezala. Ezin dira lan merkatu malgu baten testuinguruan erabili eta botatzeko eskulan prekarioa izatera kondenatu. Ez da lehiakortasun optimorik lortuko haien ezagumendua alferrik galtzen bada.

  • Genero berdintasunaren alde aurrera egin beharra dago lanaren alorrean. Zenbait jarduera adarren feminizazioa eten, eta mekanismo instituzionalak artikulatu, familia ardurak emakumeen gainean hainbeste kargatu ez daitezen. Emakumeen formakuntza maila oso handia da belaunaldi gazteen artean, eta beharrezkoa du lan merkatuaren aintzatespena, haien ahalmenarekin bat egiten duen enplegagarritasunaren bitartez.

    [...]