Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Gai Monografikoak 49: Euskal Herriko zerga sistema

Gai Monografikoak 49: Euskal Herriko zerga sistema

2015/09/14
Hemen duzue zerga sistemaren gaian sakontzeko ekainean UNED-Bergararekin batera antolatu genuen mintegiko ideia nagusiak laburbiltzen dituen Gai Monografikoa. Bertan topatuko dituzu Ignacio Zubiri, Lourdes Serna, Mercedes Vallejo, Mikel Aranburu, Maria Pazos, Mikel Noval eta Adolfo Muñoz “Txiki”-ren esanak Euskal Herriko zerga sistema bereziaz, iruzurraz, zerga paradisuez, gizarte ereduaz eta eraldaketa sozialerako behar dugu zerga erreformaz.

Gai Monografikoak 49: Euskal Herriko zerga sistemaDeskargatu Gai Monografikoak 49

Lotura interesgarriak:

Fiskalitatea modu errezean azalduta

2013.ko Euskal Herriko fiskalitateari buruzko txostena

Zerga iruzurra? IBEXeko enpresen %94ak paradisu fiskaletan dihardu

Aiala Elorrietaren artikulua: Zerga Matraka

Zergara gu

Zergatik zergara alde handia dago. Zergek zer garen zertzen dute. Zergatik? Zer o no zer, garenetik izan nahi dugunera jauzia egiteko ezinbestekoa delako herriak aukeratutako administrazioek kualitatiboki eta kalitatiboki baliabide gehiago biltzea. Kalitatezko politika egiteko: fiskalitatea.

Politiketan ez da aldaketarik etorriko zerga-politikan erreforma sakonik egin gabe. Beraz, sakon aztertu beharko dugu erreren forma. R: buru bat gainean eta bi hanka azpian. Hankak kenduz burua besterik ez zaigu gelditzen: D. Eta orduan erreforma ordez zergen deforma dator. Horrekin ez dago politika aldaketarik.

Kalitatezko zerbitzu publikoa eta prestazio sozial egokiak izateko, krisiaren aitzakian inposatzen ari zizkigun murrizketekin amaitzeko, aberastasuna hobeto banatzeko, desberdintasunak apaltzeko, justizia sozialean aurrera egiteko... zerga sistemak duen garrantzia azpimarratzen da

Zeintzuk dira, baina, bi hanka horiek? Bide instituzionala eta soziala. Aldaketa egiteko presio sozialik gabe, jendea erretzeaz gain, erreak hanka bat galduko luke: P. Orduan ez genuke zerga erreforma izango baizik eta, barka erderakada, una P. reforma.

Erreforma P. horren ordez aldaketa soziala ekarriko duen zerga erreforma lortze aldera, zerga sistemaren gaian sakontzeko antolatu genuen aurtengo UNED ikastaro edo Mintegia.

Gai Monografiko honetan mintegi hartako ideia nagusiak laburbiltzen saiatu gara. Ignacio Zubiri, Lourdes Serna, Mercedes Vallejo, Mikel Aranburu, Maria Pazos, Mikel Noval eta Adolfo Muñoz “Txiki”-ren hitzaldiak jaso ditugu hiru ataletan banatuta.

Hasteko, Hego Euskal Herriko zerga sistema azaltzen dugu: Estatutua, Kontzertu eta Itun Ekonomikoak, Lurralde Historikoen Legea, Legebiltzarren eta Biltzar Nagusien eskumenak... Azken finean zerga arloan zer non erabakitzen den argitzea da asmoa, daukagun autonomia mailaren mugak ezagutzea, EAEko deszentralizazio eredu bitxiaz ohartzea...

Zer gara gu? Nor gara gu? Erantzuna, hein handi batean, lortzen dugun zerga-erreformak emango du.

Jarraitzeko, zerga sistemak nahi dugun gizarte ereduarekin duen lotura lantzen da. Kalitatezko zerbitzu publikoa eta prestazio sozial egokiak izateko, krisiaren aitzakian inposatzen ari zizkigun murrizketekin amaitzeko, aberastasuna hobeto banatzeko, desberdintasunak apaltzeko, justizia sozialean aurrera egiteko... zerga sistemak duen garrantzia azpimarratzen da. Arreta berezia jartzen da zerga sisteman gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak areagotzen dituzten tranpetan; emakumea etxean, zaintza lanetan, gelditzeko oharkabean pasatzen zaizkigun neurriak agerian uzten dizkigu Maria Pazosek.

Era berean, iruzurraren eta zerga paradisuen zirrikituetan murgiltzen gara, beraien kontrako borrokaren beharraz eta zailtasunaz jabetzeko, eragiten duten bidegabekeria ikaragarria azaleratuz.

Diru sarrerakAmaitzeko, proposamenak dakartzagu, nola ez, kontrakoa sinetsarazi nahi diguten arren, alternatibak badaudelako. Nahi dugun aldaketa sozialerako egin beharreko zerga erreformaren neurri posibleak ale-tzen dira, horiek eskatzen dizkiguten lan edo betebeharrei izkin egin gabe.

Egun daukagun zerga sistema elite ekonomikoaren aldekoa da eta gizartearen kontrakoa. Kapitalak ez du aldatu nahi, edo aldatzekotan azken urteotako norabide berean sakontzen jarraitu nahi du. Gogor borrokatu beharko dugu gure aldeko erreforma sakon bat lortu ahal izateko.

Trebakuntza, pedagogia, komunikazioa, kontzientziazioa eta mobilizazioa. Lan ikaragarria dugu egiteko, eta Gai Monografiko honek bide horretan lagungarri izan nahi du.

Zer gara gu? Nor gara gu? Erantzuna, hein handi batean, lortzen dugun zerga-erreformak emango du.